NAIZ

‘Mundu berri baten mapa’ abestiaren bertsio sinfonikoa, Pello Armendarizen agurra

Skakeitanek utziak ditu agertokiak baina taldeko abeslari Pello Armendarizek Ura Bere Bidean egitasmoa baliatu du zaleei agur esateko.

Skakeitaneko taldekideekin batera ezagun egin zuen ‘Mundu berri baten mapa’ abestiaren bertsio sinfonikoa ondu du Pello Armendarizek. Lanaren Making Off-a jasotzen duen bideoa ezagutarazi da astelehen honetan. Armendariz bera eta Fernando Velazquez zuzendari getxoztarra proiektuaz ari dira bertan.

Fair Saturday-k bultzatutako proiektuan parte hartuz esango dio agur publikoari abeslariak, nahiz taldeak joan den otsailetik utzia duen eszena.

Konplikazioa

Proiektu berritzailea eta anbiziotsua da. «Konplikatua da abestia», onartu du abeslariak gaur argia ikusi duen bideoan.

«Orkestra Sinfoniko bat ska egiten entzun dugun lehen aldietakoa da. Ez daukagu nazioarten gisa honetako esperientziarik egin denik», adierazi du Jordi Albaredak, Proiektua Fair Saturday fundazioaren sustatzaileak.

Ekainera arte joan da Velazquez orkestra-bertsioak prestatzen. Ekainaren hasieran kantuen ikus-entzunezko grabazioa egin dute Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearekin eta hortik aurrera, pixkanaka ari dira kanten moldaketak publiko egiten.

Abestien estreinaldi digitala irailaren 1etik aurrera egingo da. Astean behin kanta bat argitaratuko da eta, bide batez, sortzaileen gogoetak, oroitzapenak eta inpresioak bilduko dira prestatuko diren dokumental antzekoetan.

BECen zuzenean

Fair Saturday Fundazioak hainbat egitasmo ditu eskuartean. Batetik, orain aurreratuz joan diren bertsioak zuzenean entzuteko parada izango da udazkenean. Ura Bere Bidean jaialdia urriaren 28an egingo da.

20 artista oholtza gainean. Doctor Deseoko Francis, Süne, Parabellum, Delirium Tremens (Andoni Basterretxea), Urtz (Xabi Camarero), Sorotan Bele (Urbil Artola eta Gorka Sarriegi), Gozategi (Asier Gozategi eta Iñigo Goikoetxea), Mikel Urdangarin, Gatibu (Alex Sardui eta Haimar Arejita), Zea Mays (Aiora eta Piti), Anne Etchegoyen, Esne Beltza (Xabi Solano), Skakeitan (Peio Armendariz), En Tol Sarmiento (Iñigo Etxezarreta), Kalakan, Olatz Salvador, Bulego (Tom Lizarazu), Idoia eta Neomak entzungo dira urrian egingo den emanaldi berezian.

Eta gonbidatu bat, Rozalen. ‘Matriz’ diskoan euskaraz egin duen ‘Xalbadorren heriotzean’ kantaren bertsioa egingo du BECen.

Salgai daude urriaren 28an BECen egingo den bigarren jaialdirako sarrerak 12 eta 75 euroen arteko salneurrian. Aforoa: 11.000 eta 11.500 ikusle. Sarrerak agortuz gero ez da beste bigarren hitzordu bat egingo baina, antolatzaileek aitortu dutenez, eskaera handia egonez gero agian bezperako entsegu orokorrerako ateak zabalduko dituzte. Iaz kolektibo desberdinetako 600 lagunei eman zitzaien aukera entsegu orokorra ikusteko; aztertzen ari dira ikuslegoa, egun horretan, handiagoa izan dadin. Aipatzekoa aforoaren %30a erreserbatuta dagoela hasieratik, iaz egon zirenei eskaintza egin zitzaielako orduan oraindik kontzertuko partaideak nortzuk izango ziren jakin ez arren.

Nabarmentzekoa da egungo euskal musika egitura sinfonikora moldatzen duen proiektua Gasteizera hedatu izana.

Urriaren lehen hamabostaldirako, bestalde, errealitate birtualeko betaurrekoekin ikusi ahal izango diren 360 gradutan egindako grabazioak jarriko dituzte eskuragarri.