NAIZ

Elikadura portaeraren nahasmendua artatzeko bi unitate irekiko dituzte Galdakao eta Gasteizen

Elikadura portaeraren nahasmendua artatzeko beste bi unitate espezifiko irekiko ditu Osakidetzak Galdakao eta Santiago ospitaleetan. Horretaz gain, haur eta gazteentzako eguneko ospitale berria martxan dago Donostian.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Osasun Mentaleko Estrategia aurkezten Parlamentuan.
Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Osasun Mentaleko Estrategia aurkezten Parlamentuan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Osakidetzak elikadura portaeraren nahasmendua artatzeko beste bi unitate espezifiko irekiko ditu Galdakao eta Gasteizko Santiago ospitaleetan, eta haur eta gazteentzako eguneko ospitale bat Donostian. Azken hau astelehenetik dago martxan, San Juan de Dios erietxean.

Hala jakinarazi du Gotzone Sagardui Lakuako Gobernuko Osasun sailburuak, 2023-28 aldirako Osasun Mentaleko Estrategiaren aurkezpenean, Gasteizko Legebiltzarrean.

Azaldu duenez, Galdakaoko eta Gasteizko elikadura portaeraren nahasmenduko unitateak martxoan jarriko dira martxan. Horietako bakoitzak 6 lanpostu izango ditu (12, guztira) eta antzeko plantilla izango dute: psikiatra bat, psikologo kliniko bat, osasun mentaleko lau erizain eta osasun mentaleko lau erizain laguntzaile. Eraikuntza lanek 536.628 euroko inbertsioa eskatu dute.

Haur eta gazteentzako eguneko ospitalea San Juan de Dios ospitalean dago, EAEko Osasun Mentaleko Sarearen barruan, eta joan den astelehenetik artatzen ditu Osakidetzako pazienteak. 16 lanpostu berri ditu eta espezialitate hauek osatzen dute plantilla: psikiatra bat, psikologo bat, erizain bat, lanerako terapeuta bat eta bi erizain laguntzaile.

Baliabide berri horiekin, Osasun Mentaleko Sarearen barnean daude lau ospitale psikiatriko, helduentzako bost psikiatria zerbitzu, haur eta gazteentzako psikiatriako hiru ospitale unitate, elikadura portaeraren nahasmendua artatzeko bi ospitale unitate, helduentzako psikiatriako 18 eguneko ospitale, haur eta gazteentzako psikiatriako sei eguneko ospitale, osasun mentaleko 41 zentro, unitate monografikoak eta asistentzia ekosistemak.

Sagarduik nabarmendu duenez, Osasun Mentaleko Estrategiaren helburua da herritarren osasun mentalaren hobekuntzan aurrera egitea, gaixotasun mentala duten pertsonentzako arreta integrala sustatzea, haien familiei laguntzea eta gizarte berreskurapena eta gizarteratzea erraztuko dituen arreta eredu komunitarioa sustatzea.

Oposizioaren iritzia

Alderdien txandan, EH Bilduko Maria Gardek gogorarazio dio Sagarduiri Osasun Mentaleko Estrategia Parlamentuak alor horren inguruan onartu zituen «akordio garrantzitsuak» baino bi urte beranduago aurkeztu dela, eta salatu du herritarrek osasun mentalean arreta «integrala eta jarraitua» jasotzeko «itxaroten jarraitu beharko» dutela eta, bestela, «ordaindu ahal duenak», osasun pribatura jo beharko duela.

Elkarrekin Podemos-IUko Jon Hernandezek nabarmendu du gero osasun mentalaren alorrean arreta eskaera gero eta handiagoa dela eta jende «gehiegi» dagoela esparru pribatura jotzen duena, Osakidetzan dauden «gabezia eta akatsak» tarteko.

Laura Garrido PPko parlamentariak elikadura nahasmendua artatzeko unitateak martxan jartzeko izan den atzerapena deitoratu du, eta Sagarduiri «belarritik tira egin behar dizugu» esan dio, «ez direlako espektatibak bete».

Gobernukideen aldetik, EAJko Alaitz Zabalak defendatu du estrategia hau ez dela gauzatuko «egun batetik bestera, epe labur, ertain eta luzera planifikazioa eskatzen duelako».

PSEko Ekain Ricoren aburuz, Parlamentuaren akordioak betetzen direla egiaztatzen du gaur aurkeztu den Osasun Mentaleko Estrategiak.