NAIZ

17 euskal erakundek antolatuko dute Emakumeak Zientzian ekimenaren 6. edizioa

Ostiral honetan, lankidetza hitzarmen berria sinatu dute 17 euskal erakundek Emakumeak Zientzian ekimenaren VI.edizioa martxan jartzeko. Ekimenaren helburua zientzia emakumeen kontua ere badela ikustaraztea da.

2022ko ediziorako lankidetza hitzarmena sinatu osteko talde argazkia. (EMAKUMEAK ZIENTZIAN)
2022ko ediziorako lankidetza hitzarmena sinatu osteko talde argazkia. (EMAKUMEAK ZIENTZIAN)

Emakumeak Zientzian proiektuak ostiral honetan berriztu du lankidetza hitzarmena. Hori horrela, hamazazpi euskal erakundek bat egin dute ekimena eta haren helburu nagusia babesteko: zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.

Hori horrela, urtez urte haziz doa Emakumak Zientzian proiektuan parte hartzen duten erakundeen kopurua. Aurtengo edizioan 11 izan dira erakunde antolatzaileak, hurrengorako, 2022rako, aldiz, 17k berretsi dute proiektuarekiko konpromisoa.

Erakunde antolatzaileak euskal herriko zientzia eta teknologia sarean pisu nabarmena dutenak izango dira: POLYMAT, CIC nanoGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieria, Ceit, Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea, Elhuyar eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea.

Emakumezkoen presentzia zientzian

Zientziaren esparruan emakumeen presentzia gero eta nabariagoa den arren, pauso asko gelditzen dira oraindik emateke berdintasunera iristeko. Aurten espainiar Estatuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak argitaratu duen ‘Científicas En Cifras 2021’ txostenaren arabera, Estatuko ikertzaileen %41 emakumeak dira, Europako batez bestekoaren gainetik (%34). Hala ere, sektore pribatuan eta enpresa munduan desberdintasuna handia da oraindik, bertako zientzialarien %31 soilik baitira emakumeak.

Era berean, bereziki kezkagarria da egoera ingeniaritzetan eta teknologiaren esparruan. Txosten berak plazaratu duenez, alor horietako goi mailako irakaskuntzan eta administrazio publikoan lan egiten duten ikertzaileen %13a baino gutxiago dira emakumeak.