Ura ITURRALDE (Argazkiak: U.I. eta Getty)
gara-2022-05-24-Reportaje

Berat eta Gjirokastër, Albaniako harribitxiak

Kostalde ederragatik, mendi garaiengatik, barnealdeko herri txikien xarmagatik… Gero eta atzerritar gehiago bertaratzen dira. Atsegina eta merkea izanik, Grezia bizilagunaren erreleboa hartu nahi du. Eta, seguru asko, Berat eta Gjirokaster harribitxiek badute zerikusirik.

Berat eta Gjirokastër. Albaniako harribitxiak. Atseginak biak. Abegikorrak. Lasaiak eta erakargarriak. Historiaz blai. Interesgarriak. Gizateriaren Ondare ere bai. Gu ere han izan gara, jakin-minez. Lehenbizi, Beraten, eta, ondoren, Gjirokastër-en. Berat nahitaezko geldialdia da Albaniara iristen diren bisitarientzat.

“Mila leihoen herri” izenez ezaguna da komunismo garaitik. Oraindik ere otomandar arkitektura sumatuko du alde zaharreko etxe eta kale artean galtzen den bisitariak eta herriaren iragan aberatsean barneratuko da, kasik konturatu gabe. Izan ere, turkiarrek bostehun urtez okupatu zuten Berat. Eta, egun, gune historikoa osatzen duten eraikinak hiru auzo nagusitan banatuta daude, mendian itsatsitako eskailerak balira bezala: Gorica, Mangalem eta Kala.

Gorica

Osum ibaiaren eskuineko aldean, Mangalem auzoaren isla balitz bezala, Gorica auzo ortodoxoa dago. Jatetxe eta ostatu ugari topatzeaz gain, XIX. mendean eraikitako San Teodori eliza bisitatzeko aukera izango dugu. Interesgarriena, ordea, bertakoak nola bizi diren ikustea da, haiek beti baitaude prest euren etxeak parez pare ireki eta gerturatzen diren turistekin hizketaldi luze eta lasaia izateko, nahiz eta elkar ulertu ezin.

Parean dagoen Magalem auzora hurbildu nahi duenak Osum ibaia zeharkatu beharko du, horretarako zubi berria erabiliz. Egia esan, egunez zubia ez da polita, baina gauez, aldiz, ederra dirudi, beti urdin koloreko argiekin apainduta.

Magalem

Magalem Berateko auzo musulmana da. Gorica baino zertxobait handiagoa da eta hiru meskita ditu kale aldapatsu eta estuen artean ezkutatuta. Horietariko bat Sultanaren Meskita da, Albaniako zaharrenetakoa, XVI. mendean eraikitakoa. Dena dela, hiriko meskitarik garrantzitsuena “Berunezko meskita” da, auzoaren behealdean, errepidean, dagoena. Kupulek berunezko estaldurak dituztelako esaten diote horrela. Ibaiaren alde honetan ere nonahi aurki daitezke jatetxe, taberna eta hotelak.

Kala (Gaztelua)

Magalem auzoaren goialdean, Kala izeneko hirugarren gune historikoan, alegia, Berateko gaztelua dago. Izugarrizko malda igo behar bada ere, bisitatzea benetan merezi du. Bi bide daude gotorlekura iristeko. Lehenengoa Magalem auzoko kale txiki batetik abiatzen da eta bigarrena, berriz, errepide nagusitik. Bien artean, alabaina, desberdintasun bat dago: lehen aukera hautatzen dutenek ez dute ordaindu beharko gaztelura sartzeko; bigarren bidetik joaten direnek, aldiz, ordaindu egin beharko dute, ibilbidea sarbide nagusiaren parean amaitzen baita.

Erromatarren garaian erdi suntsitua izan zen arren, gaztelua behin eta berriz berreraikia izan zen. Gotorlekuaren barneko biztanleria kristaua zen eta hogei eliza inguru eraiki zituzten XII. mendean. Meskita bat ere bazuten, turkiarrek erabili ohi zutena. Gaur egun, ordea, eliza gutxi batzuk eta meskita zenaren hondakinak besterik ez dira gelditzen. Eta, gainera, souvenir dendaz, jatetxez eta etxebizitzaz inguratuta daude. Aipagarria da, halaber, Berateko gazteluaren irudia 1996an egindako hamar lek-eko txanponaren atzealdean agertzen dela. Kuriosoa.

Hirigune historikoan han-hemenka ibili ondoren, gomendagarria da hiriko zati berria ere ezagutzea. Bertan dago Bulevardi Republika kalea, alde zaharretik metro gutxi batzuetara.

Aipagarria da iluntze aldera sortzen den giroa. Terraza politak daude, bai afaltzeko bai zerbait hartzeko edo pikatzeko. Adin guztietako herritarrak hurbiltzen dira. Izan ere, terrazetan lagunekin berriketan egotea zaletasun bilakatu da albaniarrentzat; batez ere gizonezkoentzat, apenas ikusten baita emakumerik jardun horretan. Errazago ikusten dira pasieran, terrazetan eserita baino. Saltzaile ibiltariak ere hara-hona dabiltza etengabe kaleetan, artaburu erreak eta bestelako mokaduak merke eskaintzen.

Beratetik Gjirokastër-era

Berat utzi eta Gjirokastër-era goaz. Albaniako herririk ikusgarriena. Denda koloretsuz eta xarma benetan berezia duten jatetxez jositako bazar zaharreko kaleetan barrena pasieran ibiltzea nahikoa da, bertan egun batzuk igaro nahi izateko; akaso, pentsatu baino egun batzuk gehiago. Hiri honetan jaio zen Enver Hoxha buruzagi komunista albaniarra eta, nonbait, horixe da, hain zuzen ere, otomandar garaiko eraikuntzak gaur egun «horren ongi» egotearen arrazoia. Horrexegatik bihurtu omen da Gjirokastër museo-hiri.

Postal itxura duen gune historikoa ezagutzeko ordu batzuk besterik ez dira behar, oso txikia delako tamainaz baina, seguruenik, bidaiaria bertako giro lasai eta atseginaz maiteminduko da berehala. Eta, halaber, aise konturatuko da alde zaharreko eraikin guztiek oinarrizko diseinu komuna dutela. Denak dira antzekoak egitura aldetik: neguan bizitzeko erabili ohi zen solairu bat behean; egurrezko balkoiak goiko aldean, udan gozatu ahal izateko; teilatuak, berriz, arbelezkoak; eta eraikina harrizkoa, galtzada-harrizko kaleen antzera. Horrexegatik da Gjirokastër “Harrien hiria”.

Gaztelua

Beratek bezala, Gjirokastër-ek ere gaztelu eder bat dauka, garai batean herria erasoetatik babesten zuena. Bazarretik irten eta ezkerreko errepide aldapatsua jarraitu behar da sarrerara iristeko. Sarrerak 200 lek (1,60 euro) inguru balio du.

Gaur egun, Erdi Aroko gotorlekuaren aztarnak baino gelditzen ez diren arren, hiriaren eta mendien ikuspegirik ederrenak eskaintzen ditu. Gainera, Balkanetako penintsulako bigarren gaztelurik handiena da. Turista asko harrituta gelditzen dira bertan hegazkin estatubatuar bat ikustean eta, jakin-minez galdera egiten dutenean honako erantzuna jasotzen dute: II. Mundu Gerran eraitsia izan zen. Dena dela, aparatuak askoz ere modernoagoa dirudi eta erori izanaren arrastorik ez da inon agertzen. Gobernu komunistaren bertsio ofizialaren arabera, Albanian lurreratu zen 1961ean, seguruenik gerra hotzean espioitza lanak egiten ari zela jakin ondoren. Sinetsi eta hegazkinari argazkiak ateratzea besterik ez zaie geratzen bisitariei.

Gazteluko barnealdeko bisita egin bitartean, II. Mundu Gerrako artilleriako arma bilduma ere ikus daiteke, ia ilunpetan dagoen galeria antzeko batean. Ibilbidearen bukaeran dago Armen Museoa. Ikus daiteke, bai, baina aparteko sarrera ordaindu ondoren. Gazteluaren iparraldeko aldea, berriz, kartzela izan zen Zog erregearen garaian; preso politikoak giltzapetuta izan zituen erregimen komunistaren garaian.

Behin galeriatik irten ondoren, lorategi batera helduko gara eta parez pare erlojuaren dorrea izango dugu eta, inguruan, ikerketa batzuen arabera, bizantziar garaikoa izan zitekeen eliza zahar baten hondakinak eta plaza handi bat, non gaur egun Folklore Jaialdi Nazionala egiten den. Zalantzarik gabe, Gjirokastërreko gaztelua Beratekoa baino askoz ere hobeto zainduta dago.

Babesleku antiaereoa

Enver Hoxhak beti pentsatu izan zuen Mendebaldeko potentziek Albaniari eraso egingo ziotela eta, horregatik, bere herrialdea babestearren, 700.000 bunker inguru eraiki zituen. Inbasioa, ordea, ez zen sekula gertatu eta bunkerrak museo bilakatu zituzten.

Horien artean garrantzitsuenetakoa da Gjirokastërreko gazteluarean azpian dagoena. Gutxi gorabehera, 1.500 metroko azalera du. Barrualdean, hainbat funtziotarako gelak ikus daitezke; babestuenak, agian, bilerak egiteko buruzagiek eraikitakoak. Galdeketak egiteko, edo lotarako baliatu zituztenak askoz ere xumeagoak dira. 1960ko hamarkadan eraiki zuten eta guztira 80 gela ditu. Bertakoek ez zuten haren berri izan 1990eko hamarkadara arte.

Museo Etnografikoa: Enver Hoxha-ren etxea

Egun Museo Etnografikoa dena Enver Hoxha buruzagi komunistaren bizilekua izan zen. Berez, eraikina otomandar estiloko etxe tipikoaren berreraikuntza bat baino ez da, zeinean etxeko tresnak, apaingarriak eta jantzi tradizionalak ikus daitezkeen.

Zekate eta Skëndull ere eraikin interesgarriak dira. Ez daude museotik oso urruti. Lehenengoak, hiru solairu, arku bikoitzeko fatxada eta dorre bikiak ditu. Bigarrena, berriz, XVIII. mendekoa, etxe otomandar klasikoa da.

Bazarra, berez, XVIII. mendekoa da, baina, XIX.ean berreraiki behar izan zuten, sute baten ondorioz. Gaur egun sekulako bizia du, egunez zein gauez, baina batez ere argiak pizten direnean, koloretako bonbila txikiz apainduta.