MOTORRA

Jaguar marka historikoa, desagertzeko zorian

Ia mende bateko historia duen Jaguar britainiar marka ospetsua desagertzeko zorian egon daiteke. Une honetan birmoldaketa sakon batean murgilduta dago eta salmentak beherantz doaz, arazo mekaniko larriak direla eta. Apirilean bost auto besterik ez ditu saldu espainiar merkatu osoan.

 

Argazkia: Jaguar
Argazkia: Jaguar

Aspaldiko kontua zen Tata Motors indiar konpainiaren esku dagoen Jaguar markaren egoera eskasa, baina matrikulazioko azken datuek alarma gorriak piztu dituzte. Apirilean, esaterako, Jaguar markak bost auto besterik ez ditu saldu espainair merkatu osoan; iazko hilabete berean 50 saldu zituen, eta 2019ko apirilean, 388 auto.

Beste marka batzuekin alderatuz gero, askoz ere esklusiboagoak direnak baino gutxiago saldu zuen. Aston Martinek, adibidez, 7 auto saldu zituen apirilean, Ferrarik 8, Lamborghinik 6, Maseratik 17 edo Porschek 292. Marka «arruntagoekin» alderatuta, hauexek dira apirilean saldutako kopuruak: Toyotak 8.285 auto, Hyundaik 7.912, Renaultek 6.825, Kiak 6.258, Volkswagenek 6.189, Seatek 5.589, Peugeotek 5.445 edo Daciak 5.039.

Hortaz, galdera hauxe da: bizirik iraun daiteke hilean 5 auto bakarrik salduta? Erantzuna, zalantzarik gabe, ezezkoa da. Baina egoera zein den ulertzeko, ez diogu datu horri bakarrik erreparatu behar eta derrigorrezkoa da testuinguruari ere begiratzea.

Gauza da Jaguar marka birmoldaketa sakon batean murgilduta dagoela, eta azken hiru urteetan ez duela modelo berririk merkaturatu. Une honetan hiru modelo bakarrik saltzen ditu: E-Pace SUV konpaktua, 41.550 euroan hasten den prezioarekin, F-Pace SUV ertaina (58.581 eurotik abiatuta) eta F-Type bi ateko coupea (73.550 eurotik abiatuta).

Guztiek konbustio-motorrak dituzte, nahiz eta lehenbiziko biek entxufagarriak diren bertsioak ere badituzten. 2024. urtera arte, guztiz elektrikoa zen modelo bat ere saltzen zuen, I-Pace izenekoa (irudian). 2017an iritsi zen eta hasiera batean erantzun ona izan zuen, bere prezioa batere merkea ez zen arren (81.800 euro). Baina pixkanaka matrikulazioak jaisten joan ziren eta iaz saltzeari utzi zioten. Tartean, bateriekin hainbat arazo izan zituen, gehiegi berotzen zirelako.

Baina gaur egun bizi duen egoeraren arrazoia, salmenta kopuruarena ez ezik, murgilduta dagoen birmoldaketa sakona da. Izan ere, egungo jabeek auto elektrikoetan oinarritutako enpresa bihurtu nahi dute, nahiz eta merkatu horretan laino ilunak besterik ez diren ageri. Zenbaiten iritziz, premium marka izatetik luxuzko segmentura igoko litzateke, eta bere aurkariak Audi, BMW edo Mercedes-Benz izatetik Aston Martin, Bentley edo Maserati izatera pasatuko lirateke.

Momentuz, ez dago argi konpainiak hartuko duen bidea zein izango den eta dakigun bakarra da iaz Jaguarren irudia zen animalia desagertu egin zela eta orain logo berria «jaguar» hitzak berak direla, guztiz borobilak. Modernoak bai, baina indarrik gabekoak.

ARAZO MEKANIKOAK

Etorkizuna korapilatsua izateaz gain, oraina ere ez da samurragoa. Jaguarrek saltzen dituen autoak oso gutxi izateaz gain, bakan horiek arazo mekaniko ugari dituzte eta ia inor ez da ausartzen horiek erostera. Berdin gertatzen da Jaguarrekin batera Tataren esku dagoen Land Rover markako autoekin.

Arazo mekanikoak 2015ean sortu ziren, Ingenium izeneko motorrak merkaturatu zirenean. Hasiera batean aurrerakuntza teknologiko handi gisa aurkeztu ziren motorrak laster hasi ziren arazoak ematen: distribuzio katearen hausturak, olioaren degradazioak sortutako arazoak...

Hala ere, benetako arazoa erantzunik eza izan zen, konpainiak ez zituelako arazo mekanikoak bere gain hartu eta ordezko piezak ez zirelako inoiz iristen. Ondorioz, bezero askok auzitegietara jo behar izan dute eta horrek konfiantza krisi sakona sortu du.

ESKU ALDAKETEZ BETERIKO HISTORIA

Jaguarren ia mende bateko historia aldaketaz beteta egon da. 1922an sortu zen Gales-ko Blackpool hirian, motoentzako sidekarrak egiteko asmoarekin, eta Swallow Sidecar izenarekin bataiatu zuten.

Zazpi urte geroago, 1929an, lehen kirol-automobila eraiki zuten eta First SS izena jarri zioten. Baina Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, izena aldatzea erabaki zuten, alemaniarren SS makurrekin ez nahasteko. Hamarkada horretan sortu zen XK motor ezaguna, 1949an hasi (irudian) eta 1992 urtera arte egin zena. Kirol-lehiaketetan ere parte hartu zuen, baita emaitza bikainak lortu ere, arrakasta eta ospea areagotuz.

1960ko hamarkadan, ordea, Jaguar izena desagertu egin zen britainiar jatorriko beste konpainia batzuekin elkartu ondoren. Erabakia ez zen zuzena izan eta 1975ean, britainiar Gobernuak nazionalizatu egin zuen British Leyland izena zuen konpainia.

Handik bederatzi urtera, 1984an, Margaret Tatcherren gobernuak marka horiek berriro pribatizatu egin zituen eta, 1990ean, Ford estatubatuarrak Jaguarren akzio guztiak erosi zituen, baita Land Roverrekin elkartu ere. Urte onak izan ziren eta 1 Formula lehiaketan parte hartzera iritsi zen.

Baina 2007. urtean, Fordek salgai jarri zituen Jaguar eta Land Rover markak eta azkenean Tata Motors indiar konpainia izan zen erosi zituena, 1.700 milioi liberaren truke. Sei urte geroago, 2013an, bi marka horiek bakar batean elkartu ziren, Jaguar Land Rover (JLR) izenarekin, eta bost urtez emaitza ekonomiko bikainak lortu zituen, 2015ean Ingenium motorren arazoak iritsi ziren arte.