NAIZ

Aztik Bilboko itsasadarraren bilakaera geologiko eta biologikoa erregistratuko du

Paleosedimentuen lagin bilketa batean parte hartu du ostegun honetan Azti zentro teknologikoak Bilboko itsasadarrean, ekosistemaren egungo egoera eta itsas biodibertsitatean industriaurreko arotik gaur egunera arte izan diren aldaketak aztertzeko.

Aztiko kideak, Bilboko itsasadarrean, lagin bilketan.
Aztiko kideak, Bilboko itsasadarrean, lagin bilketan. (AZTI)

Azti zentro teknologikoak eta Ifremer itsasoa esploratzeko frantziar Estatuko ikerketa institutuak paleosedimentuen lagin bilketa batean parte hartu dute ostegun honetan Bilboko itsasadarrean, ekosistemaren egungo egoera eta itsas biodibertsitatean industriaurreko arotik gaur egunera arte izan diren aldaketak aztertzeko.

Ikerketa Europako BIOcean5D ekimenaren parte da. Ekimen horretan, «kontinenteko biologia molekular eta zelularreko, itsas biologiako eta sekuentziazioko zentro nagusiek parte hartzen dute, eta itsas biodibertsitatearen esplorazio holistikoa egiteko teknologia, protokolo eta eredu multzo bakarra» eraiki nahi dute. Birusetatik hasi eta itsas ugaztunetaraino, «egungo egoera diagnostikatzeko eta giza jarduerak eragindako inpaktu historikoa hobeto ulertzea» da helburua.

Ikertzaileek Bilboko itsasadarra zeharkatuko dute Ekocean itsasontzian, sedimentu laginak jasotzeko. «Paleosedimentuetan dagoen ingurumeneko DNA zaharraren analisiak informazio baliotsua ematen du eskualdeko ingurumen eta geologia historiari buruz, bai eta hainbat garaitan itsasoan bizi izan ziren organismoei buruz ere».

Biltzeko, corer izeneko hodi baten antzeko tresna bat erabiliko da. Horri esker, itsas hondoko sedimentu-laginak lor daitezke, eta, ondoren, geruza bakoitzaren osagai kimikoak, biologikoak eta geologikoak azter daitezke. Azterketa mota hau beste 15 lekutan egingo da Europako 10 herrialdetan, Naiara Rodriguez-Ezpeleta Aztiko ikertzaileak azaldu duenez.

Gainera, Tara Ocean Foundation itsasontzian, BIOcean5D proiektuko ikertzaileek ur-zutabeko laginak ere jasoko dituzte Bilboko itsasadarrean eta Urdaibain, urriaren 5etik 10era bitartean. «Uretako litro batzuen ingurumeneko DNAren analisiaren bidez, arrain espezieen edo beste organismo interesgarri batzuen ugaritasuna eta banaketa zehaztu daiteke. Teknologia honi esker, ur masa batean bizi diren tamaina handiko organismoak identifikatu daitezke hauek ikusi gabe, uretan dauden zelula, ehun edo mukosen formako DNA arrastoak sekuentziatuz» adierazi du ikertzaileak.

Euskal kostaldean eta Europa osoan zehar egindako espedizio honetan lortutako laginak BIOcean5D Partzuergoko ikerketa zentroek aztertuko dituzte, eta horrek ekosistemen ezagutzan aurrera egitea ahalbidetuko du. Zehazki, Aztik Europako kostaldean biltzen diren laginen espezieen eta osagai biologikoen azterketa gidatuko du, itsas ingurunean bizi diren arrainen, elasmobrankioen (marrazoak eta marrak), ugaztunen eta hegaztien espezieak ezaugarritzeko.