OCT. 10 2025 - 11:50h Osakidetzak 2026tik aurrera abortu guztiak gradualki bere gain hartuko ditu Osakidetzak 2026tik aurrera abortu guztiak bere baliabideekin eta zentro publikoetan egingo ditu, modu progresiboan. Imanol Pradales lehendakariak iragarri du neurri honek abortua osasun publikoaren barruan bermatuko duela. Mugimendu Feministak abortatzeko eskubidearen aldeko mobilizazioa, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) NAIZ Imanol Pradales lehendakariak ostiral honetan iragarri du 2026tik aurrera Osakidetzak, gradualki, borondatez haurdunaldia etetea erabakitzen duten emakume guztiak artatuko dituela. Pradalesek berrikuntza hau azaldu du Gasteizko Legebiltzarreko kontrol osoko bilkuran, Sumar taldearen galdera bati erantzunez. Alderdi horretako legebiltzarkide Jon Hernandezek salatu duenez, gaur egun abortu gehienak klinika pribatuetara bideratzen dira EAEn, «ez profesionalen kontzientzia-eragozpenagatik, baizik eta Osasun Sailak eskubide hori kanpora ateratzen jarraitu nahi duelako». Osasun Ministerio espainiarraren datuen arabera, 2024an borondatezko haurdunaldi etenen %95,6 zentro pribatuetan egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gainerakoak sare publikoan. Lehendakariak argi utzi du abortatu nahi duen edozein emakumek «osasun sisteman bere eskubidea bermatuta» duela, baldintza eta aukera berdinetan. Horrez gain, Pradalesek adierazi du datorren urtetik aurrera eta gradualki «Osakidetzak bere baliabideekin eta bere zentroetan artatuko» dituela emakume guztiak. Iaz, 4.210 abortu egin ziren EAEn, osasun publiko eta pribatuaren artean. Erabaki honekin, osasun pribatuaren ratioa ez gainditzeko Osasun Itunean jasotako puntuetako bat beteko dela azaldu du Pradalesek. Aldi berean, osasun profesionalen faltaz mintzatu da, eta Ministerioa egin du egoera horren arduradun. Bere esanetan, hilabeteak daramatzate Monica Garcia espainiar Osasun ministroari proposamenak helarazten, baina «ministroak ez du erantzuten eta ez du alternatibarik eskaintzen».