NAIZ

Euskal Encounterrek publiko orokorrari irekitako eremua berreskuratuko du 30. edizioan

Euskal Encounterrek milaka informatikazale elkartuko ditu uztailaren 22tik 25era Barakaldoko BECen. Aurten, gainera, Opengunea berreskuratuko du, publiko orokorrari irekitako espazioa. Berrikuntzak ere badakartza teknologia berriei eskainitako jaialdi erraldoiak.

Euskal Encounter topaketaren iazko irudia.
Euskal Encounter topaketaren iazko irudia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Uztailaren 22tik 25era, Barakaldoko BECen izango da Euskal Encounter-en 30. edizioa, eta, pandemiarengatik bi urtez itxita egon ostean, Opengunea berreskuratuko du. Gune publiko irekia da, eta bertan hitzaldiak eta tailerrak egingo dira doan.

Euskal Encounter informatikazaleen eta teknologia berrien zaleen topaketarik handiena eta zaharrena da Estatu espainiarrean. Topaketa honek «Barakaldoko BECen milaka lagun bilduko ditu berriro», nabarmendu du erakundeak prentsa-ohar baten bidez.

Ekitaldiak Opengune espazioa berreskuratuko du, publiko orokorrari irekitako eremua. Bertan, informatikaren sektoreko enpresek beren produktuak aurkeztuko dituzte eta «dozenaka prestakuntza-saio eta entretenimendurako proposamen» egingo dituzte.

Programatutako hitzaldietan, besteak beste, gai hauek jorratuko dira: adimen artifiziala, errealitate areagotua, zibersegurtasuna, konputazio kuantikoa, metabertsoa eta ibilgailu elektrikoak.

Edizio borobil honek, bestalde, badakartza berrikuntzak. Proposamen berrien artean, Streaming izeneko esparru berri bat sortu da, youtuber-en gisako eduki-sortzaileei zuzendutakoa. Urtetik urtera ohikoak bilakat diren gainontzeko esparruak ere izango dira BECen, adibidez, sormen digitalari, hardwareari, software libreari edo bideojokoei eskainitakoak.zie