Andoni Urbistondo
.
Gidari eta asto eramaileak, mendizaleekin, Carhuac edo Ganajanca lepora bidean, 4.630 metrora.

Huayhuash trekkinga: hamar egun mundutik aparte

Peruko Andeetan dago Huayhuash mendikatea. Txikia tamainaz, baina handia neurrian. Han dago Peruko hirugarren mendirik garaiena, Yerupaja, eta haren bueltan aintzira ederrak, erpin zorrotzak, glaziar itzelak eta belaze aberatsak. Trekkingak 120 km ditu. Hamar egunean egiten da.

Izenak berak du indarra: Huayhuash, kitxua hizkuntzan “erbinudea”. Andeek Peru erdibitzen dute: mendebaldera kostaldea dago, eta, ekialdera, goi lautada eta Amazonia oihana. Batetik bestera pasatzeko Andeak zeharkatu behar dira derrigor, mendi lepoetatik. Conococha, 4.100 metroko lepoa pasa ondoren dago Huaraz, Ancash eskualdeko hiriburua. Mendikate Zuriaren bihotza da Huaraz (3.100 metro).

Edozein txokotatik Huascaran ezaguna ikusten da, Peruko mendi garaiena (6.755 metro). Huayhuash 100 kilometro hegora dago, eta ez da Mendikate Zuriko mendigunea. Bai, ordea, Amazoniatik gertuen dagoen mendigune tropikal garaiena. 30 kilometro bakarrik da luze, eta 10 zabal, baina tarte horretan sei mila metrotik pasatzen diren sei gailur ikusgarri ditu. 5.500 metroko langa pasatzen dutenak ere hogei tontor pasa dira.

Haiek guztiak inguratzen ditu Huayhuash trekkingak. 120 bat kilometro ditu. Zortzi-hamar egunean egin daiteke, gaitasunaren arabera. Trekking gogorra da, zentzu askotan. 4.100 metrora hasten da, eta zeharkaldi osoan gau bakarrean egiten da lo 4.000 metrotik behera. Egunero 4.700 metroko langa gainditzen duen leporen bat igo behar da, eta, bete beharreko distantzia, 10 eta 14 kilometro artean eguneko. Eguraldia ere aintzat hartzeko moduko faktorea da.

Uztaila, abuztua eta iraila dira hilabete aproposenak hara bertaratzeko, han aro lehorra delako. Urritik abendura giroa aldatzen hasten da, eta urtarriletik apirilera euri garaia izaten da. Huayhuash Amazonia oihanetik 100 kilometro eskasera dago, eta bertako hezetasunak dena baldintzatzen du. Urrian, gutxi-asko, euria egunero egin du. Euria edo elurra. Tropikotik hain gertu egonda, klima ez da hotza. Ez behintzat Euskal Herri inguruko mendietan dugunarekin alderatuta. Betiereko elurrak 5.000 metrotik gora erretiratu dira azken hamarkadotan, baina erauntsi uneetan ohikoa da elurra 4.500 metroraino jaistea.

Lehen eguna orotariko autoan egiten da, Matacancha izeneko parajeraino, 4.100 metrora. Huarazen altuerara ohitzen egun pare bat egitea komeni, inguruan irteera pare bat eginda. Laguna 69 aproposenetakoa, 4.600 metroraino igotzen baita martxa lasaian. Matacanchatik Rondoy mendia ikusten da elegante, 5.879 metroko elur eta harkaitz mole ikaragarria. Begiratzen duzun tokitik begiratuta ere, igotzen ezinezkoa. Gauarekin batera erauntsi ikaragarria lehertu zen, dendak airean eramateko beldurra oso presente, eta trekkinga erraza izango ez zen sentsazioa ibiltariontzat.

Huayhuash trekkingak baditu aintzat hartzeko moduko xehetasun garrantzitsu batzuk. Ez dago Internet sarerik. Hamar egun ematen dituzu mundutik aparte, eta hori egungo mundu aurreratuan nobedadea da. Mendian gozatu eta sufritzeaz gain, denoi gustatzen zaigulako egunaren bukaeran mezuak edo argazkiak bidaltzea, etxeko berri izatea. Deserosoak diren beste egoera batzuk ere baditu: ez dago ez ostaturik, ez dutxa berorik, ez eta goxoki edo freskagarririk erosteko aukerarik ere, herririk ez dagoelako.

Zuetako asko Nepalen ibiliak izango zarete, trekking bat edo beste egiten. Han Internet sarea dago, herri txiki eta denda asko bidean, eta gauero ostatu bateko ohe goxo batean egiten da lo, dutxatzeko aukerarekin. Afaria ere tximinia baten berotasunaren epelean egiten da. Huayhuash trekkingean errekako ur hotzarekin garbitu behar duzu zure burua, eta kanpin denda eta zopa bero baten babesean afaldu, azkar lo zakuan sartzeko.

Darwin Mampis izan da gure gidaria. Berarekin Hilario sukaldaria eta Tito astoen gidaria ere aritu dira lanean. Jende umila da, ona, langilea. Sarri arazo larriei aurre egin behar izaten diete, eskarmentu gutxiko jendea bertaratzen baita trekkinga egitera, eta larrialdi uneetarako ihesbideak eskasak baitira Huayhuashen. Gidariak 30-40 dolarreko soldata jasotzen du eguneko, sukaldariak eta asto gidariak gutxixeago.

Gure kasuan, jana bikaina izan da. Sukaldari aparta da Hilario, eta oso langilea Tito asto gidaria. Trapecio Adventure agentziako nagusia da Darwin (www.trapecioadventure.com). 600 dolar balio ditu Huayhuash trekkingak, eta salneurri horretan dena sartzen da: garraioa, jana, dendak, astoak, gidariaren zaintza… 60 dolar eguneko. Onartzeko moduko salneurria.

Egunero mendi lepo garai bat

Tropikotik gertu dago Huayhuash mendikatea. Han arratseko seitan iluntzen du, eta goizeko seitan argitu. Jaiki, motxila txikian egunerako behar dituzun gauzak prestatu, eta motxila handia astoek eramateko egina uztea da eguneko lehen zeregina. Gosarian eguneko martxa azaltzen du gidariak. Zenbat kilometro, ze altuera, non egingo dugun hamaiketakoa, noiz bukatu… 10 eta 14 kilometro artean egiten dira eguneko, bospasei ordu batez beste. Egunero pasatzen da mendi lepo garai bat, bost mila metrotik gertu. Norberak bere martxa eramaten du, aklimatazioaren misterioek argitu gabe segitzen baitute gure mundu modernoan. Sasoi puntu ona lagungarria da, baina garrantzitsuena altuerara egokitzea da.

Eskarmentuak, urteetan altueran ibili izanak esaten dizu bide onean zoazen edo ez. Aholku bat. Zailtasunak sumatzen badituzu, buruko mina, muga fisikoa, botikak hartu. Bigarren edo hirugarren egunean hobekuntzarik sumatzen ez baduzu, jaitsi eta trekkinga utzi. Zure bizitza arriskuan egon liteke. Gurekin etorri zen AEBetako gazte bati pasa zitzaion. Mendi garaietan ibiltzeko ohiturarik ez, apetitua galdu, jan ez, ibili ezin, edema arriskua, eta trekkinga utzi behar izan zuen presaka, mando gainean.

Huayhuash mendikateak bigarren egunean oparitu zigun trekkingeko argazkia, Carhuacocha aintzirako ikuspegia hango tontor ezagunenetara: Yerupaja Grande eta Yerupaja Chico, Sioula Grande eta Jirishanca. Mendi puska handiak, konkista ezinak eta glaziar anabasa batek inguratuta. Yerupaja da garaiena, 6.634 metrorekin, baina munduaren begietara ezagunagoa da Sioula Grande (6.344 metro); Joe Simpson eta Simon Yates eskalatzaile ingelesek 1985ean bertan bizi izan zuten pasadizo ikaragarria “Touching the void” (Amildegia ukitzen) pelikulan ikus daiteke.

Egunak joan, egunak etorri, joera bera errepikatuko da gure egunerokoan: zeru garbiak eta paisaia itzelak eguzkia irten aurreko uneetan, eta gero lainoa, euria, eta akabo argazki ikusgarriak. Huayhuashek bere edertasuna tantaka erakutsi, oparitu nahiko baligu bezala. Carhuacochatik gora hiru aintzira ezagun daude, Gangrajanca, Sioula eta Quisillococha. Sioula lepora bidean dagoen behatoki batetik hirurak ikusten dira, eta, gidariak dioenez, argazki hori bilakatu da Huayhuasheko ispilu. Batez ere gure gainetik, edo bi mila metro gorago, Carnicero, Sioula eta Yerupaja mendiak azalduko direlako harro-harro.

Sioula lepoan elurra izan genuen, baina bide ia guztia belar goxo gainean egiten da. Azienda ugari dago bidean, eta han ume piloa, goxoki eske. Gidariak eramandako poltsatxoak airean eraman zituzten Jennifer, Daniela, Neymar eta lagunek. Llamak, behiak, ardiak, denetarik dago, bazka aberatsa baita.

Huayhuash ez da parke nazionala. Bertako komunitateetako kideek kudeatzen dute, eta etapa hasiera guztietan sarrera kobratzera agertzen dira (20 eta 50 sol artean pertsonako). Trukean komunak atontzen dituzte bisitarientzat. Bildutako dirua komunitateko kideen artean banatzen dute, baina, gidariak dioenez, banaketa horretan ba omen da azpijokorik.

Ur termal goxoak

Bosgarren egunean Uramasa izeneko ur termaletan bukatzen da etapa, 4.300 metrora. Bitxia izena, euskararekin zerikusirik ba ote du? Huayhuasheko trekking zaleek gehien estimatzen duten geltokia da. Eskertzekoa baita ur berotan lasai-lasai murgiltzea, aspaldiko partez. Gorputza pilatzen doan zigorra eta zolda arintzeko botika onena da, zer esanik ez biharamunean trekking guztiko lepo garaiena pasa behar bada: Cuyoc, altimetroaren arabera 5.097 metro. Egunez egun ikusten diren mendi zoragarri askorekin begiak ohitu egiten dira, baina Cuyoc mendia izango da ikusitako guztien artean berezienetakoa (5.550 metro).

Zazpigarren egunean mirari antzeko bat gertatu zen. Huayllapa herrira iristen da trekkinga, 3.600 metrora. Landaredia erabat aldatzen da, eta basamortuetan ohikoagoak diren kaktus loreak ere ikusten dira. Huayllapa herrixkan freskagarriak daude, garagardoak, eta Hilario sukaldariaren senideak. Eta haiek wifia. Eta gu zoratzen eta sakelakoa sutan.

Gorputza jakintsua da, eta altuera galdu izanak indartu egiten du trekking zalearen kemena, ziur aski egunik gogorrenaren bezperan: 1.200 metroko igoera, Tapush leporaino (4.770 metro). Zortzigarren gaua 4.500 metro pasara egiten da, eta etenik gabeko elur erauntsipean oso nekeza suertatu zen. Egunsentian argitu zuen, eta lirain agertu zitzaigun begi aurrean Diablo Mudo, igo nahi genuen mendia (5.400 metro). Elur berriak, baina, erabat ezinezko egin zuen saiakera hutsa.

Paso Yaucha tontorrera igotzearekin nahiko, bidea zuri-zuri baitzegoen (4.800 metro). Gainetik gertu, Huayhuasheko sei milako gehienak aurrez aurre berriro, lainoek aukera ematen zutenean. Egun hori Jahuacocha aintziran bukatzen da, 4.000 metrora, ingurune ederra bere errekatxo eta mendi handiekin, trekking bat bukatzeko modu aproposa: lasai-lasai etzan eta egon. Biharamunean lauzpabost orduko bidea dugu, Llamac herrira arte, eta han kito. Zibilizazioa, berriro. Eta eltxoak, jendea, Internet, jatetxeak, dutxa bero bat. Errepidetik, beti presente, Yerupaja eta senideak, hurrena arte esan nahiko balute bezala.