Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Txitxaritotarrak

Emakumeak porrot egiten ari dira. Maskulinitatea desagerrarazten ari dira, gizartea hipersentikor bihurtzen. Gorpuztu lasai zuen indar femeninoa; zainduz, elikatuz, erresilituz, biderkatuz, garbituz… finean gizonontzat lekurik preziatuena den etxeari eutsiz. Ez beldurrik izan emakumeak izateko, gizon baten gidaritzapean egoteko. Gizon horrek zoriontsu ikusi nahi zaituzte, guk ez baitugu zerurik ezagutzen zuek gabe. Gizonak huts egiten ari gara; konpromiso falta, gure bikotea azken lekuan jartzea, hitza ez betetzea, miresgarri izateko ohiturarik ez izatea... Ulertzen dut beldurra ematen digula hitz egiteak eta adierazteak, benetan sentitzen duguna esateak, maskulinotasuna desagerrarazten saiatzen ari direlako, emakumeen energia ezabatu nahi delako. Baina asko zuek maitatzeko, zaintzeko, errespetatzeko eta hornitzeko gogoz gaude hemen, baina zuek emakumeok maskulinotasuna jasotzen eta ohoratzen ikasi behar duzue». Amen, zu hor eta ni hemen.

Ez neukan ideiarik zein zen Javier Chicharito Hernández. Orain badakit Mexikoko futbolari sonatuenetakoa dela, nazioartean goi mailako taldeetan aritzen dela, Mexikoko selekzioko izarra dela eta matxista hutsa. Aurrekoa bezalako mezuak oso ohikoak dira bere sare sozialetan. Ez dut gezurrik esango, letxe txarrean jarri nau Chicharitok. Baina, era berean, eskertzekoa ere bada hainbeste gizonen murmurioa hain garbi adierazi izana. Txitxaritotarrek arrazoia daukate, maskulinitatea desagerraraztea da helburua. Eta desagertzen denean, askoz lasaiago eta hobeto biziko gara denok, gizonak eta emakumeak barne.

Okerrena da, kezkagarriena, mutiko gazte askok miresmenaren begiekin eta belarriekin jasotzen dituztela txitxaritotarren mezuak. Bere aberats etxeko aberats sofatik, zuzen hitz egiten diela bizitza samur horiei, noizbait futbolista eta aberats izateko ametsa oraindik piztuta dutenei.

Futbolariak dira egungo jendartearen izarrak eta askok eta askotan sutu egiten naute. Horrelako toki pribilegiatua izan eta mundua hobexeagoa egiten ez saiatzea tristea iruditzen zait. Tontakeriak esateko, hobe isilik. Aberats berri gazteak, erabaki traketsak hartzen eta eskura dituzten bozgorailuak hain modu trakets eta arriskutsuan erabiltzen. Bai, arriskutsua da bozgorailu horietatik matxismoa betikotzea, klase kontzientzia zapaltzea, hizkuntza txikiak birrintzea. Futbolean jokatzen artistak badira, bada horixe egin dezatela, futbolean jokatu eta kito. Jendarte osasuntsu batek zorrotz aukeratu behar ditu bere erreferenteak.