Mikel Aginagalde
Interview
Gorka Muniozguren
2022ko Bilboko Gazta Lehiaketako irabazlea

«Gure produktua ezagutarazteko aukera bikaina da San Tomas azoka»

Gorka eta Iban Muniozguren anaiak dira; biak ala biak gaztagileak. 2010. urtean ekin zioten lanbide horri Markina-Xemeingo Larruz baserrian. Bertan jaio eta hazitako ahuntzen esnearekin eginiko gazta bikaina ekoizten dute, eta azken boladan zenbait sari ere irabazi izan dituzte han eta hemen.

Gorka Muniozguren, bere ahuntzen esnearekin egindako gazta eskuetan duela.
Gorka Muniozguren, bere ahuntzen esnearekin egindako gazta eskuetan duela. (Oskar MATXIN | FOKU)

Iaz gazta onenaren saria eskuratu zenuten Bilboko San Tomas azokan. Izan al du horrek eragin onuragarririk negozioaren egunerokoan?

Bai, halaxe da. Joan den urtean ahuntz gazta onenaren saria irabazi genuen Bilbon. Esan beharra dago iaz, estreinakoz, ahuntz gaztaren lehiaketa ospatu zela bertan; izan ere, hori baino lehenago ardi gaztarik onena soilik aukeratzen zen. Egia esateko, azken urtea biribila izan da; hasteko, Bilboko txapela janztea lortu genuen iazko San Tomas azokan, eta aurten, Tolosako Esneki azokan, Euskal Herriko gaztarik onenaren saria eskuratu dugu. Gauzak horrela, bezero gehiago hurbiltzen zaizkigula sumatu dugu, eta hori, nola ez, poztekoa da.

Aurten ere Bilbon bistaratuko dituzue zuen gutiziak. Lehen postua errepikatzeko aukerarik ikusten al duzue?
Aurten ere bertan izango gara, bai, baita Lekeitioko azokan ere. Esan behar dugu oraingo honetan ere aurreikuspen onak ditugula. Izpiritu positiboa izan behar dugu, noski. Guk gazta ona eramango dugu ziur. Hala ere, garbi dago lehia handia izango dela, plazaratzen diren produktu gehien-gehienak kalitate bikainekoak direlako.

Esan bezala, plazaz plaza ibiliko zarete garai honetan. Zergatik da garrantzitsua zuek bezalako abeltzain eta nekazarientzat gisa horretako azoketan zuen produktuak jartzea?
Azken finean, horrelako ekitaldiekin aurpegia ipintzen diozu zure ekoizpenari. Izan ere, jende andana ibiltzen da postuak ikusten eta gure produktua plazaratzeko eta ezagutarazteko aukera bikaina da. Gainera, bezeroekin harreman zuzena izaten dugu, eta haiek izan dezaketen edozein zalantza argi diezaiekezu. Bestalde, gabonetako azoketan salmenta ona izan ohi dugu, eta horrexegatik da garrantzitsua horietan presentzia izatea.

Olatu aparretan izan zarete azken boladan, eta hori ondo egindako lanaren saria da. Zein da ahuntz gazta bikaina ekoizteko behar-beharrezkoa dena?
Ezinbestekoa da lehengai ona izatea. Esne ona baldin badaukazu, ziur gazta ona ere izango duzula. Gure kasuan kalitatezko ahuntz esnea da behar-beharrezkoa. Hori lortzeko animaliak ondo-ondo zaindu behar dira, eta horixe da guk egiten duguna. Gure ahuntz guztiak baserrian bertan jaio eta hazitakoak dira, eta gure gaztaren %100 eurek emandako esnearekin ekoizten dugu. Baina ez hori bakarrik, oso garrantzitsua da gaztandegia, korta eta makinak ere garbi-garbi mantentzea.

Lehen sektoreak, zoritxarrez, ez du unerik gozoena bizi Euskal Herrian. Nola ikusten duzue egoera, aurrera egiteko baikortasunik ba al daukazue?
Orain arte, eta zailtasunak zailtasun eta oztopoak oztopo, aurrera egitea lortu dugu guk, baina sektoreko beste adar batzuekin alderatuta, esnegintzaren sektorea gainbehera doala ikusten dugu. Inbertsio handia behar izaten duen jarduera da, pentsua eta bestelako produktuak oso garesti daude gaur egun, diru-sarrerak urriak dira eta lan handia egin behar izaten da bizirauteko. Etorkizuna beltza eta ziurgabea da, zalantzarik gabe.