NAIZ

Gorputzaren eta sexualitatearen lanketari buruzko lehen online topaketa euskalduna egingo dute

Unbela Elkarguneak euskarazko online jardunaldia prestatu du gorputza eta sexualitatea lantzen dituzten emakumeen ekimenak bistaratzeko. Hamalau proiektu erakutsiko dituzte, Zuriñe Hidalgoren ‘Enraizadas’, Junkal Alzugarayren ‘Mi Suelo Pélvico’ eta Enara I. Dominguezen ‘Ziklikoki Bizitzen’ tartean.

Nora Ziarsolo eta Itziar Amestoyren proiektu berria da Unbela. Unbelaren metafora hartu du ekimenak, aterki formako lorea baita, lore ardatz beretik ateratzen diren loratxo mordoa. (UNBELA)
Nora Ziarsolo eta Itziar Amestoyren proiektu berria da Unbela. Unbelaren metafora hartu du ekimenak, aterki formako lorea baita, lore ardatz beretik ateratzen diren loratxo mordoa. (UNBELA)

Gorputza eta sexualitatea jorratzen ari diren emakumeen ekimenak ezagutarazteko eta bistaratzeko helburuarekin jaio da Unbela Elkargunea. Helburu horren lehen urrats gisa, maiatzaren 20tik 24ra lehen online topaketak egingo ditu. Bertan hamalau ekimen ezagutzeko aukera izango da.

Unbelaren helburua gorputzaren eta sexualitatearen lanketari euskaraz eta euskaratik heltzea da. Horretarako unbelaren metafora hartu du ekimenak, unbela aterki formako lorea baita, lore ardatz beretik ateratzen diren loratxo mordoa.

«Gure unbelak loratxo anitzez osatutako lorea izan nahi du, loratxo hauek bilduko dituen sarea. Norberaren bizipenetatik eta ikaspenetatik abiatuta, norbere gorputz eta sexu ezagutzen eta bizipenen unbela sortzeko elkargunea», azaldu dute Nora Ziarsolo eta Itziar Amestoy Unbelaren sortzaileek.

Zuriñe Hidalgoren ‘Enraizadas’ proiektua

Abiapuntu horretatik egingo dira online jardunaldiak maiatzaren 20tik 24ra. Lehen egunean, maiatzak 20, Unbelaren aurkezpena eta hasierako elkarrizketa egingo dira. Egun horretan, Zuriñe Hidalgok ‘Enraizadas’ proiektuaren eta Eivissan antolatzen dituen emakumeentzako erretiroen inguruan hitz egingo du, non yoga, zikloa, elikadura, autoezagutza eta ahalduntzea gisako gaiak lantzen dituen.

Hurrengo egunean, maiatzak 21, bost hizketaldi izango dira ‘Bizitzaren zikloarekin dantzan’ gaia jorratzeko. Izan ere, egun horretan gure gorputzen eta bizitzako zikloen jakituria berreskuratzeko dauden ekimenak bildu nahi izan dira.

10-14 urteko gazteei zuzendutako bidaia

Esther Molinerok Ongiz-Ezberdin elkartearen barruan kokatzen den ‘Loratuz’ proiektuaren berri emango du, 10-14 urte bitarteko emakume gazteei zuzendutako bidaia. Natalia Albenizek eta Marta Barraganek, aldiz, ‘Red Fanzine’, hilekoaren inguruko tabuak eta estigmak ezabatzeko beharretik sortutako ekimena, aurkeztuko dute. Enara I. Dominguezek ‘Ziklikoki bizitzen’ egitasmoa konpartituko du, haren hitzetan, «bulbajakintza erabiliz, bizitzea merezi duen bizia topatzeko (eta bizitzeko)» proiektua, hileroko kultura eta ekonomia feminista uztartuz.

Magale eta Estitxu Fernandez

Magale proiektuak ere izango du bere lekua, ugal-zikloan zehar bidelagun izan nahi duten prestatutako eta trebatutako emakume taldea. Azkenik, Estitxu Fernandezek eguna borobilduko du, haurdunaldi, erditze, erdiondo eta haziera prozesuen bidelagun bezala dituen bizipenak partekatuz.

Hirugarren egunean, maiatzaren 22an, gorputzen eta sexualitatearen jabetzea landuko da. «Gure gorputzen berjabetzea eta sexualitatearen esplorazio aske eta kontzientea errazten duten ekimenak bildu nahi ditu egun horrek. Tamara Arroyok ‘Psicología y mujer’ proiektua ezagutzera emango du, emakumeei begirako psikologia somatikoaren ikuspegia eskaintzen duena.

Iraultzarik garrantzitsuena, intimitatean

Junkal Alzugaray fisioterapeuta, osteopata eta sexologian adituak, aldiz, ‘Mi suelo pélvico’ ekimenaren berri emango du. Bestalde, Maite Higuerok intimitatean kokatuko du falta zaigun iraultza feminista garrantzitsuena, eta horri ekiteko sortu duen ‘Mahibar Sexologia’ ekimena azalduko du.

Nora Ziarsolok ‘Bizigarri’ proiektuaren berri emango du, gorputzean lurperatuta geratutako sexualitatearen potentziala zabalduz, geure buruarekin maitasun erradikal bat eraikitzeko proposamena.

Laugarren egunean, maiatzaren 23an, «zirkulua sendabide» gaia jorratuko da, sarearen eta tribuaren beharrean eta indarrean sakonduz. Bertan Naiara Mandalunizek ‘Iparraldeko Denda Gorria’ ekimena aurkeztu du, emakumeak elkar topatzeko eta bizitza ospatzeko elkartzen diren espazio abegikorra.

Bestalde, ‘Energy Dance’ren sortzailea den Marta Mateosek gorputzeko terapiak eta dantza eta mugimendu kontzientea uztartzen dituen proiektua azalduko du. 

Horretaz gain, Ahinitz Gerrikagoitiak ‘Biziemari’ egitasmoa aurkeztuko du; makrobiotika aholkularia da bera, eta emakumearen autoezagutzarako tailerren sortzaile eta gidaritza lana betetzen du.

Azken proiektua ‘Amalua’ izango da, Aikari Lizasoren ekimena, emakumeen sendagai jakinduria eta emakumearen medikuntzako topaketak sentitzeko, konektatzeko, partekatzeko eta elikatzeko espazioa.

Ospatzeko eta etorkizunera begiratzeko

Azken egunean, maiatzak 24, ospakizunerako eta etorkizunera begiratzeko topaketa birtuala egingo du Unbelak, ‘Elkarrekin ospatu. Elkarrekin sortu’ lelopean. Bilera birtual ireki eta zabal bat izango da, erritualerako eta partekatzeko espazioa izango duena. Elkarrekin ospatzeaz gain, helburua ekimen honi guztiari jarraipena emango dion elkarrizketa kolektiboari ekitea da, beharrak, ideiak, nahiak eta abar bilduz.

Topaketa hauetan izena emateko aukera ostegun honetan bertan zabalduko da, unbela.eus webgunearen bidez. Sarrera sinboliko bat eskatuko zaie bertan parte hartu nahi dutenei, beti ere bakoitzaren aukera ekonomikoetara egokituta. Horrela, 10, 15 edo 20 euroko ekarpena egiteko aukera egongo da. «Ez genuke nahiko dirua izatea Unbelan parte hartzeko oztopoa», azaldu dute Ziarsolok eta Ameztoyk.