Testua: Eli TXAPARTEGI Argazkiak: SAI AUNG MAIN (AFP)
gara-2023-11-24-Reportaje

Rangun, ibaiko zaborra bizibide

Bat-batean egindako baltsa sinple bat erabiliz Rangungo ibai kutsatu batean sartzen da. Ur gainean dauden plastikoak biltzea du helburu. Ez du gustuko zaborrez jositako errioan ibili behar izatea egunero, baina ez du beste irtenbiderik. Jarduera bakarra du familiak bizirauteko.

Hamar lagun inguru biltzen dira egunsentian, guztiak eguzkitik babesteko kapela jantzita eta thanaka izenez ezagutzen den krema emanda. Horregatik dute aurpegia zuria, eskuekin ematen dutelako lanean hasi aurretik. Guztiak daude egoera berean: birziklatzeko zabor bilketa da euren diru iturri bakarra, 2021eko otsaileko kolpe militarraren ondoren lanik gabe gelditu zirenetik.

«Lehorrean ez zegoen lanik niretzat, baina nire seme-alaben eta senarraren osasun-gastuak ordaindu behar ditut», azaldu du 36 urteko Ma Yuk. Dirurik ez zutenez, poliestirenozko plaka batzuk alokatu eta ibaira joan zen auzokidearekin. «Lehenengo egunean plastikoa eta latak bildu genituen saltzeko. Oso pozik geunden», gogoratu du.

Bere kasua ez da bakarra. Nazioarteko Lan Erakundearen arabera, Myanmarren milioi bat pertsona inguruk galdu zuten lana. Ma Ngal izan zen haietako bat. Pazundaungeko uretan sartu zen, ez baitzuen lortzen bizimodua ateratzea merkatuan barazki- eta arrain-saltzaile gisa. Gainera, senarra langabezian zuen.

Lotsa ere sentitu omen zuen hasi berritan. «Gurasoei eta familiari ez nien esan zer lan egiten nuen», aitortu du 41 urteko emakumeak. «Baina, azkenean, enteratu ziren, eta gure familiagatik egiten nuela kontatu behar izan nien». Triste samar hartu zuten albistea, baina ulertu zuten.

Egun, oraindik ibaitik jasotzen du familia aurrera ateratzeko bizibidea. Dena dela, aitortzen duenez, aldeak izaten dira egunetik egunera. Jardunaldi bikain batean 30.000 kyat bil ditzakete; hau da, hamar dolar, baina egun gehienetan hiru dolar inguru lortzen dituzte.

Kyu Kyu Khine da taldeko beste herritarra. 39 urte ditu eta ibaian lanean hasi aurretik Rangungo kaleetan ibiltzen zen zaborra biltzen. Beraz, ia-ia bizitza osoa eman du zarama eta zakar artean. Eta, denetarik ikusi badu ere, kexu da ibaian ikusitakoarekin. Gogor kritikatzen du jendearen jarrera. «Ez du inolako diziplinarik zaborra botatzerakoan eta ondorio serioak ditu; adibidez, arrainak hiltzen ditu», gehitu du haserre.

Naturak ere badu zerikusirik, noski, jardunaren emaitzetan. Biltzaile-taldea mareen egutegiari begira egoten da, uretako hondakinen mugimenduan eragin zuzena duelako. «Gainera, korronteak arriskutsuak izan daitezke ontzi ezegonkorrentzat», gehitu du Ma Yuk. «Batzuetan pentsatzen dut edozer gauza gertatzen baldin bazait eta bakarrik banago, ezingo nukeela ezer egin». Horrek asko kezkatzen du baina, hala ere, arriskuak asumitzen ditu bere seme-alabak gosez ez hiltzea delako garrantzitsuena.

Nolanahi ere, jardunari ahalik eta ondoen aurre egiten badiote ere, minduta sentitzen dira lanean daudela bromak eta komentario iraingarriak entzuten dituztenean. Dirudienez, horrelakoak entzun behar izaten dituzte sarritan: «Hemen dator udal-taldea; hauek, bai, hauek oso ondo dakite ibaia nola garbitu».