NAIZ

Euskadi Ikerkuntza Saria jaso du Nekane Balluerkak

2021eko Euskadi Ikerkuntza Saria jaso du Nekane Balluerka psikologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia saileko katedradunak.

Nekane Balluerka sariarekin, Urkullu eta Bildarratz alboan dituela.
Nekane Balluerka sariarekin, Urkullu eta Bildarratz alboan dituela. (IREKIA)

Nekane Balluerka psikologo eta EHUko errektore ohi eta Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia saileko katedradunak Euskadi Ikerkuntza Saria jaso du arratsalde honetan Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik.

Lehendakaritzaren egoitzan egin da ekitaldia, Gasteizen, eta han izan dira Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Amaia Esquisabel Ikerketa zuzendaria ere, besteak beste.

Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak urtero ematen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan, hau da, 2021eko deialdiaren kasuan bezala, Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana aitortzen du sariak; urte bikoitietan, berriz, Zientzia eta Teknologia modalitatean egiten da deialdia.

Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusi, bai eta EAE eta handik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea ere, betiere lanak «oso eragin positiboa» badu erkidegoan.

Nekane Balluerka Lasa irakasleak ekarpen nabarmenak egin ditu Diseinuen eta Datuen Analisiaren arloan, Gizarte eta Osasun Zientzietan ikerketak burutzeko, bai eta neurketa tresnak kultura artean egokitzeko metodologiaren arloan ere.

Psikologian lizentziaduna (1989) eta Psikologian doktorea (1993) da EHUn. Ikertzaile bisitari gisa egonaldiak egin ditu Arizona State University-n (1995), University of California-n (2005) eta Manchestergo Unibertsitaeko Cathie Marsh Centre for Census and Survey Research zentroan (2010). Portaera Zientzien Metodologia arloko katedraduna da EHUn 2009tik.

Bere lanaren ardatz dira ebaluazio psikologikorako tresnak lantzeko metodologiak garatzea, kulturen arteko egokitzapenerako; maila anitzeko analisi ereduak aplikatzea fenomeno psikosozialen azterketara; eta esku hartze programak diseinatzea, ezartzea eta ebaluatzea psikologiaren hainbat arlotan.

Azterlan horietatik eratorritako aplikazioek EAEko haur eta nerabeen ebaluazio ekitatiboa eta alborapenik gabea ahalbidetu dute. Balluerka doktoreak, halaber, berarekin lanean ari diren edo beren ikerketa taldeak gidatzen ari diren ikertzaileen eskola bat sortu du.