NAIZ

Dortoka korrontezalearen ale berri bat aurkitu dute Urdaibain

Urdai Bird Centerreko teknikariek aurretik markatu gabeko dortoka korrontezale bat topatu dute. Hiru urte dira dortoka espezie honen ale bat topatzen ez zutela.

Urdaibain topatu duten dortoka korrontezalearen alea.
Urdaibain topatu duten dortoka korrontezalearen alea. (URDAIBAI BIRD CENTER)

Urdai Bird Centerrek astearte honetan jakinarazi duenez, aurretik markatu gabeko dortoka korrontezalearen ale berri bat aurkitu dute zentroko bi teknikarik. Hiru urte pasa dira Oruetako paduretan mota honetako dortoka ale batekin topo egin zuten azken alditik.

Zentrotik azaldu dute Oruetako paduretako dortoken populazioa kontrolatzeko segimentu lanak egiten ari zirela egin dutela topo animaliarekin.

Hori horrela, aurkikuntza «oso garrantzitsutzat» jo dute Bird Centerretik, duela hiru urtetik ez baitzuten espezie horren ale berririk aurkitzen: «Populazio batek bideragarria izaten jarrai dezan, kide berriak behar ditu. Beraz, markatu gabeko dortoka hau itxaropen handia da».

Era berean, Urdaibaiko bi espezie autoktonoak, dortoka korrontezalea eta dortoka istilzalea, espezie inbaditzaileen eta habitataren galeraren mehatxupean daudela ohartarazi dute. «Galapago hauek babesteko hezeguneen kontserbazioa eta populazioen jarraipena ezinbestekoa da», nabarmendu dute. 

Ale berri hau zenbatu aurretik, beste zazpi dortoka korrontezale eta dortoka istilzale bat zituzten identifikatuta Urdaibai Bird Centerreko beharginek. 

2017 eta 2019 bitartean, dortoken jarraipen taldeak 17 dortoka exotiko edo inbaditzaile erretiratu zituen Oruetako paduratik. Ordutik hona ez dituzte espezie inbaditzaileen ale gehiago topatu Urdaibain, zentrotik hori «berri ona» dela nabarmendu dute.