Martxelo Diaz

Euskal Herrian 1970.eko hamarkadan egiten zen rock-a jaso dute ‘Katebegiak’ bilduman

Euskal Herrian 1970an egiten zen musika ezaugarri bereziak zituen, nazioartean hedatzen ziren joeren eraginarekin. Ez Dok Amahiru eta Rock Radikal Vasco delakoaren artean kokatzen den aro honetan egindako lana jasotzen du ‘Katebegiak’ (Elkar) lanak.

Dokumentazio lanetan aritu den Antton Iturbe, Elkarreko Andres Camio «Jitu» eta DJ Makala Donostian egin duten aurkezpena hasi aurretik. (Maialen ANDRES/FOKU)
Dokumentazio lanetan aritu den Antton Iturbe, Elkarreko Andres Camio «Jitu» eta DJ Makala Donostian egin duten aurkezpena hasi aurretik. (Maialen ANDRES/FOKU)

Euskal Herrian 1970. hamarkadan egin zen musika bildu eta zabaldu nahi du ‘1972-1985 Katebegiak. Euskal Prog-Rock, Psych-Folk eta Jazz-Rock musika’ (Elkar) lanak. Euskal musikaren historian bi aro ezagunen artean kokatzen da epe hau, Ez Dok Amairu eta Rock Radikal Vasco delakoek markatu zutena.

Hori dela eta, ilunpean gelditu da hein handi batean 1970. hamarkadan egindako lana, baina gerora erreferentzialtasuna lortu duten kantariak eta taldeak izan ziren: Errobi, Haizea, Izukaitz, Itoiz, Itziar, Enbor, Lisker, Koska, Amaia Zubiria, Pascal Gaigne eta beste.

Aurreko garaikoekin alderatuta, Ez Dok Amairukoekin, abesti luzeagoak erabiltzen zituzten, bilduma aukeratu duen DJ Makalak Donostian egin duten aurkezpenean azaldu duenez. Honekin batera, birtuosismoa da  ezaugarrietako bat. Eta baita ere emakumearen presentzia kantarien artean, Amaia Zubiria, Amaia Kareaga, Odile Kruzeta edo Itziar Egileor bezala.

Ez Dok Amairuren eragina somatzen da, baina baita ere garai hartan nazioartean entzuten ziren Grateful Dead, Jethro Tull edo Frank Zappa artistena, azaldu du DJ Makalak. Honekin batera, euskal musika eta tresna tradizionalak (alboka, txalaparta) ere erabiltzen zuten.

Garai horretako biniloen azalak artelanak ziren eta Jose Luis Zumeta eta Daniel Txopitea bezalako margolariek horietako batzuk egin zituzten. Izpiritu horri eusteko Blamik egin du ‘Katebegiak’ bildumaren azala.

Nazioartean ere oihartzuna lortu zuten garai honetako Euskal Herriko musikariek eta egun ere ehun eta bostehun euroren arteko prezioak izaten dituzte jatorrizko lanek zaletuen gune espezializatuetan.

Bi formatu

Bi formatu desberdinetan argitaratu da lana. Alde batetik, binilo bikoitz batean, edizio landu batean. Bestetik, lau hizkuntzetan egindako disko-liburu batean. Azken honetan, informazioaz gain Garbiñe Ubedaren errelato bat dago.

Bi urte eman ditu ikertzen DJ Makalak bllduma hau lortzeko. Hautaketa lanerako egunak eta egunak eman zituen garai hartako musika entzuten, diskoak erosten eta kantuak deskubritzen. Bide horretan, disko batek, kanta batek beste kanta batera, beste artista batera, beste disketxe batera eraman izan du. «Eskabazio lana izan da, ikasten joan gara bidea egiten genuen bitartean», esan du. Itoizen ‘Ezekiel’ lanarekin Juan Carlos Perezek abesten ez zuen kanta batek Itziar Egileorrengana eraman zuen.

Ikerketa lan honetan ezustekoak ere azaldu dira. Biniloan hamahiru kanta bildu dira, baina disko-liburuan bada «bonus track» bat. Juan Arkotxaren kanta bat da. Bilbotarra jaiotzez, egun Eskozian bizi da nekazari lanak egiten. Bere garaian Eivissan izan zen eta lan arraro bat ekoizut zuen, ‘The Book of Intxixu’, aurreko lan baten, ‘The Book of Am’, jarraipena izan zena. IZ disketxeak argitaratu zuen kasete batean izan zuen ere isla lan horrek. Eresbilen artxiboan topatu dute. «Oso interesgarria da», nabarmendu du DJ Makalak.

Egindako lanarekin pozik dagoela adierazi du DJ Makalak, baina oraindik ere bilduman agertzen ez diren lanak ere badirela gaineratu du. Gauzak horrela, ez du baztertu ‘Katebegiak’ lanaren bigarren edizio batekin hastea.

Dokumentazio lanetan aritu den Antton Iturbek adierazi duenez, bildumak «euskal musikaren historia ikuspegi berri batetik ikusteko aukera» ematen du. Kolekzioa ederra dela gaineratu da, baina artista batzuen lana deskubritzeko atari bat izan daitekela ere nabarmendu du. Izan ere, artista baten lanak beste artista bat deskubritzera erama ahal duelako. Berari hori gertatu zitzaiola onartu du.