GAIAK

Haurtzaroan garunaren osasunak duen garrantziaz kontzientziatzeko kanal berria estreinatu dute

Haurdunaldiko eta haurtzaroko obesitateari buruzko material didaktiko eta dibulgatibo berria sortu du Achucarro zentroak, haurtzaroan garunaren osasunak duen garrantziaz herritarrak ohartarazteko. Modu irekian eta doan eskuragarri dago.

Haurtzaroan garunaren osasunaren garrantziak kontzientziatzeko abiatu dute ekimena. (IKERBASQUE)

Achucarro Basque Center for Neuroscience ikerketa zentroak dibulgazio zientifikorako kanal berri bat jarri du abian, haurtzaroan osasun zerebralak duen garrantziaz herritarrak kontzientziatzeko. Ekimen hau lankidetza zabalago baten parte da, Unicef Euskadiko Batzordearekin elkarlanean garatzen ari den programaren barruan.

Kanalaren garapena Amanda Sierra doktoreak zuzendu du –Ikerbasqueko ikerketa irakaslea eta Achucarroko ikertzailea da– eta bertan parte hartu dute Celia Martinez Perez doktoreak eta Marco Gonzalez Dominguez zein Joel Maldonado Teixido doktoratu aurreko ikertzaileen laguntzarekin.

Proiektuaren helburua haurren garapen osasungarria sustatzea da ebidentzia zientifikoetan oinarritutako ikuspegiarekin. Bereziki, arreta jarriz burmuinak garapenean duen funtzioari, hala nola, ingurune estimuluak integratzeko gaitasunari (elikadura, loa), memoria eta ikaskuntzaren mekanismoei edo osasun mentalaren orekan duen eraginari.

Garatzeko, Achucarrok eduki espezializatuak sortu ditu, edonork doan eskura ditzakeenak. Azaldu dutenez, material hori interesgarria izan daiteke guraso, hezitzaile eta osasun profesionalentzat, eta datu zientifiko eguneratuetan oinarrituta dago. Lehenengo monografiak, ‘Obesitatea haurdunaldian eta haurtzaroan’ izenburupean, elikadurak nolako eragina duen haurren garapen goiztiarrean aztertzen du, bai eta obesitatearen agerpenean eta horrek epe luzera izan ditzakeen ondorioetan ere. Edukia online eskuragarri dago, euskaraz zein gaztelaniaz.

Unicef eta Achucarroren arteko lankidetza

Unicef Euskadiko Batzordeak eta Achucarro zentroaren arteko harremana uztailean lankidetza hitzarmen formala sinatu baina hilabete batzuk lehenago hasi zen. 

Akordio honen bidez, bi erakundeek konpromisoa hartu dute haur eta nerabeen eskubideak sustatzeko, Haurren Eskubideen Konbentzioan jasotzen direnak oinarri hartuta. Horretarako, ikerketa eta dibulgazio jarduera bateratuak garatuko dituzte, eskubide horiek gizartean errealitate unibertsal bihurtu daitezen, eta oinarri etiko sendo eta nazioarteko estandar bilakatu daitezen.