Gitarra lepoan zintzilik duela edota pianoaren aurrean ere ikusi dugu Xabi Hoo Enkore taldean edota bere sare sozialetan maiz. Oraingo honetan, ordea, beste zerbait dakar eskuartean bilbotarrak.
‘Zero’ kantua kaleratu zuen lehendabizi. «Kantua esatea gehitxo da, ‘freestyle’ bat dela esaten dugu guk. ‘Moustak’ ekoizleak doinuak eginda zituen, eta, hitzekin diodan moduan, ohe gainean nintzela doinu horiek janzteko besteko etorria izan nuen eta forma eman nion. Ekoizleari gustatu eta publiko egitea erabaki genuen ‘Zero’», kontatu digu Hook.
Musika urbanorako saltoa egingo zuela erakutsi zigun aurrerapen horrekin, intentzio argiak. Baina Enkore taldean egindako hamar urte horietan ere ikusi ditugu halakoak, zer esanik ez ‘Hegan II’ kantua egin zutenean. «Gure taldearen bueltan hainbat rap egile izan ditugu: Aneguria, La Basu, Xatiro… Eta horiei halako miresmena nien nik. Gure ‘nagusiak’ ziren eta gu ume moko batzuk haien ondoan. Horregatik ‘003 Mixtape’ aurkezpen lanaren izena ere. Azkenean Bilbon denok dakigu zer esan nahi duen '003'koa izateak eta gure izaeran dagoen hori ere azaleratu nahi izan dut kantuetan», nabarmendu du Hook.
Hiru kantu izango dituen lana izango da, ez disko bat. Horregatik aukeratu du ‘Mixtape’ hitza, garaian AEBetan musika urbanoan agertzen zirenek beren burua aurkezteko hitz hori erabiltzen zutelako. ‘Zero’ ezagutu genuen eta orain 'Bat' ezagutu dugu. ‘Bi’ eta ‘Hiru’ abestiak ezagutzeko zain geratuko gara beraz; geratzeko etorri baita bueltan Xabi Hoo.
«El legado de La Polla Récords es más presente, necesario y actual que nunca»

Palau Sant Jordi bete eta milaka bihotz konkistatu ditu ETS taldeak

Un varón de 21 años fallecido en Nafarroa, primera muerte vinculada a nitazenos en el Estado
