Asier Robles

Patxadaz taldeak disko berria aurkeztu du

Urte eta erdiko lanaren ondoren Patxadaz musika taldeak disko berria aurkeztu du. Bederatzi abestiz osatutako diskoa da, eta metal, rap edo funk estiloak nahasiz gai sozialak eta pertsonalak jorratzen ditu.

Patxadazeko taldekideak.
Patxadazeko taldekideak.

Patxadaz musika talde deustuarrak bere lehen diskoa aurkeztu du. Taldearen izen berdina du eta erritmo eta gai desberdinetako 9 abestik osatzen dute. Diskoa hainbat plataformatan deskargatu ahal izango da, baina taldearekin harremanetan jarrita disko fisikoa ere eskuratu ahal izango da.

2018an sortu zuten taldea eta hasieratik konposatu zituzten abesti gehienak. Urtebetez kontzertuetan zentratuta egon ondoren, 2019an disko bat ateratzeko ideiarekin hasi ziren. Azaldu dutenez, prozesu «luzea» izan da: «Hainbat kolektiborekin grabatu dugu eta horrek prozesua luzatu du, gainera koronabirusaren krisiak harrapatu gaitu».

Bederatzi abesti ditu diskoak, eta egunerokotasuneko bizipenak islatzen dutela azaldu dute taldekideek. 'Orbanak' abestia da horren adibidea, non taldeko bost kideek beren bizitzako ezbeharren baten ondorioz sufritu dutena kontatzen duten. Hala ere, gai tristeak bere alde positiboa ere badutela eta aurrera egin behar dela argi utzi nahi izan dute abestian: «Istorio beltzei argi izpia ateratzeko gai gara, bizi behar hurak egin gaitu garena. Kolpeak jasoz goaz aurrera».

Baina kritika sozialak eta aldarrikapenek ere badute beren presentzia letretan. Adibidez, ‘Mundu zentrua’ abestian Bilboko hiriari buruz eta «horren antolaketa eta gestioari buruz» hitz egiten dute. «Horrekin, gure ikuspuntua azalarazi dugu, aldarrikapena posiblea eta beharrezkoa dela erakutsiz», diote.

Taldearen eta diskoaren estiloari dagokionez, abesti bakoitzak bere estiloa duela azpimarratu dute, eta ez litzatekeela egokia taldea estilo bakar batean sailkatzea. «Instrumentuek, soinu bortitz eta estruktura konplexuekin, testuinguru zabalak aurkezten dituzte eta ahotsak jolasean aritzen dira horren gainean abestien ideia zehazteko. Lehen disko honetan, metal, rap edota funky erritmoak aurkitu ditzakegu. Iluntasuna nabaria da orokorrean. Letrek eta melodiek izaera kritikoa dute bere baitan», argitu dute Patxadazeko taldekideek.

Musika plataformetatik kontzertuetara

Diskoaren eskuragarritasunari dagokionez, Bandcamp-en dohaineko deskargaren aukera izango dute entzuleek. Haien sare sozialetan deskargarako link-a aurki daiteke. Bertan, bi aukera daude: diskoa borondatea emanez deskargatzea eta erabat dohain deskargatzekoa. Disko fisikoa, momentuz, sare sozialen bitartez (Instagram/Facebook) eta korreoz erosteko aukera emango dute. Spotify eta Youtube plataformetan entzun daiteke jada.

Hala ere, koronabirusak sortutako egoera kontuan hartuta, kontzertuek itxaron egin beharko dute. Itxaronaldi gogorra egingo zaio taldeari: «Guretzako kontzertuak behar-beharrezkoak direla argi dugu. Publikoarekin zuzeneko harremana eta feedback-a izatea dugu maite. Hori da musikari balorea, emozioa eta garrantzia ematen diona. Emozioak zuzenean transmititzea».