Tenperatura baxuak eta metabolismoa

Jakina da gure gorputzak ez duela berdin erantzuten kondizio meteorologiko ezberdinen aurrean, kanpo-faktore ezberdinek sortutako estres metabolikoa dela eta. Esaterako, badakigu tenperatura altuetan gure bihotz-maiztasuna handitu egiten dela, izerditze-tasa areagotzen dela eta abar. Baina zer gertatzen zaio gure gorputzari tenperatura baxuetan?
Lehenik eta behin, tenperatura baxuek gure homeostasi egoera, metabolismoaren egonkortasun egoera, apurtzen dute. Horren aurrean, gure gorputzak bere ohiko barne-tenperatura (37°C) mantentzeko egokitzapenak egin behar izaten ditu. Tenperatura baxuen kasuan, biziraupen-senaren ondorioz, gure metabolismoak bere sistema immunologikoa indartu beharra duela sumatzen du, batez ere bihotz-biriketako gaixotasunak ekiditeko. Ondorioz, errendimendu fisiologikora bideratu beharreko energiaren zati handi bat sistema immunologikora bideratzen da.
Erantzun fisiologikoei dagokienez, tenperatura baxuetan egindako ikerketek, zenbait aldaketa nabarmen erakusten dizkigute. Batetik, kanpo-karga berdin baten aurrean bihotz-maiztasuna baxuagoa izan ohi da. Izan ere, odol-hodien basokonstrikzioa dela eta, gorputzak nukleoaren tenperatura mantentzea lehenesten du, gorputz-adarretara odola bidaltzea bigarren maila batean utziz.
Beste alde batetik, glukolisiak eta laktato kontzentrazioak ere gora egiten dute eta, ondorioz, ahitze-denborak edo neke maximora heltzeko denbora murrizten da, intentsitate altuko esfortzuei eustea zailagoa izango delarik. Horrez gain, beste hormona batzuen artean, katekolaminen eta kortisolaren jariaketak ere gora egin eta estres metabolikoa areagotu ohi da. Ondorioz, errendimendu fisikoa kaltetua izango da tenperatura baxuetan jarduten garenean.
Amaitzeko, jarduera fisikoa eta tenperatura oso hotzekiko esposizioa konbinatzea potentzialki immunosupresiboa dela frogatu denez, bi estres-faktoreok bateratzeak sistema immunologikoa ahultzea ekar dezake. Beraz, ez ahaztu osasuna errendimenduaren gainetik jartzea, eta tenperatura baxuek ere euren osasun-arriskuak dituztela kontuan hartzea.

Por una actitud más saludable en Navidad

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

«¿Al final qué importa, la orientación sexual o el ser humano?»
Navidades invertidas
