Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
LITERATURA ETA ESPETXEA

Kartzelako euskal literatura, gaur egungoa bezain zaharra

Kartzela inspirazio iturri izan da idazle askorentzat halabeharrez, euskaldunentzat oso maiz eta aspalditik; besteak beste, giltzalpeko esperientziatik ihes egin beharra dela eta. Izan ere, euskal literatura idatzia harresi artean sortu zen duela ia bost mende. Ordutik gaur arte ehunka euskal presok idatzi izan dituzte beren lekukotzak, hausnarketak edo fikzioa hainbat genero literariotan.

 Getty Images
Getty Images

Hemen natza hau zer denentz adierazi ezinik», idatzi zuen Joseba Sarrionandiak Puerto de Santa Mariako presondegian, 1981ean. “Galtzetan gordetzeko koblak” du izenburu Ruper Ordorikak famatu zuen poemak. «Kartzelara sartu oro heldua da hobira». Ez dira harresi artean ehortzirik idatzitako lehen hitzak, baina. Lau mende eta erdi lehenago, Joan Amendux iruindarrak egoera berean eman zuen bere buruaren berri: «Hemen natza ortzirik». Hark baino lehenago, XVI. mende hartan, Biarnoko espetxe batean eskribitu zuen Bernard Etxeparek “Linguae Vasconum Primitiae”, euskal literaturako lehenengo liburua. Elizgizona izaki, erlijioa zuen gaietako bat; besteak, amodioa, kartzelako lekukotasuna eta euskara, bere hizkuntzari eskainitako kantu ederra. Eta gaur artean ehunka euskaldunek idatzi izan dituzte beren bertso, poema, narrazio eta hausnarketak gatibutzan.

Maitasuna, lekukotza eta euskara, besteak beste, kartzelako euskal literaturako ohiko gaiak dira gaur egun ere, aspaldi luzekoa eta ugaria baita euskal literaturak espetxearekin izan duen harreman nekeza, espetxeak euskaldunentzat zabalik izan baititu beti ateak, haien atzean ixteko zain.

«Hemen datza gorpu bizi herri bat izan zena», begitandu zitzaion Sarrionandiari. Bizirik lurperatuta. Denak ez dira bizirik itzuli, ordea, eta hori ere aspalditik dago dokumentatuta. Martin Larralde Bordaxuri hazpandarra Rocheforteko ospitale batean hil zen 1821ean, bost urtez «galeretan higatu» ondoren; hurrengo mendean, Estepan Urkiaga Lauaxeta-k ez zuen kartzelan idazteko aukera handirik izan, baina bertso urragarriotan irudikatuta utzi zuen bere fusilatzearen gertutasuna: «Goiz eder onetan erail bear nabe/ txindor baten txintak gozotan naukela?».

XIX. mendean ere, Juan Inazio Iztueta, Jose Maria Iparragirre, Joan Etxamendi Bordel, Pierre Topet Etxahun eta beste batzuek ere kontatuko zituzten beren morroilopeko egonaldien ingurukoak.

Giltzapean idatzi zuten euskaldunak askoz ugariago izan ziren XX. mendean. Batzuk Lehen Mundu Gerran, beste asko 1936tik aurrera. Santi Onaindia, Nemesio Etxaniz, Nikolas Ormaetxea Orixe, Balendin Enbeita, Augustin Zubikarai, Koldo Mitxelena, Martin Ugalde, Piarres Larzabal… bakan batzuk baino ez dira 36ko gerran atzemanik Estatu espainoleko espetxeetan edo Hego Euskal Herritik ihes eginda, nazien gatibu, kontzentrazio esparruetan idatzitako lekukotasunak utzi zizkigutenen artean, ahantzi gabe garai hartan Ipar Euskal Herritik ihes eginda frankismoaren eskuetara jausi zirenak ere, hala nola, Manex Bergara saratarra, Miranda de Ebroko kontzentrazio esparruan bertso hauek ondu zituena: «Euskaldunek dezaten berri onak jakin/ Zein ongi bizi garen gu españolekin».

Xabier Amuriza bertsolari eta idazlea. 1968tik aurrera zazpi urte eman zituen preso Zamoran, hiru espetxealditan. Endika Portillo | FOKU

AZKEN SEI HAMARRALDIAK

1960ko hamarraldian euskal presoen kopuruak nabarmen gora egin zuen eta 70ekoan haien zenbait lan argitaratu ziren; Gotzon Alemanen, Julen Kaltzadaren, Xabier Amurizaren eta beste batzuen bertsoak eta poemak batez ere, baina baita eleberriak, saiakeraren bat eta itzulpen batzuk ere.

Euskal Herrian, 1977ko Amnistia Legea aldaketa politiko sakonaren irudikapen hutsean geratu zen eta luze gabe kartzelak euskaldun askorentzako bizileku ziren berriro ere. Hurrengo etapa, zoritxarrez oraindik amaitu ez dena, oso emankorra izan da kartzelako literaturari dagokionez, eta nabarmena izan zen Sarrionandiaren eragina, giltzapean izan zen denboran eta ondoren ere bai, bere unibertso literarioan hainbesteko presentzia duen mundu horrekiko gertutasuna dela eta. XX. Mendeko Poesia Kaierek Sarrionandiari eskainitako alean, haren obrak euskal literaturari ekarri dizkion onurak zerrendatzen ditu Koldo Izagirrek; besteak beste, zenbait poeta «bideratu dituen kartzelako poesiaren sortzaile» izatea.

1980ko hamarralditik aurrera ugaritu egin ziren espetxeko lan argitaratuak. Joseba Sarrionandiaren lehenengo liburua, “Izuen gordelekuetan barrena”, bera giltzapean zela argitaratu zen, nahiz eta artean kalean zela idatzi zuen; hitzaurrea, berriz, Carabanchelgo kartzelan egin zuen 1981eko otsailean, gose greban zela, Joxe Arregi handik gertuko DGSan torturatuta hil osteko protestan. Gaztea zen Sarrionandia kartzelara sartu zutenean, baina formakuntza literario sendoa eta ezagutza zabala zuen ordurako, eta bost urteren buruan kartzela atzean uzterako euskal literaturaren erreferentzietako bat zen.

Hamarraldi haren hasieran, Puerto de Santa Marian literatura talde bat osatu zuten zenbait euskal presok Sarrionandiaren inguruan. Gerotsuago, Herrera de la Manchan ere zenbait eskola edo literatura tailer antolatu zituzten, kartzelako baldintzek eta haien aurkako borrokek horretarako gutxieneko aukera uzten zuten neurrian. Hurrengo urteetan, eskola haietan parte hartutako batzuen lanek argia ikusiko zuten: poemak, ipuinak, eleberriak nahiz itzulpenak. Ez horienak bakarrik, garai berean Soriako espetxean Jon Esturo eta Maximo Aierbek “Xake” idatzi baitzuten, seguruena joko horretaz euskaraz idatzitako lehen liburua.

ALDIZKARIAK ETA ARGITALETXEAK

Idazteko joera, nolanahi ere, beti izan da euskal presoen artean, bakarka nahiz taldean. Izan ere, giltzapean zenbait aldizkari argitaratu izan dituzte. 36ko gerrako presoek egin zuten lehena, “Espetxean”. Hamarraldi batzuk geroago, 70ekoaren amaieran, “Aga” Soriako kartzelan; 80koaren hasieran, Puerton, “Intxaurraga”; eta 85ean, Herrera de la Manchan, aurreko urteko «txapeo» edo itxialdi luzearen ondoren, euskal presoak zeuden moduloetan, aldizkari bana: “Martxan”, “Kixmi” eta “Halankarri”. Oso ale gutxi «inprimatzen» zituzten, idazmakinaz idatzi eta kopiak egin eta eskuz koadernatzen baitzituzten, baina espetxeko modulo guztietan eta ahal bazen euskal preso politikoak zeuden beste kartzeletan ere banatzeko adina. Bertsoak, poesiak, ipuinak, iragarkiak, iritzi artikuluak… betiere umoreak tarte handia zuela.

Euskal presoak sakabanatu arte iraun zuten aldizkari haiek. Hurrengo urteetan, kalean argitaratutako “Barrutik” aldizkariak jaso zituen presoen askotariko lanak, tartean marrazkiak, baina batez ere salaketa idatzi politikoak.

1989an “Susa” aldizkariak kartzelako literaturaren gaineko monografiko bat argitaratu zuen, “Itzalpeko ahotsak”, hainbat euskal presoren idazlanak jaso eta barruko aldizkarien berri ematen zuena. Argitaletxe horrek bereziki idazle gazteen lanak sustatu izan ditu; generoei dagokienez, poesia. Idazleekiko jarrera abegikor hori kartzeletara ere eraman zuen, egileak gertutik aholkatu eta adoretuz, Mikel Ibarguren, Mikel Etxaburu edo Ekhiñe Eizagirre, besteak beste, lekuko. Batez ere poesia lanak argitaratzen zituzten, baina ez bakarrik.

Antzeko lana egin zuen Txalaparta argitaletxeak garai berean, kasu honetan batez ere prosazko testuak -eleberriak, ipuinak, saiakerak, itzulpenak- argitaratuz, euskaraz eta gaztelaniaz; esate baterako, Anjel Rekalderen, Fernando Alonsoren edo Iñaki Gonzalo Kitxu-ren kontuan hartzeko moduko lanak.

2002an, Ataramiñe literatura koadernoak abiatu zituzten zenbait idazle eta preso ohik, itzalpeko ahotsei tarte bat eskaintzeko asmoz. Hamasei liburu kolektibo argitaratu zituzten 140 preso ingururen lanak bilduta, eta beste 47 liburu banakako edo talde txikien saiakerak, nobelak, itzulpen lanak, komikiak, poemak eta bertsoak jasota. Mikel Antza, Jexusmari Zalakain, Urtzi Zubizarreta, Hodei Ijurko, Ibon Muñoa, Aitor Fresnedo eta beste asko dira lanon sinatzaileak.

IHESA ETA BESTELAKO MOTIBAZIOAK

Ez da lerro hauen asmoa itzalpeko egile guztien izenak eta lanak aipatzea (aitzitik, agertu direnak ehuneko ñimiño bat baino ez dira, neurri handian ausaz hartuak), besteak beste luzeegi joko lukeelako. Kartzelako literaturaren gaineko informazio osoagoa izateko, guztiz apropos eta gomendagarria da Jokin Urainen “Ez dago etxean” lana. Saiakera hori, kontrazalaean irakurtzen denez, euskal presoen «ihesaldien krokisa da: ihes ongi burutuena, ihes zapuztuena eta ihesaldi amestuen mapa». Bat dator horrekin beste kontrazal bat, Jose Mari Sagardui Gatza-k bere kartzelaldiaren amaieran idatzi zuen “Zaldi berdea” liburuarena: «Ihes egiteko leku aproposean idatzi zuen Sagarduik narrazio hau, (…) ordura arte saiatu gabe zuen hanka egiteko moduari helduta». Motibaziorik onena beharra baldin bada, horixe ez da falta giltzapean. Leku hori berebizikoa da amets egiteko, han bizitzera behartuta dagoenak hautatu gabeko leku eta egoeratik ihes egiteko.

Mundu osoan izan dira, badira, idazle presoak edo preso idazleak. Euskal Herrian ugari, beharbada beste leku gehienetan baino ugariago. Zer dela eta? Bi arrazoi aipa litezke gutxienez: Lehenengoa gertaera nabarmena da: euskaldunarentzat espetxean egotea ez da inoiz egoera harrigarria izan, beti egon da euskaldun kopuru esanguratsu bat giltzapean, batzuetan kopuru ikaragarria; beraz, ehunekotan, beste herrialde edo komunitate batzuetan baino preso idazle gehiago izateko aukera ere handiagoa da.

Bigarrena lehenengoaren kausa ere bada. Jakinekoa da euskaldunen hizkuntza eta lurrarekiko atxikimendua. 1960ko hamarkadaz geroztik, bereziki, beren euskalduntasunaren, beren kulturaren kontzientzia betea zutela, beren nazioaren eraikuntzarekin eta diktaduraren aurkako borrokarekin engaiatuta, milaka euskaldun igaroko ziren bi estatuetako kartzeletatik. Kartzelan, engaiamendu hori gauzatzeko modu garrantzitsuenetako bat, hain zuzen, euskara lantzea zen. Hamarkada horretan abiatu zen euskara batua, eta hurrengo urteetan kartzelara heldu orduko alfabetatzea edo euskaraz ez zekienak ikastea zen lehenengo zeregina haietako askorentzat. Jose Luis Otamendi idazleak 2002an Ataramiñe literatura koadernoen aurkezpenean esan zuenez, euskal preso politikoena da «seguruena gure gizartean, idazletzari eta irakurketari kolektiborik emanena, eta euskaldunduena ere bai, bidenabar esanda».

Irakurtzeak eta hizkunzta lantzeak idaztera darama, eta preso horien egoerak ere irakurri eta idaztera daramatza, lehenik eskutitzak, eskuarki erruz. Kasurik gehienetan ez zuten asmo literario handirik izango; frankismo ondoko garai hartan euskal literatura ere ez zegoen bere onenean, eta literatura kritika euskararen erabileraren azterketara mugatzen zen neurri handian, idazlearen lana zer euskalkitan idatzita zegoen, edo batuaz zegoen, zuen jarioa, euskara aberatsa, zurruna, jatorra, jantzia zerabilen... Beraz, ahalik ondoen idaztea zen helburua, eta engaiamenduaren erakusgarri izatea. Gero, beharbada, literatura egiteko.

Mikel Etxaburu ondarroarra. Poesian hainbat lan argitaratu ditu, horietako bat, «Zu zara orain txoria», espetxean ondutako poema sorta. Marisol Ramirez | FOKU

Ataramiñek 2022an argitaratu zuen “Urrun da zeru urdina” antologiaren hitzaurrean Urainek dioenez, kartzelan idazten denak «asko du salaketa argitik eta asko du askatasun aldarritik», eta ohartarazten du: «Baina ez gaitezen konfunditu: salaketa agiriak eta askatasun aldarriak izateak ez du esan nahi panfleto direla, edo ez direla literatura. Espetxean idaztea, edo margotzea, edo ikasketak egitea, edo sormen dinamika bat garatzea, espetxea deseraikitzeko eta espetxearen zamaren azpian ez itotzeko metodorik eraginkorrena dela esango nuke. (...) Horrela idazten du euskal preso politiko askok, papera eta boligrafoa hartu eta esateko daukatena hantxe ezartzen hasiz, ‘eroriaren euforiak’ bultzatuta agian hasieran, baina bizinahi sakon batek eramanda gero».

IDAZTEKO LEKU APROPOSA?

Motibazio falta ez dago, beraz, ezta denbora falta ere. Idazteko leku aproposa izan daiteke espetxea, itxuraz behinik behin. Bakarrik egoteko aukera eskaintzen du, zigor zeldetako bakardadea, bakardade derrigortua, eta horrela kartzela idazteko lekurik desegokiena ere izan daiteke. Eguneko ordu asko, urteko egun asko eta bizialdiko urte asko eman dituzte euskal presoek ziegan bakartuta.

Era berean, bakarrean nahiz lagun artean, kartzelan ohikoa da sosegurik eza. Hori ere izan daiteke sormen iturri, baina barne ekaitzari aurre egitea erabakita, lagungarria izaten da kanpoko barealdia, eta euskal presoek eskuarki ez dute halakorik ezagutu. Tentsio handiko gunea da kartzela, etengabe probokazioei, umiliazioei, erasoei, miaketei aurre egiteko lekua. Miaketetan, hain zuzen, harrapakin preziatua dira kartzeleroentzat era guztietako idatziak. Sarrionandiaren poemaren amaiera gorabehera -«Zaindariak paper bila ari dira zeldetan/ Erdu eta to zuretzat gorde itzazu galtzetan»-, galtzetan ere ez zeuden seguru presoen idatziak. Puertoko kartzeleroek bazekiten Iñaki Ojeda Txapel-ek poesia idazten zuela eta zeldan zeuzkan poemak ez ezik, aldean zeramatzanak ere lapurtu zizkioten behin baino gehiagotan, baita bera zigor zeldetara eraman ere, ez poemek ziotena, ez poeta, ez poesia gogoko ez zituztelako. Ez zen salbuespena izan, ordea, Sarrionandiak “Marginalia” saio bildumako eskaintzan jakinarazi zuenez: «ti es elioti buruzko saiakera ohostu zidan funtzionario putaseme ezezagunari».

Bost mendeko kartzelako euskal literatura, lekukotza jazarria, isilarazia baina idatzia, ehortzia baina bizia. Herri baten bizirauteko gogoaren erakusgarri eder eta nekeza.

Martin Ugalde kazetari eta idazle andoaindarra. Juan Carlos Ruiz | FOKU