Unai Jorge Fernandez - Salto Training

Indar entrenamenduaren onurak

Egungo ikerketetan oinarriturik, indar entrenamendua, gizakion osasuna hobetzeko tresna baliagarria dela esan daiteke. Gutxienez asteko bizpahiru saio egiten direnean, osasun fisikoan, fisiologikoan eta psikologikoan eragina duen entrenamendua da.

Azken hamarkadotan bizi itxaropenak gora egin du, eta, ondorioz, bizi ditugun urteen kalitateari gehiago erreparatzen diogu. Bizi itxaropenaren hazkundearekin eta zahartzaroarekin bat, geroz eta ohikoagoak dira sarkopenia (gihar masaren galera) eta osteoporosia (hezurren dentsitate galera) bezalako gaixotasunak. Horiek saihesten laguntzen du indar entrenamenduak. Hirugarren adinean, lan horri esker, independentzia maila luzatzen da, bizitako urteei kalitatea emanez.

Gainera, indar lanak fisiologikoki ere baditu beste onura batzuk. Esaterako, metabolismo basala handitzen du, atsedeneko egoeran kaloria gehiago kontsumituz eta pisuaren kontrola hobetuz; gantz kantitatea ere murrizten du. Organismoaren funtzionamendu zuzenean ere badu eragina, hesteetako zirkulazioa, arnasa eta osasun kardiobaskularra hobetuz edota odolean dagoen azukre kantitatea erregulatuz, besteak beste. Hori dena gutxi balitz, gorputzaren postura ere hobetzen du, artikulazioen mugikortasuna handituz, eta, bide batez, egunero izaten ditugun minak (bizkarra, sorbalda, lepoa…) gutxituz eta lesioen prebentzioan lagunduz.

Arlo psikologikoari erreparatuz ere onura ugari aipa ditzakegu. Indar lanak gorputz osaera hobetzen duenez (gihar kantitatea handituz eta gantza gutxituz), gure buruarekiko dugun irudia hobetzen du, autoestimua hobetuz. Bestalde, indar entrenamenduak loaldiaren kalitatea hobetzen du, hobeto deskantsatuz. Aipatzekoa da ere indar lanak gure gogo-aldartea hobetzen duela, bizitasuna hobetuz eta gu geu gizaki aktiboago bihurtuz.

Indar lana kirol errendimenduaren esparruaren barruan ere lagungarri dugu. Lan espezifiko batek errendimendua areagotzen du. Landutako giharrei ahalmen gehiago emateaz gain, ekonomikoagoak izaten laguntzen die, erresistentzia handitzeko, indar gehiago denbora gutxiagoan sortzeko, mugimenduaren mekanikan laguntzeko...