NAIZ

Gaixotasun mental larriak dituzten pertsonek 20 urte gutxiago bizi dira bataz beste

Gasteizen egiten ari den Psikiatriako Eguneratze Ikastaro estatalaren XXXI. edizioan Javier Abad doktoreak azaldu du eskizofrenia, nahasmendu bipolarra edo depresio larria bezalako buru nahasmendu larriak dituzten pertsonak 20 urte gutxiago bizi direla pertsona osasuntsuak baino.

Eskizofrenia duten pertsonen bizi-itxaropena nabarmen murritzagoa da.
Eskizofrenia duten pertsonen bizi-itxaropena nabarmen murritzagoa da. (Getty)

Eskizofrenia duten pertsonek bi hamarkada gutxiago bizi dira batez beste, askok obesitatea, hipertentsioa edo diabetesa dutelako eta horrek bizi-itxaropena laburtzen dielako, Javier Abad doktoreak azaldu duenez. Abad, Maresmeko Osasun Partzuergoko (Katalunia) Osasun Mentaleko eta Adikzioetako Zerbitzuko zuzendaria da eta Obesitatearen Munduko Egunaren bezpera den honetan, patologia psikiatrikoetan gizentasunak dituen ondorioei buruzko hitzaldia eskaini du Gasteizen egiten ari diren Psikiatriako Eguneratze Ikastaro estatalaren XXXI. edizioan.

Abadek ohartarazi duenez, eskizofrenia, nahasmendu bipolarra edo depresio larria bezalako gaixotasun mental larria dutenen % 40k obesitatea eta horrekin lotutako arazoak dituzte, hala nola, hipertentsio arteriala, hiperkolesterolemia edo diabetesa. Faktore multzo hori sindrome metaboliko gisa ezagutzen da, bizi-kalitate okerragoa eta bizi-itxaropen baxuagoa eragiten dizkiena gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko arriskuagatik, eta, beraz, miokardio-infartu baten ondorioz hiltzeko arrisku handiagoa dute gainerako biztanleek baino. Horregatik estimatzen da eskizofrenia duten pertsonak bi hamarkada gutxiago bizi direla.

Hainbat faktorek eragiten dute Buruko Nahasmendu Larria (TMG) duten pertsonen obesitatea: tratamendu psikofarmakologikoen albo-ondorioak, bereziki antipsikotikoenak edo bizi modu osasuntsua ez eramatea, dela gantzean altuegia den dieta egiteagatik ala behar beste ariketa fisiko ez egiteagatik.

Abadek azaldu duenez, gaixotasun mental larriak «disfuntzioa eragiten die familiartean, gizartean eta lanean, eta horrek eragotzi eta ezgaitu egiten du pazientea eguneroko zereginak egiteko eta bizitza aktibo eta normalizatua izateko». «Osasun fisikoa baldintzatuta ikusten dute eta maneiatzeko konplexua den zirkulua eratzen da», baieztatu du.

Esku-hartzearen zailtasunak

Egoera horri amaiera emateko, adituak beharrezkotzat jo du osasun mentaleko, nutrizioko, jarduera fisikoko eta erizaintzako profesionalen arteko lankidetza, sindrome metaboliko hori tratatzeko. Zehaztu duenez, sindrome horrek erraietako obesitatea eragiten du, gerri inguruan gorputz-gantz gehiegi pilatzea eragiten duena, baita presio arteriala areagotzea, odoleko glukosa-maila igotzea eta kolesterol- edo triglizerido-maila anormalak izatea ere.

Eragin ditzakeen osasun arazoak «gaixotasun kardiakoa, istripu zerebrobaskularra eta 2 motako diabetesa izateko arriskua» dira; horregatik, obesitatea tratatzeko medikazio espezifikoaren erabilera beharrezkoa dela adierazi du, dietarekin, obesitatea ekiditeko tratamendu psikofarmakologikoarekin eta ariketa fisikoarekin batera.

Aitortu duenez, buru nahasmendu larria duten pazienteen kasuan «zaila da esku-hartze dietetikoak eta ariketa fisikoa sustatzeko esku-hartzeak egitea, motibaziorik eta ekimenik ez dutelako», baina pisua murrizteko terapia erabilgarriak dira. Obesitatea izatera daramatzan beste faktore bat isolamendu soziala da, Abadek azaldu duenez. Izan ere, pazienteek denbora gehiago ematen dute etxean, eta askok janariarekin egiten diote aurre antsietateari. Horregatik da garrantzitsua paziente bakoitzarekin plan pertsonalizatua ezartzea horrelako jokabideak hobetzeko.