NAIZ

Kobaltorik gabeko tentsio handiko bateria bat garatzeko lanean ari da CIC energiGUNE

Baterietan espezializatutako energia ikertzeko CIC energiGUNE euskal zentroa Europako proiektu batean parte hartzen ari da, tentsio handiko kobaltorik gabeko bateriak garatzeko, eta, ibilgailu elektrikoetan eta abiazioan erabil ditzaten.

CIC energiGUNE, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea da.
CIC energiGUNE, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea da. (CIC energiGUNE)

CIC energiGUNE euskal ikerketa zentroak lanak hasi ditu tentsio handiko kobaltorik gabeko errendimendu eta tentsio handiko katodo gelaxka bat garatzeko, Europako beste 13 enpresa eta erakunderekin batera parte hartzen duen HighSpin proiektu europarraren baitan.

«Prestazio hobeak eta jasangarriagoak dituen Li-ion bateria bat proposatzeaz gain, proiektu honetan birziklagarritasunean jarriko dugu arreta, %90eko birziklatze efizientzia azpimarratuz, %99,9ko purutasunarekin», azaldu du Marine Reynaud CIC energiGUNEko proiektuaren ikertzaile nagusiak.

Horrela, HighSpin programarekin merkatura «epe laburrean» hurbiltzea aurreikusten dela esan du, «2028an automozio elektrikora eta 2030ean aeronautikara», hain zuzen ere.

CIC energiGUNEk parte hartzen duen Europa Horizontea deialdiaren barruan Europako Batzordeak onartutako zortzi proiektuetako bat da HighSpin. Euskal ikerketa zentroak arrakasta tasa maximoa lortu zuen deialdi horretan, parte hartzen duen bederatzi proiektuetatik EBk zortziri eman baitzien onespena, guztiak ere prestazio handiko baterien garapenari lotuak.

Zehazki, HighSpin proiektua tentsio altuko 3b belaunaldiko LNMO||Si/C materialen, gelaxken eta espinela moduluen garapenean oinarritzen da. Kobaltorik gabeak diren eta karbonoz estalitako aplikazioa duten horien bitartez, soluzio eraginkorrak eskainiko zaizkie egungo aukerei. Lurreko eta aireko garraioko aplikazioetarako duten bideragarritasuna frogatu ondoren, HighSpin-eko arduradunek epe laburrean teknologia industrializazio fasera igaro daitekeela aurreikusi dute.

HighSpin-ek oinarri duen LNMO||Si/C teknologiaren garapenak bat egiten du CIC energiGUNEk ere parte hartu zuen Europako aurreko 3beLiEVe proiektuarekin. Orain, proiektuaren jarduerak hauek dira: material aktiboak egonkortzea, haien mikroegitura optimizatuz; tentsio handiko elektrolitoen formulazioak garatzea; elektrodoen abiadura handiko laser egituraketa; eta sentsore operatiboak txip euskarrian sartzea, UMC (Gelaxka Kudeatzeko Unitatea) moduan.

Teknologia jasangarria egiteko materialen birziklagarritasunari eta bigarren bizitzari buruzko azterlanak egitea ere lan horren parte da. HighSpin-en garapenari lotutako merkatu zenbatespenek aurreikusten dute urtean 40 GWh baino gehiago banatzea eta 2030ean urteko 4.000 milioi euroko salmenta bolumena izatea.