SEP. 24 2025 - 18:45h Osakidetzak psikologoak jarriko ditu 13 anbulatoriotan, proiektu pilotu gisa Osakidetzako Lehen Mailako Arretako 13 osasun zentrotan psikologoak egongo dira, proiektu pilotu baten baitan. ELAk kritikatu du neurria «partxea» dela, ez baitute osasun mentaleko lantaldea handituko. Mahai sektoriala egin dute. (IREKIA) NAIZ Osakidetzako Lehen Mailako Arretako 13 osasun zentrotan jarriko dituzte psikologoak. Neurri horren bidez, Lakuako Gobernuaren Osasun Sailak Lehen Mailako Arretatik arreta emozionalaren irisgarritasuna hobetu nahi du; hala jakinarazi die gaur goizean Osakidetzak Mahai Sektorialeko sindikatuei proiektu pilotu honen aurkezpenean. Bertan, Lorea Bilbao zuzendari nagusi berriak parte hartu du, eta beste gai batzuk ere jorratu dituzte, tartean datorren 23-24-25 EPEa, urtea amaitu baino lehen deitu nahi dutena. Zerbitzu berria esperientzia pilotu gisa hasiko da Osakidetzaren 13 osasun zentrotan: Donostiako Altzan, Pasai San Pedron, Beasainen, Irun-Dunboan, Lakuabizkarran, Salburuan, Portugaleteko Buenavistan eta Repelegan, Bilboko Otxarkoagan, Txurdinagan eta Santutxu-Solokoetxen, Gernikaldean eta Basauri-Kareagan. Imanol Pradals lehendakariak joan den astean Gasteizko Legebiltzarrean aurreratutako neurriak figura berri bat sortzea aurreikusten du, osasun psikologoarena, Osasun Itunaren ildo estrategikoetako batean jasota dagoena. Profesional hori pazienteen ongizate emozionalaren erreferentea izango da Lehen Mailako Arretan, eta modu mailakatuan jardungo du Familia Medikuntzako profesionalaren –pazientea psikologoarengana bideratuko baitu– eta Ospitalez Kanpoko Osasun Mentaleko zentroetan ematen den arreta espezializatuaren artean. Hala, Lehen Mailako Arretan sartuko diren psikologoek eguneroko bizitzan eragina duten nahasmendu arinak edo ondoez emozionalak artatuko dituzte, besteak beste, antsietatea, depresioa edo insomnioa, eta talde interbentzio bidez artatuko dituzte. Horrela, erantzun «arinagoa eta eskuragarriagoa» eman nahi zaie ondoez emozionala duten pertsonei, beren erreferentziazko osasun zentroan bertan aurkituko baitute arreta psikologikoa, mugitu beharrik gabe. Gaurko mahai sektoriala lehena izan da Lorea Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusi berriarentzat, eta organo horren aurrean ofizialki aurkeztu ditu bere lantaldearen berrikuntzak, besteak beste, Koldo Berganzo Osasun Laguntzako zuzendari berria. Neurri «kosmetikoa» ELA sindikatuarentzat neurria «kosmetikoa» da, egingo dutena «prebentzioa eta osasun mentalaren sustapena» izango delako. Izan ere, ez dira psikologia klinikoan espezializatutako profesionalak izango eta, horregatik, ezin izango dute diagnostikorik egin, ezta tratamenduak jarri ere. ELArentzat neurria «partxea» da, ez baitute osasun mentaleko lan taldea handituko.