NAIZ

Emakumeen genitalen mutilazioaren aurkako egunean, «ikusezina ikusgai» egiteko aldarria

Emakumeen genitalen mutilazioaren aurkako nazioarteko egunaren harira, Munduko Medikuak erakundea informazioa ematen aritu da astearten goizean Iruñean, eta Bilboko Udalak aurtengoan 209 hiritar formatu dituela jakinarazi du. Prebentzioa dela gakoa uste dute, eta horretarako ondorioen berri izatea.

Genitalen mutilazioari buruzko informazioa banatzen aritu dira astearte goizean Iruñean.
Genitalen mutilazioari buruzko informazioa banatzen aritu dira astearte goizean Iruñean. (Nafarroako Munduko Medikuen Erakundea.)

Emakumeen genitalen mutilazioaren aurkako nazioarteko eguna da otsailaren 6a, eta «Stop mutilazioari» edota «Emakumeen genitalen mutilazioa: egin dezagun ikusezina ikusgarri» bezalako aldarriek hartu dute Iruñea. Astearte goiz honetan Nafarroako Munduko Medikuak erakundea informazioa banatzen ibili baita.

Emakumeen genitalen mutilazioak osasunean dituen ondorioak ikusaraztea izan da Munduko Medikuak erakundeak Nafarroako Unibertsitate Ospitalean egin duen ekintzaren helburua. Praktika kaltegarri hori genero indarkeria mota bat dela mahaigaineratu dute, eta emakumeen oinarrizko eskubideak urratzen dituela azaldu.

2030erako emakumeen genitalen mutilazioa erabat desagerraraztea jarri dute helburutzat Nazio Batuek, eta horretarako lanean daudenak ikusarazi nahi izan ditu Maria Idoia Ugartek, Nafarroako Munduko Medikuen elkarteko kideak: «Bitartekariek, ekintzaileek, elkarteek, komunitateek eta familiek funtsezko zeregina dute egiten ari den borrokan. Baliteke ikusezinagoak izatea, baina garrantzi handia dute».

Bizirik atera direnen artean osasun ondorio larriak eragin dituela azaldu dute, osasun fisiko, psikologiko eta sexualean, batez ere. Epe laburrerako ondorioak hainbat faktoreren mende daude, hala nola zatiketa motaren edo higiene baldintzen mende. Ondorioak ere anitzak izan daitezke: min handia, odol jarioak, pixa egiteko zailtasunak, infekzioak eta heriotza ere sortu dezake. Epe ertain eta luzeko ondorioen artean, aldiz, erditze uneko konplikazioak, hilekoaren arazoak, gernu erasana eta infekzioak leudeke. Gainera, erditzeetan fetuaren sufrimendua egon daiteke, ebaketa motaren eta ehunen elastikotasunari nola eragiten dion kontuan hartuta.

Ondorio psikosozialei ere erreparatu dio Nafarroako Munduko Medikuen erakundeak, «bere talde sozial edo etnikoaren arbuioaren beldurra; EMGren praktika onartzen ez bada, lotsa edo erruduntasuna, depresioa, antsietatea eta somatizazioak».

Prebentzioa eta baliabideak

Egoerari aurre egiteko prebentzioan arreta jartzea «ezinbestekoa» dela dio gobernuz kanpoko erakundeak. «Emakumeen genitalen mutilazioa egiten den herrialdeetatik datozen emakumeen eta familien parte-hartzea eta esku hartzea hobetzeko; eta komunitate kultura eta praktika tradizionalen errespetuan, elkarrizketan eta estigmatizazio ezan oinarritutako ikuspegia lortzeko».

Bestalde, erakundea emakumeei ematen zaien arreta egokitzearen alde agertu da, laguntza integrala zabaltzea defendatu du, «laguntza psikologikotik terapia sexologikora edo berreraikuntza generalera igaro behar da, tratamendu horiek autonomia erkidego guztietako osasun sistema publikoaren zerbitzuen barruan sartuz».

Horrez gain, Ugartek baliabide gehiago eskatu ditu: «Borondate politiko handiagoa, baliabide ekonomiko gehiago eta erakundeen arteko koordinazio neurri gehiago behar ditugu, administrazio publikoek errealitate horren aurrean duten erantzuna hobetzeko. Erakunde publikoen eta gizarte zibil antolatuaren arteko lankidetza funtsezkoa da EMGrekin eta genero indarkeria mota guztiekin amaitzeko, bizirik daudenei, bitartekariei eta ekintzaileei entzunez eta haien eskubideak eta ongizatea beti erdigunean jarriz».

Bilbon, formakuntza handitzearen alde

Bilboko Udalak afrikar jatorriko 209 hiritarrei formakuntza eskaini die emakumeen genitalen mutilazioa saihesteko. Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, helburua amak prestatzea eta sentsibilizatzea da; horietako asko biktimak izanik, emakume horiek beste emakume batzuk treba ditzaten eta jatorrizko komunitateekin komunikazio bideak ezar ditzaten, eta mutilazioaren aurka sentsibiliza daitezen.

Udalak gizon afrikarrek zeregin horretan duten inplikazioaren balioa nabarmendu du. «2.200 emakume eta gizon baino gehiago informatu, hausnartu eta sentsibilizatu dira prebentzioari buruz, bai eta legezko eta osasunaren gaineko ondorioei buruz ere», gaineratu du.

Programa horretan, pediatriako, ginekologiako, emaginetako, ikastetxeetako edo gizarte zerbitzuetako profesionalak ere prestatu dira, prebentzio lanetan parte har dezaten.

Emakumeen genitalen mutilazioa mundu osoko 90 herrialdetan gertatzen den indarkeria da, eta planeta osoko 200 milioi emakume eta neskatori eragiten die, Unicefek adierazi duenez.