JOKIN URAIN
IRITZIA

Ai, Dueso!

1907an hasita, lehendik zeuden eraikuntza militarrak egokituz egin zuten gaur ezagutzen den El Dueso kartzela, orduan Afrikako bost espetxe espainiarretan (Ceuta, Melilla, Chafarinas, Alhucemas eta Peñon de Velez de la Gomera) zeuzkaten presoak hartzeko. Urte horretako abenduan hasi omen ziren Kantabriako kartzelara ekartzen Afrikan zeuden preso haiek.

1937ko udan, berriz, Santoñako Hitzarmenaren ondoren, Euzko Gudarosteko 18.000 inguru gudari sartzeko baliatu zituzten tropa italiarrek El Dueso espetxea eta Laredoko kontzentrazio barrutia. Irailaren 4a eta 7a bitartean Francoren tropek hartu zuten italiarren lekukoa gudari atxilotuen zaintzan. Frankisten esku geratu bezain bizkor hasi zen aldatzen presoen atarramendua, atxilotuen bizitzen eta bizi baldintzen kalterako.

«Ai, Dueso gaizto...», zioen Luis Rezola “Tximelak” 1937an, espetxe horretan idatzitako bertso eta olerkietan. Orduan bizi izan zutenaren eta espetxe horretan pasatutakoen kronika bikain eta gordina egin zuen Tximelak, eta munduak jakin zezan egin zuen, egin ere, bizipen haien kronika. Dueson urtebete egin ondoren, Puertora eraman zituzten: «Ekarriak gaituzte bagoitan itxita, / iru egun bidean, iltzeko etsita...».

Gerra eta gerraosteko beste preso batzuek ere kontatu zuten orduan herioaren ertzean bizi izandakoa. Bilbo erori zenean atxilotuta, Duesora eraman zuten Tomas Gerrikagoitia, eta handik Puertora. «Bidian kurutzau giñan, gu ego aldera legez, egokuak iparrera guria lako trenkada bategaz... Guzti onen asmua zan bakotxaren familiatik urrintzia, min geiago emongo euskula jakiñez...».

Ahalik eta minik handiena egiteko urrundu zituzten presoak beren lur honetatik 1937an, eta helburu berberarekin urrundu zituzten 1978an Soriara, eta 1981ean Puerto de Santa Mariara berriro, eta ahalik eta minik latzena eragiteko asmoz urruntze politikari sakabanaketa gehitu zioten 1987an. Euskal preso politikoei eta beren senideei ahalik eta minik handiena eragitea izan da urrunketa eta sakabanaketaren helburua frankismoan eta frankismotik gaur artean, eta ez da txikia eragin duten mina.

Espresuki hala erabakita edo historiaren subkontzienteak horretara eramanda, 1937an urrunketara bidean irteera geltoki izandako El Dueso berbera izan da Estatu espainiarreko urrunketaren amaieran Euskal Herrira itzuleran azken presoaren geraleku.