NAIZ

DIPCek bost emakume ikertzaileren ibilbidea bultzatu du Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) 2022rako lankidetza hitzarmena berritu dute eta, horren baitan, ‘Emakumea eta Zientzia’ programa garatuko dute, punta-puntako zientzian emakume gehiago egoteko neurriak hartzeko helburuarekin.

Claire Tonnele ikertzailea, ‘Emakumea eta Zientzia’ programari esker kontratatua, ikastetxe batera berriki egindako bisitan.
Claire Tonnele ikertzailea, ‘Emakumea eta Zientzia’ programari esker kontratatua, ikastetxe batera berriki egindako bisitan. (Javier LARREA)

Berritutako hitzarmenaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 500.000 euroko laguntza emango dio Donostia International Physics Centerri (DIPC) bere jardueretarako. Fundazioko kide gisa egin ohi duen 330.000 euroko ekarpenaz gain, 170.000 euro bideratuko dira DIPCen ‘Emakumea eta Zientzia’ programara. Bikaintasunaren zientzian emakume gehiago egon daitezen neurriak hartzea da honen xedea.

Azaldu dutenez, DIPCen kalitate zientifikoa eta Aldundiak genero berdintasuna esparru guztietan eta bereziki desberdintasun hori nabarmenagoa den eremuetan sustatzeko duen helburua bateratu nahi dituzte. Horretarako, emakumeak ikerketa taldeetako lider izatea, emakumeek zuzendutako ikerketa taldeak sortu eta haztea, eta emakumeek koordinatutako proiektuak eta jarduerak gauzatzea bultzatzen dute.

Karrerarekin jarrai dezaten lagundu, une erabakigarri batean

‘Emakumea eta Zientzia’ programa 2019an jarri zen abian, eta aurten ere emakume ikertzaileak kontratatuko ditu, doktoratu ondoko maila aurreratukoak baina oraindik lanpostu iraunkor bat lortzeko adinako heldutasun zientifikora iritsi ez direnak. Izan ere, datuek erakusten dutenez, emakume ikertzaileen ehuneko handi batek uko egiten dio mundu akademikoari bere ibilbidearen une horretan. «Helburua egoera horri irtenbidea bilatzea da, ikertzaile horiei beren karrera zientifikoarekin jarrai dezaten bultzada bat emanez, hiru urteko egonkortasuna eta nazioarteko ikerketa talde garrantzitsuen buru bihurtzeko aukera izateko behar adina tresna eskainita. Horrela, gainera, helburu hori lortu ahala, ikertzaile berriak sartu ahal izango dira programan», agertu dute.

Era berean, programa honen bidez, emakumeak buru dituzten laborategietarako edo ikerketa unitateetarako azpiegitura erostea, ikerketa proiektuak gauzatzea eta horien emaitzak zabaltzea, eta eremu zientifikoan emakumearen parte hartzea sustatzeko helburua duten beste ekintza batzuk finantzatzea sustatzen dute.

Emakume gazteak inspiratzeko saioak

Iaz bost ikertzaileren lana babestu zuten. Alde batetik, Ikerbasqueko hiru ikertzaile: Fabienne Barroso, Aran Garcia Lekue eta Silvia Bonoli. Barroso nanoeskalan fenomeno fisiko-kimikoak ulertzera bideratutako ikerketa ildo esperimentala garatzen ari da; Garciaren lanak, berriz, nanoegituratutako gainazaletan prozesu elektronikoen ikerketa teorikoa du oinarri; eta Bonolik, galaxien bilakaera aztertzen du.

Bestetik, maiatzaz geroztik, Maia Garcia Vergniory ikertzailea Max Planck Institutuan eta DIPCen aritu da; DIPCen dedikazio partziala izan du, eta programa honen kontura Claire Tonnele ikertzailea kontratatu da. Azkenik, Fabienne Barroso irakaslearen laborategirako ekipoak erosteko eta sentsibilizazio eta dibulgazio jarduerak antolatzeko balio izan zuen programak.

Horren adibide dira DIPCen ikertzaile emakume gazteak inspiratzeko egiten diren saioak edo euskal emakumezko zientzialariek ikastetxeetara bisitaldiak egiteko abiarazi berri den programa, bokazioa sustatzeko helburuarekin, batez ere nesken artean.

I+Gn dedikazio osoa duten emakumeak %34 baino ez dira

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuak erronka honekin vizan duen inplikazioa eta sentsibilitatea nabarmendu ditu. «Gipuzkoan, I+Gn dedikazio osoa duten emakumeak %33,97 dira. Zenbaki hori are txikiagoa da arlo jakin batzuetan, hala nola fisikan. STEM arloko adarrak aukeratzen dituzten neskak Lanbide Heziketan sartu berri direnen %9 baino ez dira, eta unibertsitatean hasi direnen %31».

«Gipuzkoa arlo guztietan desberdintasun txikiena duen munduko lurraldeetako bat izatea nahi badugu, ezin dugu desoreka hori onartu, justizia kontua delako, eta gizartearen zati handi baten talentu potentzialari uko egitea dakarrelako», aldarrikatu du

Ricardo Diez Muiño DIPCeko zuzendariak erantsi duenez, zentro honetan argi dute erakunde zientifikoek eta batez ere genero desoreka handia dagoen diziplinetan lan egiten dutenek kontratazio dinamikak hobetu behar dituztela emakume ikertzaile gehiago egon daitezen. «Gaitasun ikaragarriak dituzten emakume asko galtzen ari gara, eta haien beharra dugu, arrazoi askorengatik. Lehenik eta behin, bikaintasuneko ikerketa programak garatzeko behar ditugu. Behar ditugu, gainera, ikuspegi aniztasuna handitzeko; hori funtsezkoa da zientzian, gutxi bezalako jarduera sortzailea baita. Azkenik, eta ez da garrantzi gutxiagokoa, behar ditugu zientzian emakumeen ikusgarritasuna handitzeko eta neska gazteei ikerketa karrera erakargarri egingo dieten erreferenteak eskaintzeko», nabarmendu du.