SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Sarrerez

S.apurgarria,

Hartu al dituzu sarrerak? Berdin da norako, bost axola noizko, ze inporta du zer dioen zure agendak, esadazu sarrerarik duzun eta azalduko dizut nor zaren. Ez izan erretxina, poza eman behar lizuke orain arte euskal kulturatik urrun sentitzen zenuen jendea zure koordenatuetan mugitzen sumatzeak. Ez izan piperkritikoa, ez du balio, musika adituak nola, urteko diskoari entzungor egin eta outsiderraren alde agertzea beti. Liv Stromquisten “La voz del oracúlo” irakurri behar zenuke, aholkuak ematen dituzunean besteari eskua luzatzen diozun ala hanka sartzen duzun gogoetatu, zure gomendioak zure posizioa berresteko lasterbideak besterik ez diren hausnartu. Ispiluak bezain nartzisista zara zu ere, zure isla da besteengandik erakartzen zaituena. Horregatik izutzen zaitu oharkabean olatu apartsuetatik aparte esnatzeak, aspaldi da ez duzula uhinei aurka egiteko kemenik, aski duzu zure korronteari jarraitzearekin eta, ezinbestean, berandu da zure baitako mareak benetan zureak diren ala kanpotik eragiten dizkizuten asmatzeko.

Espektatibarik gabe bizitzen ikasi behar zenuke. Nola zen? Lau egun dira bizitza eta horietako bi, euripean. Zu zara esaldi horri munduko tenperaturak iaz lehen aldiz 1,5 graduko igoeraren langa gainditu zuela eransten dion bakarra. Osasun Sailburu ohiari ez dio arazorik sortzen klinika pribatuaren zuzendaritza hartzeak. Epaileak lasai egiten du lo lanpostu publikoetarako euskara gehiegi eskatzen dela argudiatuta. Inor ez da urte hasierako promesekin gogoratzen. “Parthenope”-k ez al dizu irakatsi ulertzen ez duzuna ere suerta dakizukeela ederra? Zer nahiago duzu, aretora heldu aurretik aztoratzen zaituen kultura ala ondoko asteetan zirraratzen zaituena?

Hobe duzu azken galdera erantzunik gabe uztea. Zuri bakarrik ardura dizu. Halakoetan pentsatzen galtzen duzun denbora egon behar den lekuetan egoteko erabiliko bazenu, noranahiko sarrerak lortuko zenituzke eta, ondorioz, ez zenuke hau bezalako zutabe deskafeinaturik idatziko. Jakin behar zenuke behiala ongi pasatzeak ernatzen zuen kulpa ondo ez pasatzeak pizten duela orain. Baina ahaztu errua eta autozigorra, segi ibai ertzetik lasterka, jarri buklean L.k ezagutarazi zizun Amaia Mirandaren kantua, saiatu besteen poza zure egiten, ikasi horren gustuko ez duzunetik ere eta, gogoan izan, zu ez, sarrerak direla agortuta daudenak.