NAIZ
BILBO

Balantze «oso positiboa» Euskal Encounterren 29. edizioaren amaieran

Lau egunez dozenaka jolas, lehiaketa eta prestakuntza saioekin 540 partaideak gozarazi ondoren, balorazio «oso positiboa» egin dute Barakaldoko BECen ospatu den Euskal Encounter topaketaren antolatzaileek.

 540 lagunek hartu dute parte 29. Euskal Encounter honetan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
540 lagunek hartu dute parte 29. Euskal Encounter honetan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Ohar baten bitartez adierazi dutenez, pozik agertu dira Euskal Encounter topaketaren antolatzaileak 29. edizioaren amaieran. Barakaldoko BECen lau egunez bildu diren 540 partaideen «konpromiso handiak» ekitaldia «arrakastatsua izatea erraztu» die antoaltzaileei.

Azpimarratu dutenez, segurtasunaren aldeko apustua izan da hitzorduaren «lehentasun nagusietariko bat»; izan ere, covid-19aren aurkako protokolo zorrotza izan du, pabiloi erraldoiek, aireztapenak eta edukiera murriztuak lagunduta. Edizio honetan, azken urteekin alderatuta, %10era mugatu da partaidetza pertsonen arteko distantzia bermatu ahal izateko.

Sabino San Vicentek, Euskaltel Fundazioko zuzendari eta topaketako koordinatzaileak, eskerrak eman dizkie parte-hartzaileei, zita «eredugarria» izan baita. Asebetetze-inkestak jaso bitartean, parte-hartzaileen lehen balorazioak oso positiboak izaten ari direla aurreratu du.

Hori dela eta, antolatzaileak oso pozik daude, batez ere ekimena berme guztiekin egin ahal izan dutelako, horrelako bilkura guztiak bertan behera geratu diren garaiotan.

San Vicenteren ustez, edizio konplexu hau antolatzeari esker lortutako eskarmentuak «indartzeko balio izan digu».

Etorkizunari begira, helburua aurrez aurreko Encounter hitzorduekin jarraitzea da, betiere osasun-egoerak ahalbidetzen duen neurrian, horixe baita lanparty delakoen funtsa.

«2020an eta 2021eko lehen seihilekoan egindako topaketa birtual guztiek zaleen komunitatea batzen lagundu dute, baina horrelako bilkuren xede nagusia, hain zuzen ere, ondo pasatuz ezagutza eta esperientziak trukatzea da, eta hori guztia aurrez aurreko topaketetan gauzatzen da hobekien», adierazi du San Vicentek.

Hala, Encounter sarearen hurrengo hitzordua XGN R Encounter izango da, urriaren 8tik 11ra Silledan (Pontevedra) egingo dena, eta hau ere presentzialki egiteko asmoa dago.

29. Euskal Encounter honek 90 jarduera inguru eskaini ditu. Hitzaldiak, tailerrak, lehiaketak eta jokoak izan dira ohiko alorretan: sormen digitala, hardwarea, programazioa eta bideo-jokoak.

Edukiera mugatuko edizioa izan arren, prestakuntza eta jolas-ekintzetan oso handia izan da parte-hartzea. Interes berezia piztu duten hitzaldiak egin dira; hala nola Ignacio de Blas Epidemiologian adituak zein Alfredo Corell immunologoak emandakoak. Covid-19ari aurre egiterako garaian teknologiaren erabilera aldetik izan diren arrakastak eta porrotak aztertu zituzten biek.

Jarraipen handia izan dute, halaber, zibersegurtasunaren, bideo-jokoen, kriptomoneten, adimen artifizialaren edo sormen digitalaren inguruko hitzaldiek.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, parte-hartzaileek segunduko 60 gigabiteko konexio-abiadura izan dute, mota honetako topaketa batean aurkitu daitekeen azkarrena, «esperientzia bizkor eta erosoaz gozatzeko aukera» emanez.

Era berean, Euskal Encounterreko Twitch eta YouTube kanalen bidez emandako 28 hitzaldiak milaka lagunek jarraitu ahal izan dituzte online. Gainera, eskuragarri geratuko dira YouTuben interesa duten guztientzat.