Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
Anari Alberdi
Kantautorea eta idazlea

«Hemen hainbeste denboran jarraitu nauen eta euskaraz ez dakien jendea ere badago»

‘Demoliciones controladas’ (Pepitas de Calabaza) erabateko bitxikeria bat da: euskal kantautore baten kanten antologia da, gaztelaniazko publikoari zuzenduta eta Errioxako argitaletxe batek kaleratuta. Anari Alberdik (Azkoitia, 1970) argi du «opari» bat dela.

Anari Pepitas de Calabazas argitaletxeak kaleratu dion liburuarekin.
Anari Pepitas de Calabazas argitaletxeak kaleratu dion liburuarekin. (ANARIK UTZITAKO ARGAZKIA)

«Hemen nire hitz guztiak daude», dio Anarik. Nervión tabernaren mahaiaren gainean ‘Demoliciones controladas’ liburua dago, ordu batzuk barru Anti liburudendan aurkeztuko duena. Lau bat hilabete  baino ez dira pasa ‘Gari eta goroldiozko’ (Susa), bere lehen nobela, kaleratu zuenetik. Prosa poetikoa, mamitsua, indar emozionalez blai, irakurketa gurutzatuez beteta eta Anariren kanten unibertso metaforikotik arnasten duena.

‘Demoliciones controladas’ beste zerbait da. 26 urteetako ibilbidean Anarik idatzitako kantak, hitzak, biltzen dira antologia honetan, era kronologikoan. Bidaia ‘Anari’ (Esan Ozenki, 1997) diskoan du abiapuntu eta ‘Orain entzungo duzun hau’ (Bidehuts, 2021) singlean bukatzen da.

«Hemen poesia dago», bota zioten Pepitas de Calabaza-koek. Proposamena Logroñon errotutako argitaletxe honek berak luzatu zion; hots, «zinexin batek baino proiekzio txikiagoa duen argitaletxeak». Horrela definitzen du bere burua orain justu 25. urteurrena betetzen duen argitaletxe honek; definizioa ez dator bat errealitatearekin, noski. Bernardo Atxagaren hitzaurrea du liburuak, Iñigo Astizek ‘antolatu’ du –«esan nuen: behar dut norbait nire letrak nik baino gehiago maite dituena», argitzen du Anarik– eta Anarik berak itzuli ditu letrak.

Kanten aukeraketa bat egiteko beta zenuen, baina ez duzu egin; era kronologikoan sartu dituzue. Halere, ez dituzu berdin ikusiko hasierako letra horiek, perspektiba aldatzen baita denborarekin.

Printzipioz ez nuen nahi ordena kronologikoa izaterik; norbaiti emango banizkion nire lehen bost letrak irakurtzeko ez lirateke izango nire lehen bi diskokoak. Baina kontziente nintzen testu bakoitzak bere idiosinkrasia duela. Garai horretan indarra izan zuten kanta horiek eta, beraz, oraindik zerbait daukate; eta zuk 25 urteekin idazten dituzu, baina orain badago 25 urtekoak entzun eta irakurtzen dituztenak. Orduan bada leku bat elkartzeko. Azken erabakia izan zen kronologikoa izatea, baina beste aukeraketa bat izan zitekeen: animalika, sentimentuka... eta Iñigo Astiz konturatu zen berehala hitz asko daudela elkarrekin lotuta diskoetan eta ezin zirela askatu. Ezin zen ‘Ametsen eraiste neurtua’ jarri 20. orrian eta ‘Orfidentalak’ 40an, zeren ‘Orfidentalak’ aipatzen du ‘Ametsen eraiste neurtua’. Bai ala bai eginda joan behar zuten dauden moduan. Nik diskoka idazten dut.

Ezustean hartu zaitu jarraitutasun hori ohartzeaz?

Kontziente nintzen. Diskoetan niretzat errekurtso bat da esaldi batzuk abesti desberdinetan errepikatzea, eta garatzea.

Liburu batean jartzean galdera sortzen da: kanta ala olerkiak? Poemak bezala irakur daitezke? Edo kantak direla erreibindikatzen duzu?

Nik beti erreibindikatu dut kanta izatearena. Askotan esplikatu dut hau: niretzat garai batean kalitate edo erreferentzia baten adierazle izan da poesia. Hemen poesia kantatzeko tradizio handia dago, eta kantautoreak saiatu gara horrelako abesti poetikoak egiten. Nik errekonozitzen ditut nire abestigintzan eta, horregatik, nire ustez niregan badago despoetizazio bat. Metaforizazioa beti dago nire diskoetan, baina nik, nire intuizioaren arabera, hau ez baita zientzia bat, eboluzio bat bilatu dut. Ez dakit lortu dudan, baina bilatu dut eboluzio hori. Esaterako, ‘Aztarnak’, niretzat poema bat da eta poema egitura du («Desertu erdian bale/ eskeletu bat da behin / itsasoa han izan zeneko aztarna bakarra», ‘Habia’ diskoa).

Momentu horretan bilatuta horrela idatzita zegoen kantua da, eta arriskutsua da, zeren nik orain ez dakit horrelako abestia egingo nukeen. Poema on batek ez du kantu on bat bermatzen eta kantu on bat izan daiteke bi-hiru esaldi, testu batean ez dutena ezer esaten, baina kantu batean bai. Nik sinisten dut abestia genero bat dela: Literaturako irakasle naiz eta lehenengo genero literarioa ikasten dena kantutegia da, galego-portugesak edo Al-Andalusekoak. Kantutegi horrek dauka bere logika propioa, bere estrofa-estribilloa, bere errepikapena....

Letra apartak dituzu. Idazteko modu berezia duzu, esateko modu bat oso zurea.

Bila ibili naiz, eta ari naiz. Nik uste dut, harrokeriarik gabe, esan dezakedala badaukadala zera propio bat, bilatu dudala ahots propio bat, begirada bat nahi baduzu.

Gaztelaniaz nola ‘entzuten’ duzu zure ahotsa? Zure lehen diskoko kantak gaztelaniaz ez zaizkit hain ilunak iruditu. ‘Argitsuagoak’ dira.

Baliteke, baina orain itzuli ditut eta itzultzean badago orain 25 urte esaten nuena eta baita badago ere esan nahi nuena: ‘Hau esaten dut baina hau esan nahi nuen’ Egon daiteke errektifikazioa bat ere.

Lizentziarik ez al duzu hartu?

Ez hainbeste. Lizentzia metrikoak hartu ditut. Saiatu nintzen euskarazko estrukturan sartzen gaztelaniazko hitzak eta elipsi asko egin behar zenituen, eta gelditzen zen oso kriptiko-poetikoa, jasoagoa oraindik euskaraz baino. Gustura itzuli ditut baina kontziente izanik ez naizela itzultzailea. Nire irizpideen arabera egin dut, baina eskatu diot azken begirada Asun Garikanori.

Aldaketa asko egin al ditu?
Ez asko, baina oso pertinenteak.

Interesgarria izango da orain ikustea zein motako ‘feed back-a’ duen liburuak gaztelaniazko irakurlerian.

Nik ez dut espero inongo... Ardatza argi daukat hemen daukadala, eta gero itzultzen dituzu hitzak eta beti datorkizu España, baina niretzat bada ere Euskal Herrian hainbeste denboran jarraitu nauten euskaraz ez dakien jendea. Niri buruz idatzitako lehen artikulua, diskoa atera aurretik, Pablo Cabezak egin zidan. Bi orriko artikulua, hitz bat ere ulertu gabe. Badago publiko bat letrak ulertzen ez dituena, eta Euskal Herrian badago ere jende hori; eta bestetik esaten duzu Madrilen egongo dira bost  zale, baina egongo dira Argentinan bi edo hiru... horrek zabaltzen zaitu munduko salbuespenetara. Gaztelania da mundu mailako hikuntza bat, ez delako bakarrik Madril, eta hori ere ederra da. Gaztelaniaren hiru plano daude hemen: bat, hemen ezagutzen gaituztenak eta beti hemen egon direnak, beste bat da España, nahi baduzu, eta beste bat Latinoamerikan.

‘Gari eta goroldiozko’ irakurtzen ari naiz. Ez da erraza, dentsoa da...

...Exijentea, intentsoa. Oso feed back ona jasotzen ari naiz, baina kontziente naiz ez dela liburu erraza. Niretzat poesia da idatzita prosan. Zizelka poetikoa du, erritmo poetikoa dauka. Liburu hau Anariren 120 orrialdeko abesti bat bezala dela diote. Gustora nago eta oso kontzientea naiz bakoitza leku desberdinetik irakurtzen duela, abestiekin gertatzen den  bezala. Bakoitzak jartzen dio bere partea, bere esperientzia, eta horrek ematen dizu testua aberastea.

«Niri buruz idatzitako lehen artikulua, diskoa atera aurretik, Pablo Cabezak egin zidan. Bi orriko artikulua, hitz bat ere ulertu gabe. Badago publiko bat letrak ulertzen ez dituena»

Las canciones y el universo de Anari, traducidos al castellano

‘Demoliciones controladas’ es el título de esta rara avis en forma de libro editado por la editorial de Logroño Pepitas de Calabaza, con prólogo de Bernardo Atxaga. Un recorrido por los once títulos, entre discos y singles, de Anari, una de las voces y plumas más personales nuestra música. Además de dar a conocer al público en castellano sus letras, también sirve como recopilación de las de euskara. El viaje va desde aquel primer ‘Anari’ (Esan Ozenki, 1997) hasta el single más reciente, ‘Orain entzungo duzun hau’ (Bideuts, 2021).