NAIZ

Klima aldaketak eragina izan dezake hegaztien lumen kolorean, ikerketa baten arabera

EHUko eta Montpellierreko Centre d’Écologie Fonctionnelle et Évolutive (CEFE-CNRS) erakundeko zientzialariak lankidetzan aritu dira Estatu frantseseko amilotx urdinen populazioa 15 urtez aztertzeko, eta ondorioztatu dute euren lumen kolorea aldatu egin dela, seguraski klima aldaketaren ondorioz.

Amilotx urdina.
Amilotx urdina. (BEARACREATIVE | GETTY IMAGES)

‘The American Naturalist’ argitalpenean kaleratu duten ‘Long-Term Decrease in Coloration: A Consequence of Climate Change?’ ikerlanak klima-aldaketak amilotx urdinaren (Cyanistes caeruleus) lumen kolorean duen eragina aztertu du, non David Lopez-Idiaquez EHUko Zientzia eta Teknologiako Fakultatzeko ikertzailea denak parte hartu duen. 

David Lopez-Idiaquez ikertzailea. (EHU)

EHUko eta Montpellierreko Centre d’Ecologie Fonctionnelle et Évolutive-eko (CEFE-CNRS) zientzialariak elkarlanean aritu dira 15 urtez (2005-2019) Estatu frantsesaren hegoaldeko amilotx urdinen bi populazio aztertzen, bata Montpellierretik gertu eta bestea Korsikako ipar-mendebaldean.

2005 eta 2019 bitartean, urtero, populazio horietarako amilotx ugaltzaile guztiak harrapatu zituzten. Horri esker, amilotxen kolorazioari eta bestelako ezaugarriei buruzko 5.800 behaketa ohar baino gehiago lortu ahal izan zituzten ikertzaileek.

Amilotx urdinak beren koloreagatik nabarmentzen dira: koroa urdina eta bularralde horia dituzte. Azterlaneko emaitzen arabera, bi populazioen urdina eta horia gutxitu da 2005etik 2019ra. Beste era batera esanda, gaur egun, bi populazio horietan, amilotxen koroa urdinak eta bular horiak ez dira ikerketa hasi zenean bezain koloretsuak.

«Gure ikerketak adierazten du ingurumenaren aldaketak, klima aldaketa hain zuzen, izan daitekeela arrazoi nagusia hegaztien, amilotxak kasu, ezaugarri fisikoa aldatzeko, zehazkiago, kolorazioen distira eta intentsitatea», azaldu du Lopez-Idiaquezek. 

«Behatu dugu bi sexuetan eta populazioetan lumen kolorazioaren distiraren eta intentsitatearen joera negatiboa dela, nahiz eta Korsikan aldaketa hori klimarekin lotuago egon», esan du. «Badirudi lumajearen kolore aldaketa tenperatura-igoeraren (1,23 ºC) eta prezipitazioen jaitsieraren (0,64 mm) arteko konbinazioaren emaitza dela; beraz, klima aldaketa izan liteke alde horren kausa», zehaztu du.

Parekatzeko patroiak aldatu dira

Aldaketa estetiko hutsa iruditu arren, justu kontrakoa da: lumajearen aldaketak eraginak izan ditzake espeziaren parekatze patroietan. «Hegazti horiek kolorazioa erabiltzen dute beste banakoei adierazteko espezimen gisa duten kalitatea, eta hori erabakigarria da, adibidez, ugaltzeko», argitu du ikertzaileak.

«Azterlana egin da amilotxen bi populazioak jarraitu ditugulako 15 urtez baino gehiagoz, eta agerian utzi du zer garrantzitsua den epe luzeko ikerketak egitea, klima aldaketak gure inguruko ekosistemetan dituen ondorioak ulertzeko», nabarmendu du

Lurraldean aldaketaren bat gertatzen denean, animalien populazioetan lau ondorio hauetako bat gertatzen da: lehenik, aldaketa genetiko bat jasatea; bigarrena, aldaketa plastiko bat izatea (ezaugarri fisikoak aldatzea; ez, ordea, genetikoak); hirugarrenik, emigratzea; eta, azkenik, desagertzea. «Garrantzitsua da azpimarratzea amilotxen aldaketa ez dela genetikoa, plastikoa baizik, ingurumen baldintza berrietara egokitzeko moduetako bat», adierazi du.

«Kontuan hartuta gure ingurunea nahiko antzekoa dela, ez hain beroa, baliteke gure hegaztiek aldaketa bera jasan izana», teorizatu du EHUko adituak. «Dena den, mota horretako lau ikerketa baino ez daude munduan, bat ere ez Euskal Herrian; horregatik, oso interesgarria iruditzen zait halako ikerketak gauzatzea», gaineratu du.