Andoni Urbistondo
 (Argazkiak: A.U. eta Rafael Bartolome)

Harpea kobazuloa, neguaren deiadarra

Negua iritsi da, eta ez da joango udaberria bukatu arte. Legartza errekastoa kabitu ezinik doa Orbaizetako Armategi zaharrean barrena, hegorantz. Iparrerago dago Harpea haitzuloa, geologikoki parerik ez duen koba, Errobi ibaiaren jagole.

Harpea haitzuloa, geologikoki parerik ez duen koba.
Harpea haitzuloa, geologikoki parerik ez duen koba.

Nafarroa Garaia eta Beherea 1.000 metrotik gorako goi lautada eder batek bereizten ditu. Urkulu gotorlekua dago hego-mendebaldean; Errozate menditzarra ipar-ekialdean. Tartean, Ursarioko pagadi dotoreak eta txoko misteriotsuak, Mendilatz eta Eskanda mendien magalean. Elur geruza ikaragarria dago, izotza nonahi.

Ederra da negua. Elurra. Nola jausten den lainoetatik. Nola zuritzen dituen bazterrak. Nola sortzen duen isiltasun atmosfera berezi hori. Nola uxatzen duen haizetea. Ematen duen epeltasuna, elurra denean hotz gutxiago sentitzen baita. Hiri edo herrietako biztanleentzat duen xarma oztopo bilakatzen da sarri, goi lurretan bizi diren biztanleentzat, edo ganadua bizibide duten abeltzainentzat. Elurra lodi pilatzen baita 1.000 metrotik gora negu meteorologikoan, abendutik aitzin.

Altuera horretatik gora ibili behar da Irati basoko iparraldean. Orbaizetatik gora, Nafarroa Garaia eta Beherea banantzen diren marraztu gabeko lerroan. Han goi lautada zabalak daude, baina baita abeltzainak neguan azienda elikatzeko derrigorrezkoak diren asfalto edo pista ugari ere. Orbaizetako arma-ola pasatuta, Azpegi gainera irits daiteke, 1.060 metrora. Zaindari tentetzen da han, mendebaldera Urkulu gotorlekua, inguruko gailur garaiena (1.419 metro). Egun argietan Kantauri itsasoa ere bistara daitekeela diote.

Azpegitik aurrera ezin da autoa erabili. Errepidean izotz galanta dago, eta neguko gurpilekin ere, bermerik ez. Organbidea lepoa zen abiapuntu asmoa. Hara, errepide elurtuz hiru kilometro daude, baina Azpegitik ekialdera Ursarioko pagadi dotorea eta zapaldu gabeko elurra daude. Pista edo basoa? Erraketak jantzi eta erabakia erraza da ibiltariarentzat. Tentazioa. Erakarri egiten du desertu zuriak. Basoa eta bakardadea. Isiltasuna. Metro erdiko geruza nonahi. Trukean, eta erraketekin joanagatik ere, pauso bakoitzean ahalegin berezia. Elurrik ez dagoenean baino askoz handiagoa. Giharrak sendo dauden bitartean oharkabean pasatzen den ahalegina.

Orkatz, azeri eta bestelako basa-animalien arrastoak daude nonahi. Zeruan zapelaitzak bazkaren bila, planeatzen. Erbi bat ikusteko zortea ere izan dezakezu, lurzoruan bero-bero, eta pausoak entzun ostean beldurtuta ziztu bizian bere zulotik irten eta gero. Ursario muinoa inguratzen da (1.112 metro), eta basotik irtetean Errozate handiak azaldu behar zuen tokian mendi muino ugari eta basamortu zuria agertu dira.

Mapak atera. Aztertu. Non gaude. Nahi genuen tokian ez, noski. Organbidea lepotik datorren pista topatu behar da derrigor. Basoko elur labirintotik ihesi, pista edo errepide estu bat topatu dugu, mendebaldeekialde norabidean. «Honek behar du ba», pentsatu dugu, pistaz jositako eremu zabal honetan pista bakarra egongo dela pentsatuz. Ez baita hala. Mendiak arrazoi. Natura gizakia baino egoskorragoa da. Jabetzerako, Saiarri (1.121 m) eta Ezkanda (1.203) mendiak inguratu ditugu, kilometro pare bat ekialdera, eta harpea kobazuloa eta Errozate menditzarraren arrastorik ez. Iratiko pagadi aberatsak, aldiz, gertu-gertu, eta Irauko lepotik Errozate mendateraino doan pista eta inguruan dauden etxolak ere pauso batera dauzkagu.

Harpea: txoko mistikoa

Atzera egin beste erremediorik ez. Zangosagarrak kargatzen ari dira elurretan, baina pistan barrena elur geruza samurragoa da. Organbideatik datorren errepidetxoa harrapatzerako arratseko hirurak paseak dira. Eguzkiak lotarako bideari ekin dio, eta Harpeako bisita laburra izango da derrigorrean. Errozate aurrez aurre dugu, eta Esterenzubira daraman arroila gero eta nabariagoa da, pausoz pauso. Pista bukatu eta elur geruzan ordu laurdentxo bat ibili (kilometro eskasa), eta bertan dago harpea kobazuloa, azken milaka urteetan bezala.

Zumaiako flysch-aren tankera du Harpeak, baina askoz txikiagoa da. Hiruki itxurako tolestura bat da. Uste denaren kontra, Errobi ibaia ez da kobazuloan jaiotzen, hegoalderago baizik, Nafarroa Garaian, eta errekastoa kobazulo ondotik igarotzen da. Euskaldunontzat, Harpea Euskal Herrian dago. Eztabaida Nafarroa Garaiko edo Nafarroa Behereko lurretan dagoen litzateke. Beste hainbat gidatan, Espainia eta Frantzia artean dagoen kobazuloa dela irakur daiteke. Kobazuloaren inguruan azienda gordetzeko borda pare bat daude, Nafarroa Beherean Elhursaroko bordak esaten diete. Ganaduak, dena den, Harpeako koba erabiltzen du babesteko, eguraldia gaiztotzen denean. Izan ere, bordak altxatu baino lehenago ere ibiliko ziren mendi hauetan barrena, eta gizakiok baino hobeto dakite non babestu.

Harpeara iristeko biderik politena Esterenzubiko Beherobia auzotik abiatzen dena da (337 metro). Ibiltariarentzako aproposa den xenda batetik, Errobi lurzorutik nola irteten den ikus daiteke Errobiko Iturbegietan, Beherobitik kilometro eskasera. Lurzorutik irteten bada, nonbait lurzoruan sartzen den seinale. Errobi ibaia, Harpeako bide malkartsuan barrena jaitsi ondoren, 100 bat metroko artesi batean amiltzen da, desagertu, ostera Beherobian azaltzeko.

Irteera hori elurrik gabeko beste egun baterako geratzen da memorian gordeta. Errozatera igotzeko asmoa bezala. Ordulariko orratzek arratseko laurak direla diote, eta abiapunturaino tartea geratzen da, oraindik. Gainera, Errozate mendira igotzeko 450 metroko desnibela libratu behar da. Elurtuta dago, oso, eta arrastorik ez duen bide malkartsua, zain. Neguaren deiak ezinezko egin du erronka. Organbidea lepora bueltan, eguzkia joan da. Azpegi gainera iristerako ilargi betearen argitasunak hartu du lekukoa, eta egurtutako gorputzak atsedena.

Orbaizetako Pardix ostatuan, salda bero eta ogitarteko batekin errazago egiten da eguneko laburpena. Orduan jabetzen da norbera, askotan, gailurra bera baino bidea bera dela gailurra. Errozate igo gabe ere, goizean goiz Aralarko Malloak elurtuta ikusi ditugu, zikloturista taldeak Zubirira bidean, tenperatura zero azpikoa izan arren. Jendea Auritzberriko kaleetan pasieran edo enkarguak egiten, termometroak 10,5 gradu zero azpitik markatu arren. Orbaizetako bizilagunak eguneroko jardunean, abenduko jaiegunetan bertaratuko diren turistak jasotzeko gertu. Bertakoek aspaldi entzun zuten neguaren deiadarra, baina lasai daude. Pirinioetan bizi dira, neguko seme-alabak dira.