SPONSORED CONTENT

Antzuolan eta Irurtzunen ere jaietan ibiliko dira

Antzuolan eta Irurtzunen ere izango dira jaiak egunotan. Gipuzkoako herrian hasi dituzte dagoeneko eta izango da zertaz gozatu igandea bitarte. Eta Nafarroa aldean, berriz, datorren astean izango dituzte festak. Biek badute zerbait komunean: azken urtean jaiotako haurrei zapiak jarriko dizkiete.

Antzuolan ostegunetik ari dira jaiak ospatzen.
Antzuolan ostegunetik ari dira jaiak ospatzen. (Gotzon ARANBURU)

Antzuolako jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak egitarau zabala antolatu dute lau egunetarako, ostegunean hasi eta domeka bitartean (uztailak 16). Horrela bada, ostegunean bertan bota zuten jaien hasierako txupina, eta Antzuolako zapia jarri zieten iazko jaietatik aurtengoak bitarte jaiotako umeei, baita herriko bi nagusienei ere.

Haur, gazte zein helduentzako jarduerak izango dituzte asteburuan, baina, zalantzarik gabe, larunbata (uztailak 15) izango dute egun handia, izan ere, alardearen eguna izango da. Ekitaldian, bi gertaera historiko goraipatzen dituzte urtero; batetik, 920. urtean Nafarroako Muetzen arabiarren aurkako borrokan antzuolarrek Nafarroako erregeari lagundu ziotela, eta, bestetik, Foru aginduei jarraituz, udal miliziek urtero armak aztertzeko egin ohi zuten erakusketa.

Aurten, gainera, Zishan Tariq antzuolarra izango da alardeko mairua, Juan Carlos Gomezen lekukoa hartuta. Jatorri pakistandarra du Tariqek, eta 2006an iritsi zen Antzuolara. Urtero ikusi izan du alardea, eta erabakia hartzea ez zaio batere kostatu, lagun baten proposamena onartuta. Beraz, pozik paseatuko da aurtengo alardean, zaldiaren gainean.

Igandean (uztailak 16), Larrain dantzak ez du hutsik egingo, Oinarin dantza taldearen eskutik, Herriko Plazan. Jaiei bukaera emateko, Hontzaren igoera egingo dute.

Antzuolako establezimendu laguntzaileak: Elay, Goizper.

Irurtzunen datorren asteazkenean botako dute jai hasierako txupinazoa. (Iñigo URIZ | FOKU)


Irurtzunen datorren astean ospatuko dituzte jaiak, uztailaren 19tik 23ra. Antzuolan egiten duten bezalaxe, azken urtean jaiotako haurrei zapiak jarriko dizkiete jaien atarian, eta erraldoi eta buruhandien konpartsaren ipuina banatuko diete. Ondoren, jaiak iragartzeko txupinazoa botako dute udaletxeko balkoitik eta, bost egunean, jarduera mordoa izango dituzte.

Aurten ere "Barazki gunea" delakoan hainbat ekitaldi antolatu dituzte, tartean musika kontzertuak, lehiaketak eta bazkari zein afari herrikoiak. Festetan zehar, gainera, garagardo artisauen dastaketa izango da.

Egitarau ofizialean, bestalde, aipatzekoak dira hurrengo ostiralean (uztailak 21) kalderete lehiaketa, eta ondorengo bazkaria. Sukaldariek derrigorrezko osagaiak izango dituzte beren kazuelak egiteko, horien artean untxia edo arkumea, patatak, baratxuria, tipula eta tomatea.



Azken egunean, igandean (uztailak 23), Erraldoi eta Buruhandien Konpartsen elkarketa egingo dute, Irurtzungo Konpartsaren XL. urteurrena dela eta. Horrela, Lakuntza, Lekunberri, Burlata eta Irurtzungo konpartsek bat egingo dute.

Irurtzungo establezimendu laguntzaileak: Baiza Motor, Urrutia Enea harategia, Villegas Dominguez Hnos, La Tahona.