Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Nanogunek bi ikerketa talde berrirekin ospatuko ditu 15 urteak

2009ko urtarrilaren 30ean inauguratu zen CIC Nanogune Donostian, nanozientziako puntako ikerketa egiteko, jendartearen mesedetan. 15 urte geroago, «baikor eta harro» daude misio hori betetzen ari direlako. Bi ikerketa talde berri abiatzen ari dira: nanomedikuntzarena eta teknologia kuantikoena.

Jose Mari Pitarke, eraikinaren aitzinean.
Jose Mari Pitarke, eraikinaren aitzinean. (Iñigo Uriz | FOKU)

Nanozientzian bikaintasunezko ikerketa egiten du CIC Nanogunek. 30 herrialdetako 127 ikertzaile ari dira lanean eta ingelesa dute guztien arteko hizkuntza. Baina Nanogune Euskal Herrikoa da, eta bertako garapena bultzatzea du helburu. Dibulgazioa eta komunikazioa ere zaintzen ditu, eta garrantzitsua da egiten dutena euskaraz kontatzea.

0,1 eta 100 nanometro artean ikertzen dute. Nanometro bat milimetro baten milioirena da. Nanoeskalan materiaren portaera hagitz berezia da, eta hainbat diziplinatako zientzialariek fenomeno horiek aztertzen dituzte.

Jose Mari Pitarke fisikari teorikoa izan dute hasieratik zuzendari. Oroitu duenez, inauguraziora heltzea bera izan zen lehenengo erronka, eraikina, lantaldea eta tresna zientifikoak, dena izan baitzen berria. Hortik aurrera, pertsonak erakartzea eta ikerketa nahiko jarraitua izan da.

Sortu zuten lehen enpresa, Graphenea, aipatu du mugarri gisa. Nanogune martxan jarri eta gutxira jaio zen, 2010ean. Grafenoa berria zen orduan; laborategian egiten zen, baina ez zen industriarako erabiltzen. «Aitzindariak izan ginen horretan. Grafenoa egin genuen, eta munduan lehenak izan ginen atomo bakar baten lodierako nanomaterial horretan gauzatzen den elektroi-kitzikapen kolektiboa, plasmoia, aurkitzen. Rainer Hillenbrand-ek zuzendu zuen ikerketa hura munduan oso ezaguna bilakatu da, eta gure lana oso aipatua izaten ari da».

Enpresekin dituzten kontratuen artean Intel-ekin dutena nabarmendu du Pitarkek. Ordenagailuen prozesadoreak egiten dituen multinazionala da. «Oso ospetsua da 1968an Intel sortu zutenetako batek, Moorek, egin zuen iragarpena: bi urtetik behin zirkuitu integratu baten, txip baten, transistore kopurua bikoiztu egingo zen. Eta, nanoteknologiari esker, hala izan da. Duela 50 urte txip batean 2.000 transistore genituen, eta gaur egun txip batean 100.000.000.000 transistore ditugu, 50 milioi aldiz gehiago».

 

«Zentroa txikia da, baina emaitzak ez dira txikiak»


Intelen etorkizuneko zirkuitu integratuak ikertzen ari dira. «Aukera ezberdinak aztertzen ari dira, eta horietako batean ari gara elkarlanean, elkarrekin paradigma berria garatzeko asmoz, Felix Casanovaren eskutik».

Elkarrizketa egitera joan garenean hainbat lagun zegoen Nanoguneren sarrera zabalean dagoen kafe txokoan. Ikertzaile batek doktore izatea lortu duela ospatzen ari ziren, beti egiten duten bezala. Zentro honetan defendatutako 67. tesia izan da, nanomaterialen ingurukoa.


31 patente eta zazpi enpresa
10 ikerketa talde eta 12 ikertzaile iraunkor dira. Gainontzekoak doktoretza ikasleak, post-dok ikertzaileak eta fellow-ak dira, bertan aldi jakin batean aritzen direnak. «Zentroa txikia da, baina emaitzak ez dira txikiak», azpimarratu du zuzendariak bulegoan hartu gaituenean. Puntako ikerketa egiten ari dira puntako ikerlariak eta tresnak dituztelako. Kontratupeko ikerketan, ezagutza ematen diote industriari; 31 patente dituzte eta horietako aunitz ustiatzen ari dira; zazpi enpresa sortu dituzte; eta hainbat zientzialari trebatzen da hemen. Horietako aunitz Euskal Herrian gelditzen dira.

Nanomedikuntza
«Aurrera jarraitu nahi dugu, iraganean eraikitako ahalmenetan oinarrituta, orainean dauden erronkei erantzunez eta etorkizunera begira», adierazi du Pitarkek.

Une honetan bi ikerketa talde berri abiatzen ari dira. Bata nanomedikuntzakoa da. Hasieratik jorratu dute, eta azken proiektuen artean alzheimerraren detekzio goiztiarrerako ikerketa dute. Orain sortzen ari diren enpresa, zazpigarrena, nanomedikuntzarekin lotua dago. «Jaioberrien oxigeno falta diagnostikatzeko da. Oxigeno-mailaren monitorizazioa egingo dugu arrisku handiko erditzeetan, baita erditzearen aurretik eta ondoren ere. Diagnostikoa ez-inbaditzailea izango da eta denbora errealean egingo dugu. Merkatuaren gabezia bati aurre egiteko abiatu genuen ikerketa hau, Bio Gipuzkoako profesionalek hala iradokita. Patente bat atera genuen, eta orain gailua garatzen ari gara merkaturatzeko asmoz».

Nanomedikuntza indartzeko, ikerketa talde berri bat zabaldu dute urtarrilean. «Batez ere, nanobioingeniaritza egingo du, eta nanoeskalako tresnak sortu, nanorobotak, lagin biologikoekin elkar eragin dezaten maila molekularrean eta zelularrean, terapietan erabiltzeko eta botika garraio kontrolatua gauzatzeko, albo efekturik gabe. Gai honetan puntan dabilen ikerlari batek zuzenduko du taldea. Mariana Medina da bera, Dresdenetik etorritako gaztea».

Laborategia prestatzen ari dira, eta oraindik ezin dute deus kontatu. Etorkizunean albiste onak ematea espero dute.

Korapilatze kuantikoa

Beti egin dute nanozientzia kuantikoa ere; zentro aproposa da horretarako, ezagutzagatik eta azpiegiturengatik. Beraientzat fisika kuantikoa oinarrizko tresna izan da, baina badago propietate jakin bat orain arte ustiatu ez dena. Izen poetikoa du: korapilatze kuantikoa. «Bi partikula korapilatuak badaude, lehenengoaren izaerak bigarrenarena baldintzatuko du, eta lehenengoaren propietate bat neurtuz gero istantean bigarrenarena jakingo dugu, hau neurtu gabe». Bi partikulak munduko bi toki desberdinetan egon daitezke. Magia dirudi.

 

Andrei eta bere taldea enpresa baten materialak aldatzen eta propietateak neurtzen ari da nahieran eraikitako makina honetan.


Einsteinek ez zuen sinesten. Ezinezkoa zela zioen. Baina posible dela frogatu da, eta horretan oinarritzen da konputazio kuantikoa. Propietate horretan oinarritzen den orori erraten zaio gaur egun teknologia kuantikoa. Mundu horretan sartzen ari da Nanogune, eta horretarako ikerketa talde berria irekiko dute, goi mailan dagoen bertze ikertzaile batekin. Gaztea da bera ere, proiekzio handikoa, eta munduko bertze leku batean dago. Oraindik kontratua sinatu gabe dutenez, ezin dute izenik eman.

Ekipo edo tresneria berria ere ekarriko dute. Beti batera, pertsonak eta ekipoak. Gogoz hartzen dituzte biak.

Hitzarmen bat negoziatzen ari dira konputagailu kuantikoak eraikitzen ari den start-up garrantzitsu batekin ere. Hemen ere hardware kuantikoa garatzea da Nanoguneren nahia.

Konputazio kuantikoak jauzi kualitatibo ikaragarria ekarriko duela uste dute, eta orain konpondu ezin ditugun arazoak konpontzeko ahalmena emanen luke. Oraindik ez dago optimizatua, ordea. «Gailuak ez ditugu gure poltsikoetan edukiko. Hodeian egongo dira, handiak direlako eta baldintza bereziak behar dituztelako; oso tenperatura baxuak, esaterako».

Propietateak, nahieran

Bi laborategi berri, bi ikerketa talde berri, dituzten hiru ikerketa arloetatik bi lerro berriekin indartzeko. Hirugarren arloa nanomaterialak dira, eta horrekin ere segituko dute. «Euskal Herriko industria adimenduna ahalbidetzeko funtsezkoak izango dira. Hemengo enpresa batzuekin elkarlanean ari gara. Nanoeskalan egituratuak dauden materialak sortzen ditugu. Nanoegituraketari esker, propietate berriak lortzen ditugu, eta ekoizpen prozesu jasangarriagoak diseinatu. Gakoa izango dira egungo industriarako».

Estaldurak egiten dituzte materialen gainean, geruzaz geruza, geruza bakoitza atomo bakar baten lodierakoa izanik, eta horren bidez propietateak ematen dizkiote nahieran material bati.

«Atomoak bidaltzen ditugu eta horiekin laginari nahi dugun itxura eman edo gauza berriak sortzen ditugu nanoeskalan»


NanoziZela

Argazkian atera dugun ekipo berriak nanozizel bat du. Kasu honetan zizela atomo sorta bat da, atomoen metraileta bat. «Atomoak bidaltzen ditugu eta horiekin laginari nahi dugun itxura eman edo gauza berriak sortzen ditugu nanoeskalan. Fabrikaziorako edo egiten ari garen horren propietateak neurtzeko balio du. Orain daukaguna oso tenperatura baxuetan dabil eta horrek ahalbidetzen digu zelulak aztertzea. Hori garrantzitsua da biomedikuntzan eta horregatik dugu hitzarmena Biogune eta Biomagunerekin. Energigunerekin ere bai, bateriak, metalak eta aleazio berriak aztertzeko aukera ere ematen baitu».
 
Andrey Alemaniatik etorritako ikertzaile errusiarrak dio makina hau bakarra dela Europan, prestazio horiek guztiak biltzen dituelako. Nahierara eraikia dago. Zientzialaria harremanetan egon da Txekiako Errepublikan ekipoa egin dutenekin. Orain, Nafarroan dagoen enpresa alemaniar batekin ari dira lanean Andrey eta bere taldea, haien materialak aztertzen. Pantaila horretan dimentsioa jaisten denean nanoegituraketa nola ikusten den azaldu diote zuzendariari. Hasieran irudi bat ageri zen zenbait mikratan eta gero ia atomoen mailan ikusi dugu. Hiru dimentsiotako ikuspegia ematen du, han dabiltza aztarrika.

Egunerokoan txikiaren erronka handia nola mamitzen duten erakusten duen adibide bat da. Nanoaren eremua ikusezina da gure begientzat, eta lilura sortzen du, lurralde ezezagunetara eramaten ahal gaituelako. Zorionak eta aunitz urtez, Nanogune!