‘Hasiera bat’: denboraren makina martxan jarri du Gorka Urbizuk

Zazpi urtez abesti propiorik kaleratu gabe egon eta gero, etorri da Gorka Urbizuren bakarkako estreinako lana, ‘Hasiera bat’. 2014an ‘Mila Esker (A Tribute To Lou Reed)’ diskoan ‘Who Am I?’ moldatu zuen; bada, 70etara joan da erantzun bila. Eta hau da horren emaitza, 2024ko Urbizuren unibertsoa.

Binilo artean galduta agertu zaigu Gorka Urbizu ‘Hasiera bat’ kaleratu duenean.
Binilo artean galduta agertu zaigu Gorka Urbizu ‘Hasiera bat’ kaleratu duenean. (Ibai ARRIETA)

Urtarrilaren 15a ‘Blue Monday’ izendatu zuenak ez zekien Euskal Herrirako data okerra aukeratu zuela, Gorka Urbizuk ‘Hasiera bat’ kaleratuta astelehena ez zelako hain astelehen izan 2024ko urtarrilaren 15ean.

Jende asko zen disko honen zain, normalean halako artista batek proiektu bat agurtu orduko berria erakusten duelako. Bada, urte batzuk pasa dira, baina ez dira hainbeste izan Gorka Urbizuk bakarkako lehen diskoa kaleratzeko hartu dituenak, lau, 2019ko azarotik gaur arteko beta hartu baitu Lekunberriko musikariak «mimoz eta maitasun handiz» landutako debuteko diskoa errealitatea bihurtzeko.

Herrialde Katalanetan, Lleidan, Guissonan, grabatu du diskoa, hamar kantuz osatutakoa, eta, bidali duen prentsa oharrean esaten duen moduan, «gordin, eder» osatutako lana da. Jordi Matas izan da ekoizpenaren, grabaketaren eta nahastearen arduradun eta Joan Pons izan du horretan laguntzaile Teatre de ca l’Eril-en, 1904ko antzoki zahar batean. Musikariak ere kataluniarrak denak, Urbizu, Matas eta Ponsek, bere jotzeaz gainera, Ferran Palau eta Ildefons Alonso izan dituzte ondoan horretarako.

Kantu biluziak

Soinu gordinaren eta soilaren aldeko apustu garbia egin du Urbizuk disko berri honetan. «Kantuaren muinerainoko bidaia dirudi ‘Hasiera bat’ diskoak. Soinu geruzak gehitu eta gehitzearen tentazio oro baztertuta, kontrako bidea aukeratu baitu egileak: kantuak erantzi, hustu, kimatu… euren soiltasuna agerian utzi arte», diote prentsa oharrean. Baditu bere ibilbide luzean entzun ditugun hainbat xehetasun, baina, lan honetarako, 70etara jo behar dugula esan dezakegu. Horretarako, zortzi pistako grabagailu analogiko bat erabili dute, eta, ‘Teoria bat’ abestiaren bideoklipean ikusi ahal izan dugunez, garai haietako eta lehenagoko instrumentuak ere bai, rock oso klasiko aro batera bidaiatzeko aukera eduki dezagun. Pieza Alexander Cabeza Trigg zinemagileak egin du, 2023ko udan izan ziren grabaketa egunetan 16 mm-ko kamera eskuan hartutako irudiekin.

Diskoaren masterizazioak ere badu soinuan garrantziarik. Lan hori Dave Cooley estatubatuarrak egin du, Elysian estudioan. Cooleyk, besteak beste, Tame Impala, Bob Marley, Yves Tumor, Paramore edota M83-rentzat egin du lan.

Dena dela, ‘Hasiera bat’ diskoaren eraginen inguruan hitz egiterakoan, askori Pedro The Lion etorriko zaio burura, David Bazanen taldea, Bazanek eta Urbizuk izan duten lotura ere ezaguna baita. Baina, 70etara salto egiten badugu, Velvet Underground edota Euskal Herriko Haizea eta Errobi taldeak etortzen zaizkigu burura.

Urbizuk idatzi dituen kantu hauetan kontatzen duen adinaren ajearekin lotuta ere egongo da ziurrenik gisa hauetako musiketara jotzearena. Izan ere, kantuen hitzetan nabarmendu duen gauzetako bat dela esan daiteke, «utzi gazteak bakarrik, libre» bezalako esaldietan, edota ‘Etxe bat’ kantuan «Zenbat urte da hori, osaba, zenbat?» kantatzen digunean.

Diskoa aurre-salmentan jarri du, horretarako propio sortu duen www.gorkaurbizu.eus atarian eskuratu daiteke, baina martxoan jasoko ditu erosten duenak. Diskoaren azaleko margolana Heather Horton artista kanadarrarena da eta Ander Xabier Tejadasek egin du gainerako diseinua.

GARAren 25. urteurrenean, Donostiako erredakzioan

Oraindik ez du argitu datarik, baina badakigu 2024an zuzenekoak eskainiko dituela Gorka Urbizuk sareetan kontatu duenez. «Osorik entzuteko aukera eman nahi nizuen, aurrerapenik gabe. Espero dut kantuok, modu batean ala bestean, zuekin konektatzea. Eta alderantziz. Zuzenekoetan ikusiko dugu elkar aurten. Laster albiste gehiago», mezu horrekin eman zuen albistea Urbizuk.

Bada, urtarrilaren 30ean, GARAk 25 urte beteko ditu, eta, egingo diren ospakizun ekitaldien artean, Gorka Urbizuren disko aurkezpena izango da bat, Donostiako erredakzioan eskainiko duen elkarrizketa akustikoan, 16:30ean hasita. Gaur, asteartea, urtarrilak 16, eguerdiko 12:00etatik aurrera, gonbidapenak izango dira harpidedunen txokoan, bakoitzak beste lagun bat ekartzeko aukera izango du. Azkar ibili, edukiera mugatua da-eta.