SPONSORED CONTENT

Etxarrik eta Berak festetan murgilduta esango diote agur uztailari

Udako jaien egitaraua aurrerantz doa pixkanaka eta, uztail bukaera honetan, Etxarri-Aranatz eta Bera izango dira jaietan murgilduko diren Nafarroako herrietako bi.

Etxarri Aranazko jai hasiera larunbata eguerdian izango da.
Etxarri Aranazko jai hasiera larunbata eguerdian izango da. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Etxarri Aranatz izango da jaien hasierako suziria lehenbizi botako duen herria. Larunbatean izango da hori (uztailak 29) eta aurtengo egitaraua zazpi egunez luzatuko da, abuztuaren 4an izango den Inutillan egunera arte.

Lehenbiziko egun honetan, suziriaren aurretik 2022an jaiotako haurrei zapia jarriko zaie, eta jaien hasiera ofiziala eguerdiko 13.00etan izango da, txupinazoarekin eta erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteerarekin. Aurten Rafael Carasatorre herriko historialariak piztuko du suziria, «herriarekiko maitasuna gure barnean txertatzen laguntzeagatik eskerrak emateko». Arratsaldeko 20.00etan Sarek antolatutako Etxera! manifestazioa egingo da eta ondoren, herriko elkarteek prestaturiko ohiko auzatea.

Hortik aurrera, zazpi egunetan mota eta gustu guztiendako ekitaldiak antolatu dituzte: herri kirolak, pilota partidak, zezensuzkoak, haurrendako animazioa, herriko musika taldeen kontzertuak, kalejirak, herri bazkariak, pintxopotea, play back txapelketa eta bertsolariak, beste batzuren artean.

Musika arloak ere garrantzi berezia izango du aurten, herriko plazan zein gaztetxean izango diren kontzertuekin: larunbata 29 Trikiteens; igandea 30 Imperial Elegancia Mexicana, Xaibor, Pantxo Balbuena eta Etxarriko musikariak, eta gaztetxean Hofe eta DJ Reymi; astelehena 31 Trikidantz eta DJ Armo; asteartea 1 Swingtronics, Rockalean, Willis Drumond eta Dupla; asteazkena 2 Muxutruk eta gaztetxean Galazotak, Sustrai Berriak eta Herdoil; osteguna 3 Zazpizar erromeria; eta ostirala 4 Akerbeltza plazan, eta Fresa Morango DJ gaztetxean.

Etxarri Aranazko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Adia aholkularitza, Derry taberna, Lekuona taberna, Portuko okindegia, Etxarriko Kanpina.

 

Buruhaundi eta erraldoiak, Berako festen hasieran. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
  


Berako jaien txanda

Beran jai hasiera ofiziala datorren asteazkenean izango bada ere, asteburu honetan zenbait ekitaldi antolatu dituzte, hala nola 4x4 autoen ikuskizuna larunbatean (uztailak 29), Berako XX. Txirrindularitza proba igandean (uztailak 30) edota Berako IX. Gau Krosa asteartean (uztailak 1).

Esan bezala, aurtengo San Esteban festen hasiera ofiziala asteazkenean izango da (abuztuak 2) eguerdiko 12.00etan botako den altxafero eta ezkil-jotzearekin. Ondoren, erraldoiak eta buruhaundiak karrikaz karrika ibiliko dira Incansables txarangak, Ezpelur gaiteroek eta Berako gaita eskolak lagunduta. Txosnen irekiera arratsaldeko 19.00etan izango da Toki Onako patioan.

Hortik abiatuta, bost egunez luzatuko da aurtengo egitaraua eta bertan ez dira faltako dantza herrikoiak, bertsolariak, herri danborrada, pilota partidak, kantu bazkaria… Aurten, hori bai, ez da kukañarik izango, Ur Konfederazioak jarritako baldintzak «beteezinak« direlako eta urak ez duelako osasun bermerik, beste arrazoi batzuren artean.

Musika arloan, honako talde hauen emanaldiak daude iragarrita: Akerbeltz (asteazkena 2), DJ Bull (osteguna 3), Trikidantz (ostirala 4), Olaia Inziarte eta Des-kontrol (larunbata 5); eta Hammond York (igandea 6). Gainera, bost egunetan Incansables txaranga arituko da karrikaz karrika.

Berako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Berako udala, Manuel Taberna edariak.