Maitane Aldanondo
Interview
Maitane Cabeza
«Koxinatu», sukaldaritza agroekologikoa

«Naturak urtaro bakoitzean behar duguna ematen digu»

Koxinatu elikadura burujabetzan oinarritutako sukaldaritza proiektu zabala da, Maitane Cabezak (Zumaia, 1985) sortua. Ikastaro, aholkularitza eta chef zerbitzuen bidez, norberarentzat, besteentzat eta Ama Lurrarentzat ona den elikadura sustatzen du.

Maitane Cabeza
Maitane Cabeza

Iazko udaberriko itxialdian sukaldaritza tailerra egin zenuen. Nola sortu zen ideia?
Mugarik Gabeko Ingeniariak gizarte zuzen eta solidario bat eraikitzeko xedez teknologia giza garapenaren eskura jartzen duen gobernuz kanpoko erakundea da. Itxialdian online ikastaroak egin zituzten, burujabetza oinarri zenbait gaitasun bultzatzeko. Ni lankidetza mundutik nator eta Koxinaturen berri zuten.

Zer da Koxinatu?
Sukaldean aritzea nire pasioa da gaztetatik. Bizilurra elkartean elikadura burujabetzaren proposamena ezagutu nuen, eta niretzat zentzua du justizia soziala eta Ama Lurraren zaintza uztartzen dituelako. Sukaldaritza makrobiotikoa eta energetikoa ikasi nituen eta duela urtebete lana utzi nuen bide berri hau hasteko. “Maitatu-Koxinatu-Eraldatu” da leloa eta nire ikuspuntua sukaldaritza agroekologikoa, eraldatzailea da.

Zer esan nahi du horrek?
Bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jartzen duen elikadura mota bat da. Sukaldaritza gure burua zaintzeko modu bat bezala integratzea, baina baita besteen eta naturaren zaintza bezala ere. Bertako eta garaiko elikagaiak erabiltzen dituen sukaldaritza gizarteratuz, landa eremu biziaren garrantzia aldarrikatu eta ekoizle txikien lana balioetsi nahi dut.

Ez zarela nutrizionista diozu, zer hartzen duzu kontuan zure proposamena egitean?
Posible dugun heinean garaiko eta bertako elikagaien bidez kozinatzea. Heltze puntu egokian daude eta nutrizio aldetik ere une egokienean daude. Gainera, askoz jasangarriagoak dira, ez dituztelako bidaia kilometrikoak egiten. Natura gure aliatua da eta urtaro bakoitzean behar duguna ematen digu. Neguan, adibidez, C bitamina gehiago duten elikagaiak, defentsak indartzeko, eta, udan, ur gehiago dutenak, hidratazio egokia edukitzeko.

Zer abantaila izan ditzake elikadura agroekologikoak egungo testuinguruan?
Urtaro bakoitzaren energiara egokitzen da eta, nahiz eta etxean egon, naturarekin bat egin dezakegu. Logikoa da. Hotza egiten duenean, berotasuna eta nutrizioa emango ditugun platerak behar ditugu: erregosiak, eltzekoak... Baina gaur egun normalizatu dugu urtarrilean tomate entsalada jatea. Horrek maila energetikoan haustu eta hozten gaitu eta gainera ez dakigu ezer tomate horien inguruan...