Sustrai Colina
IRITZIA

Sekretuez

Zein da zure itzala? Erabaki al duzu zure zein sekretu deskalifikatuko zenukeen? Zer dira zuretzat egia, justizia eta erreparazioa bezalako hitzak? Non sentitzen zara ahoskatzen dituzunean? Galderen beldur zarelako ahalegintzen zara ez gelditzen. Erantzunen izu zarelako ikara eragiten dizute galderek. Hatortxuren legatuaz gogoetatu behar zenuke, Alauda Ruiz de Azuaren “Los Domingos” Donostiako Zinemaldian ikusteko plana lotzen hasi, baratzetik platererainoko tomateen erritua gurtu, zure baitako gehiegikeria polizialak erauzi eta, ezinbestean, Sara Azurzaren elkarrizketaren titularrarekin gogoratu: «Inoiz ez dut esango atzera egingo ez dudanik».

Ez dakizu uda hastapenera bueltatu nahiko zenukeen. Badakizu zergatik iruditzen zaizun abuztuaren bigarren hamabostaldia domeka arratsalde finlandiar bat. Jakiteak ala ez jakiteak sosegatzen zaitu gehiago? Etorkizunera itzultzea desio zenuke, zure buruarekiko etengabeko desadostasunak sortzen dizun higaduratik askatzea, bizitza dominatu daitekeen zerbait dela pentsatzeari uztea eta, batez ere, oporrak hartu eta zure baitatik ateratzea. Zure bizialdiaren narratzailea ala protagonista zaren hausnartuko zenuke, urtebetetze egun bezperako semeen zirrara galdu zenuen ohean etzan, lo falta ametsekin estali eta geroa edozein herritako jaietan agertu daitekeela sinetsi.

Zerk zeharkatzen dizu gogoa egunkaria hiriburuko jaietako gehigarri bat baizik ez denean? Zure eskubideak ala pribilegioak irakurtzen dituzu bertan? Jakiteak ala ez jakiteak sosegatzen zaitu gehiago? Nola hitz egin Gazako goseteaz bazkalondoko kafean? Noren alde egiten du isiltasunak? Nork ebatzi zuen abuztuan gertatzen dena abuztuan geratzen dela? Galderen beldur zarelako ahalegintzen zara ez gelditzen. Erantzunen izu zarelako eragiten dizute ikara galderek. Ez inoiz esan atzera egingo ez duzunik. Oraindik argitaratzeko prest ez zauden zure sekretuak dira besteei axola zaizkienak. Zure itzalaren koordenatuak definitu ezinik zabiltza eta, bitartean, energia ematen dizulako erretzen dizu eguzkiak azala.

Zutabea pentsatu gabe amaitu behar zenuke. Abuztua egotea da. Abuztuan gertatzen dena abuztuan geratzen da. Zergatik ez zara abuztuan gelditzen? Zure sekretuen beldur zarelako? Esan dizut zutabea pentsatu gabe itxi behar zenukeela. Zure burua da etengabe deskalifikatzen ari zarena.