NAIZ

3Dn inprimatutako Terran 1 suziria arrakastaz aireratu da, bere bideragarritasuna erakutsiz

Terran 1 suziria, 3D inprimagailuekin egindako osagai gehienak dituen lehena, arrakastaz aireratu da Floridako Cañaveral lurmuturretik (AEB), baina, atmosfera gainditu ondoren, akats bat izan du bigarren etapan, eta, ondorioz, ezin izan du orbitara heldu.

Terran 1 suziriaren aireraketa Floridako Cañaveral lurmuturrean.
Terran 1 suziriaren aireraketa Floridako Cañaveral lurmuturrean. (Relativity Space / AFP)

Bi saiakera huts egin ondoren (martxoaren 8an eta 11n), Terran 1 suziria arrakastaz aireratu zen asteazkenean, gaueko 23.25ean [ostegun goizaldea Euskal Herrian]. 3D inprimaketetan oinarritutako teknologiarekin %85ean eraikitako lehen suziri espaziala da, baina Kalifornian egoitza duen Relativity Space-ren helmuga %95era iristea da.

Nahiz eta Terran 1 arrakastaz aireratu zen, atmosfera gainditu ondoren akats bat izan zuen bigarren etapan eta, ondorioz, ezin izan zuen orbitara heldu, aurreikusita zegoen bezala.

Zuzeneko emanaldian, suzirian instalatutako kamerak erakutsi zuen bigarren etapako motorra segundo batzuk geroago abiatzen hasi zela, baina ez zirudien guztiz pizten zenik. Aireratu eta ia 6 minutura, enpresako esatariek baieztatu zuten ibilgailua ez zela orbitara iritsi. «Gure taldeak datuak arretaz aztertuko ditu zer gertatu den zehazteko», iragarri zuen esatarietako batek.

Hala ere, Relativity Spacek egindako suziriaren aireratzeak 3D inprimaketako teknologiak aireratze bati eusteko bideragarriak direla frogatzeko balio izan zuen, baita Max-Q, inprimatutako egituretarako tentsio egoerarik altuena, arrakastaz jasateko ere.«Gaur garaipen handia da», adierazi zuen konpainiak.

Terran 1 suziria. (AFP)

Terranek 35 metroko luzera eta 2,2 metroko diametroa du, eta bere motorrek (3D-n ere inprimatuak) oxigeno likidoa eta gas natural likidotua erabiltzen dituzte.