Xabier Amoros Oskoz

Batak herria, Toba aintziran

Sumatra uhartearen barruan (Indonesia) jatorri bolkanikoa duen aintzira handi bat dago, bere arkitektura, errituak eta idiosinkrasia mantentzen duten eta bidaiariari harrera lagunkoia egiten dioten pertsonen kultura dardarti eta abegikorra duena. Toba aintziran gaude eta batak herria ezagutuko dugu.

Sumatran dagoen Toba aintziran aurki daiteke Batk herria.
Sumatran dagoen Toba aintziran aurki daiteke Batk herria.

Toba aintzira Indonesiako Sumatra uhartearen iparraldean dago, duela 75 mila urte mega sumendi baten erupzioaren ondoren sortua. Bere krater erraldoiaren uholdeak Toba sortu zuen, Asiako hego-ekialdeko aintzirarik handiena, 100 kilometroko luzera eta 30 kilometroko zabalerarekin eta 450 metrotik gorako sakonerarekin. Datu horiek argi eta garbi erakusten dute uretako azalera horren zabaldura.Barnealdeko itsaso hau, Sumatrako hiriburu Medan-etik 175 kilometro ingurura dago. Toba aintzirako ur urdin eta sakonetan Samosir uhartea dago, zalantzarik gabe, batak kultura harrigarriaren gune nagusia. Samosirrera iristeko, errepidez iritsi behar dugu Parapat herrira. Kostaldeko kokaleku nagusia da, eta handik ferry bat hartuko dugu, Samosir uhartera eramango gaituena.

Bertan gaudela bi herri nagusi aurkituko ditugu: Ambarita eta Tuk Tuk. Bi herri horietan ostatua eta behar ditugun zerbitzu guztiak aurki ditzakegu. Guk Tuk Tuk aukeratuko dugu Samosir uhartean mugitzeko eta batak kultura liluragarria ezagutzeko. Antzinako kultura hau Indonesiako egungo kulturak bereganatzen ari da. Hala eta guztiz ere, bere ehundegiaz, egurrean zizelkatutako irudi zoragarriaz, bere harrizko hilobi apainduez eta, nola ez, bere arkitektura liluragarriaz goza dezakegu.

Batak etxeak

Uhartean mugitzea ez da batere zaila, eta edozein ibilgailutan egin dezakegu, baita bizikletaz ere. Batak arkitektura oso nabarmena da etxebizitzetan. Horrela, batak etxea erakunde oso bat da, eta bisitaria axolagabe utziko ez duen berezko izaeraren bereizgarri da. Etxe tipikoak zurez eginak daude, kolore biziz margotuak, zutabe batzuetan sostengatuta, isuri nabarmena duten teilatuekin eta apaingarri ugarirekin. Barrualdean, espazio libre handiak nabarmentzen dira, eta haien inguruan banatzen dira familia-gelak.

Pulau Samosir-eko (Samosir uhartea) batak etxebizitzak, tradizionalki, familia edo klan talde bat komunitatean bizi ziren eraikin handiak izan dira. Egunez, barrualdea partekatutako bizitza-eremua da, eta gauez, oihalezko gortinek edo esterek pribatutasuna ematen zieten familiei. Gaur egun kontserbatzen diren etxe tradizionalak txikiagoak dira eta bertan familia bat bizi da. Toban bataken etxeak alboz albo daude, kalearen aurreko frontoiekin. Antzina, etxe bakoitzak arroz-aletegi bat zuen, eta horren aurrean laborantza-lurrak ere bazeuden. Samosir inguruan ibiltzen garenean, etxe horiekin egingo dugu topo –lehorrean hondartutako itsasontziak dakartzate gogora–, eta ia beti bertakoek irribarrez agurtuko gaituzte, “horas” (kaixo) esanez, etxeko ate ondoan.

Beste kultur ereduak

Erlijio animista tradizionala zokoratua izan da, eta, gaur egun, batak-ak Indonesiako kristau kongregaziorik handiena dira, Indonesiako uhartediko biztanleen gehiengoa musulmana izanik. Hala ere, distantzia handirik egin gabe, aurki ditzakegu iragan hurbil horren adierazle guztiz interesgarriak. Besteak beste, hauexek aipatuko genituzke. Tomoketik hasiko gara, non Sidabutar erregearen hilobia dagoen.

Ambaritaraino jarraituko dugu, eta han ikusiko ditugu 300 urte baino gehiagoko harrizko aulkiak, non herriko bilerak egiten ziren, eta baita kondenatuei burua mozteko tokia ere. Simanindon, Batak Museoa bisitatuko dugu. Bertan, herri honen kultura materiala erakusten diguten objektu etnografikoen bilduma ederra ikusiko dugu. Halaber, Pangururan herrira iritsiko gara, Toba aintziraren mendebaldeko kokagune nagusia eta Samosir uhartea aintziraren kanpoaldera batzen den tokia.

Aipatzekoa da, adierazpen kultural horiekin batera, uhartean egin dezakegun gauzarik politena eta atseginena uharteko geografia gorabeheratsuan zehar sakabanatuta dauden bertako herri txikiak bisitatzea dela, Sumatrako txoko honetako geografia menditsuan sakabanatuta dauden arroz-soroez gozatuz.

Jakina, ezin gara joan Toba aintziratik ur freskoetan bainatu gabe. Toba lakua, zalantzarik gabe, leku ezin hobea da galtzeko, atseden hartzeko, lasaitzeko eta paisaia, kultura eta jende oso atseginaz gozatzeko. Jende jatorra, erritmo lasaia. Samosir uharte abegitsuan, Toba aintziraren erdian, bidaiariek egun lasaiak izango dituzte Indonesiako batak etniaren bihotzean. Toba 900 metro inguruko garaieran dagoenez, gainontzeko Sumatrak baino klima freskoagoa du. Mendien, ur-jauzien eta aintziraren ikuspegiari esker hausnartzeko, erlaxatzeko eta ongi kontserbatutako ingurune naturalaz gozatzeko parada ederra izango dugu.