NEKANE AZPIAZU LEJARDI
ARKITEKTURA

Begirada robotikoa

Tokioko eta Japoniako beste hiri batzuetako zenbait eraikinek estetika robotikoa daukate. Adibide garbi bat Kyotoko The Face House da, zeinaren leihoak, ateak eta halako elementuak robot baten aurpegitik kopiatuak diruditen. Beste eraikin batzuetan ez da hain erraza hori antzematea.

The Face House etxea Kyoton, Kazumasa Yamashita arkitektoaren diseinua.
The Face House etxea Kyoton, Kazumasa Yamashita arkitektoaren diseinua. (Nekane Azpiazu Lejardi)

Hiriburu japoniarrak deskubritzean, zirrara zein harridura sentimenduak nagusitzen dira kaleetan topa daitezkeen tradizioaren eta modernitatearen arteko kontrasteei esker, ikusmena nahiz entzumena zirikatzen baitituzte. Zenbaitetan, berriz, horrenbeste estimuluren artean, jatorri ezezaguneko begirada tinkoa nabari daiteke. Behatua izatearen sentsazioa gehiegizko talken ondorioa dela pentsatu arren, denborarekin eraikinen artean aurpegi bat marrazten dela ohartzen zara, ikusten ari zarena irudimenaren emaitza ote den argitzeko gai izan gabe. Hasiera batean paranoia hutsa dirudien pertzepzioan sakonduz, ordea, arkitektura japoniarraren eta robot estetikaren arteko harremanaren emaitza dela ondoriozta daiteke.

Diseinuaren eta teknologiaren erlazioa bestelakoa da industriaren eraginez, batez ere robotekin, eta horren ondorioz eraikinek robot estetikaren kutsua daukate. Bizitzeko makina gisa ikusi izan dira, eta zenbait elementuk, besteak beste, hodiek, argiek nahiz larrialdi-egiturek nortasun bereizgarria eskaintzen diote. Dena den, automatizatutako gorputzen itxura eraikinetan nabarmena izan arren, arkitekturarekin daukan zerikusia nahiko gutxi aztertu da, eta mugatua da horren inguruko hausnarketa. Hala eta guztiz ere, “Tokyoids: the robotic face of architecture” liburua, François Blanciak autorearena, salbuespen esanguratsua da. Argazki bidezko azterlanaren bidez, Tokion behin eta berriz agertzen diren aurpegi robotikoen jatorria ulertu nahi du, eta figurazioa defendatzen du abstrakzio joera nagusien aurrean.

Herrialdean ohikoa da teknologia eta sinbolismoa uztartzea, eta badira zenbait mugarri horren erakusgarri, esaterako, 1970. urteko Osakako Erakusketan Arata Isozakik diseinaturiko robotak eginiko agerraldia, Kenzo Tangeren plaza espazioan. Robotak argiak, kea eta soinuak igortzen zituen, eta ikuskizun mekanikoaren bitartez arkitekturak bere funtzio tradizionalak nola gainditu zitzakeen erakutsi zuen. Diseinuak kontrol-gelak zeuden burua eta gorputz mugikorra zituen, eta helburua giza gorputza erreferente gisa zatitzea, haren atalak idealizatzea eta entitate mekaniko batean berriro muntatzea zen. Robot estetika horretan bertan gertatzen den antzeko zatiketa gertatzen da idazketa-sistema japoniarretan ere -kanji, hiragana eta katakana-; batez ere, azken honetan, katakanan, hitzaren beraren ‘kata’ erroak ‘zati’ edo ‘pusketa’ esan nahi du. Atzerriko hitzak japonieraz adieraztean, silabatan deskonposatzen dira, modulu estandarizatuaren bidez idealizatzen dira, eta, ondoren, hizkuntza-gorputz berri batean berridazten dira. Pusken batuketa honek estetika robotikoan giza gorpuzkeratik ematen den zatiketa eta berreraikitze bera islatzen du. Morfologia robotikoaren eta hizkuntzaren logikaren arteko loturak agerian uzten ditu hainbat paralelismo, identitate bat eraikiz.

Zenbait fatxadak daukaten aurpegia ez da lehenengoan hautematen; ateak eta leihoak dauden tokian begiak eta ahoa irudikatzea ez da ohikoena, nahiz eta badauden zenbait konposizio sotil hori ikusarazten digutenak. Autoen kasuan bezala, nork ez die aurpegia jartzen? Esango nuke badaudela ontasuna zein haserrea transmititzen dutenak, muturrari soilik erreparatuz. Alabaina, giza ezaugarriak arkitektura elementuetan hautematea inon ez da Kyotoko The Face House etxean bezain erraza izan, diseinu antropomorfikoa esplizituki adierazten baitu. Kazumasa Yamashitaren eraikina bizitegi-auzo lasai batean dago, eta ohikotasunari aurre egiten dio arkitektura formen eta koloreen jolas bihurtuz. 1974an eraikia, etxebizitzak ez ezik, denda bat eta sormen estudioak ere baditu, eta izaera zirraragarri bera mantentzen du. Begiak diruditen leihoak ditu, sudur-hobiak irudikatzen dituzten aireztapen tutuak, belarri gisa jarduten duten balkoiak, eta sarrerako ateen funtzioa betetzen duen ahoa. Gutxi dago imajinatzerik ikus daitekeenetik haratago.

Hutsalak eman dezaketen estetika hauek eragin sakona daukate emozioak adierazteko moduan. Elkarrekin hitz egiteko erabiltzen ditugun emojietatik hasi, eta gure mugikorrak desblokeatzen dituen Face ID delakoraino, aurpegia komunikatzeko funtsezko bidea da gure aroan.