Tabakeria irakurketa & puntu finalak


TAILER IRAKURRALDIAK
Tabakeria irakurketak Habanako El Fígaro tabako fabrikan hasi ziren 1865eko abenduan. 300 tabako bihurtzaile lanean, eta langile bat irakurtzen.
«El Fígaro tabako fabrika handian, langileak duintzen dituen ohitura bat ezarri da: langileek literatura lan bat aukeratzen dute eta irakurle batek ozen irakurtzen die obra hori, langileok lanean diharduten artean. Langile bakoitzak kuota bat ordaintzen du, irakurtzen ematen duen denboran galtzen duen soldata konpentsatzeko irakurleari...»
“La Aurora” kazetan argitaratu zen hori, esku langileekin identifikatzen zen periodikoa, ilusio erreformistaren momentua izan zen 60ko hamarkadan. Erreformistek uste zuten, industriari eta arteari esker, proletargo interrazialaren aurrerapena eta komoditatea lortuko zela. Baina, gizarte kubanoa oso heterogeneoa zen: bazeuden penintsularrak, bazeuden kreoleak, bazeuden beltz libreak, bazeuden beltz esklaboak. Zeren, esklabo trafikoak irauten zuen, ilegala zen arren. Jakina zen esklaboak apurka-apurka hiritar libre bihurtuko zirela, langile soldatapeko alegia. “Bizikidetza” eta “kultura” ziren erreformisten bi hitz magikoak, bake sozialean eta kultura burgesaren unibertsalizazioan sinesten zutelako.
Nicolas Azcarate erreformistak Saturnino Martinez tabakeroa liberatu zuen lan kulturala egiteko. Eta honek “tabakeria irakurketa” proposatu zuen. Langile gehienek ez zekiten irakurtzen, baina liburuetan ikas zitekeen zer den askatasuna.
Esan behar da tabakeriako irakurraldiek garrantzia izan zuela Kubaren independentziaren aldeko borrokan eta langile mugimenduaren bilakaeran. Baina ez oztoporik gabe, eta lehenengo oztopoa eta puntu finala hasiera-hasieran izan zuen.

BOTERE KOLONIALAREN ERRREAKZIOA
“La Aurora” periodikoko albistea argitaratu bezain arin, “Diario de la Marina” egunkari kolonialak tabako tailerretako irakurketen aurkako kanpaina gogorra abiatu zuen. Argudioa zen irakurketa errime hori oso kaltegarria zela langileentzat, behar egiteko orduan. Irakurketak ondorio txarrak eragingo zituela ekonomian eta, orokorrago, ordena publikoan.
Irakurketaren kontrako kanpaina horren irudigile nagusia Víctor Patricio Landaluze bilbotarra izan zen, haren karikaturak “Don Junípero” izeneko aldizkarian argitaratu ziren. Landaluzek tailerreko irakurketei buruzko serie bitxia egin zuen, leitzearen ondorio larriak parodiatuz: eleberri sentimentala leitzen denean, tabakero guztiak negarrez ikusten dira; aldarrikapen politiko iraultzailea entzutean, langileak ernegaturik eta benetan jarkirik; edota, irakurketa aspergarria den artean, sinplemente loak hartuta…
Tailerretako irakurketen erabat aurka jarri zen Patronala eta, jakina, Gobernu koloniala. Laster, uharteko Kapitain Jenerala zen Francisco Lersundik ipini zion irakurketari puntu finala. Debekatu egin zuen langileen lana distraitzea edo deskuidatzea liburu edo periodiko irakurketekin eta denbora alferrik galtzea enplegatuok egin beharrekoaz aparteko eztabaidekin…
Arazoa nahastu egin zen gero, Bejucalen, boluntario espainolek tabakeria irakurle gazte bat garbitu zutelako, independentista zelakoan.

MONTECRISTO
Zilegi izan zen aldietan, irakurketa garrantzi handikoa izan zen tailerretan. Langileek irakurgaiaren aukeraketan parte hartzen zuten. “Irakurketa batzorde bat” izaten zen, irakurleari laguntzeko.
Irakurritakoa gustatuz gero, entzuleak txabeta kolpeka hasten ziren, txalo zaparradaren moduko txabeta zaparrada. Tabakeroen lan erreminta zen “txabeta”, tabako orria mozteko metalezko aizto edo labana laua. Horrexekin mahaia joz erakusten zuten atsegina (le plaisir du texte, esango zukeen Roland Barthesek) eta eskerra. Irakurketa gustatzen ez bazitzaien, ostera, txabeta lurrera botatzen zuten…
Irakurketei esker, langileak albiste lokal eta nazioartekoekin informatzen ziren. Eta literatura unibertsaleko klasikoak ezagutzen zituzten, europarrak bereziki.
Bazeuden liburu batzuk arrakasta berezikoak langileen artean. Esate baterako: “El Conde de Montecristo”, Alejandro Dumasen eleberria. Hainbeste entzungo zuten Edmundo Dantesen istorio hori, non tabako marka moduan geratu baitzen Montecristo izena.
Tabakeroak aitzindariak izan ziren Kubako langile mugimenduaren antolaketan. Kubako langileen federazioa 1892ko urtarrilean antolatzen hasi zen, irla luzeko herrixka eta ofizio era guztietatik heldu eta, besteak beste, arraza diferenteko langileen berdintasunaren alde eta 8 orduko jornadaren alde borrokatzea erabaki zuten.
Tabakeriako irakurketei puntu final gehiago ipini zitzaizkien. Separatismoa eta langile mugimendua ziren Gobernu espainolaren bi mamuak. Independentziaren aldeko mugimenduak eta tabakeria irakurketak 1895ean berriro debekatu ziren, 1868an hasi zirenean bezala, independentziaren aldeko borroka berrabiatzean.
Tabakeria irakurleek Cayo Hueso eta Tampako fabriketan jarraitu zuten, exiliatuen artean. Hagatik esan zuen Jose Martik tabakeria irakurketa zela askatasunaren aurrekaria.

ERRIME IRAKURTZEAZ
Irakurri hitzak ‘irakurketa isila’ irudikatzen du. Irakurle isil asko egongo zen XIX. mendean, abade edo burges astidunen artean. Baina, aurreko mendeetan, jende gehienak ez zekien irakurtzen, eta irakurtzeko modu bakarra inork errime edo ozen irakurtzea izaten zen.
“Gero” liburuaren irakurleak irudikatzeko, ‘entzuleak’ imajinatu behar ditugu batez ere. Batzuek leituko zuten (bakardadean eta isilean) liburu hori, baina gehienek liburu horren pasarteak entzun egingo zituzten (taldean, baten batek errime irakurrita). Irakurketa elizan gertatuko zen, edo artajorran, edo etxeko sukaldean…
Bada XVIII. mendeko koadro bat halako “irakurketa eszena” bat irudikatzen duena: “La Lecture de la Bible”, Jean-Baptiste Greuze pintore frantsesarena.
Ozen irakurtzea onuragarria da entzuleentzat (gehienbat isilean irakurtzen jakin ezean), eta testuarentzat berarentzat ere bai. Intonazioa, azentua, abiadura edota artikulazioa bereziki zaindu behar dira. Arte bat da irakurtzea: ondo egin ezik, ez da kontatu nahi dena ulertuko. Irakurtzea ekintza soziala da, bakarrik irakurtzea ere zer
egin soziala da, baina irakurle batek 300 langileri (doakien testu bat) aurrez aurre leitzea erabat da soziopolitikoa.

VICTOR PATRICIO LANDALUZE
“Lecturas de los Talleres” deitu ohi da Tabakeria irakurketen kontrako Victor Landaluzeren karikatura seriea. 1830ean jaioa, bilbotar hau 1849an heldu zen Antilletara. Sakarokraziaren erdigunea zen Kuba, eta esklabo trafiko ilegalaren erreferentzia. Inperio kolonial espainolaren azken diamantea zen Habana, hango badia ederretik 8.000 bapore pasatzen ziren urtero, gaur egun baino askoz gehiago. Kontraste handikoa zen hiriburua, eta uharte osoa: aberatsa eta pobrea aldi berean, marabillosoa eta miserablea...
Victor Patricio Landaluze, ustez “liberal” eta “askatasun zalea”, milizietako buruzagi egin zen heldu eta berehala. Esklabotzaren eta gainerako instituzio kolonialen sostengatzaile gogorra izango zen harrezkero. Espainola baitzen lehenengo eta behin, “liberala” etiketaz, baina kubatarren askatasun nahien kontrario sutsua.
Aldi berean, marrazkilari eta pintore ona zen, noiz-eta Arte Ederrek herria bisibilizatzeko eginbidea asumitu zuten sasoian. Kostunbrismoa deitzen zaio erromantizismoaren eta errealismoaren gurutzaketa horri. Lehenengoz azaltzen zen jende arrunta marrazkietan eta pinturetan, ordura arte ikusezina zen artelanetan. Victor Patricio Landaluze ere plebeioak irudikatzeko zeregin horretan tematu zen. Pertsona prototipoak eta tokiko herri ohitura tipikoak jasotzen zituen, eta esan daiteke berak irudikatu zuela estreinakoz Kubako jendea: zimarroia eta kaleseroa, merkataria eta polizia penintsularra, dama burgesa eta kaballeroa, guajiro oilar zalea eta esklaboen jabea...
Landaluzek album garrantzitsu batean kolaboratu zuen Kubara heldu eta berehala: “Los cubanos pintados por si mismos” (1852). Aldizkaritan landu eta zehaztu zuen bere iruditeria, eta, urte askogarrenean, beste liburu batean finkatu eta zabaldu zen behin betirako: “Tipos y costumbres de la Isla de Cuba” (1881).
Horixe da Victor Patricio Landaluzeren paradoxa, eta zoritxarra: Kubako nazionalitatea ezabatzeko hainbeste zeregin eta neke hartu ondoren, armez eta batez ere arkatzez eta pintzelez, Kubako herriaren ezaugarriak irudikatu zituela. Patrizioen alde, plebeioen aurka, plebeioak ikusarazi zituen. Deuseztatu nahi zuen nazioa, konturatu gabe eta nahi gabe, eraikitzen lagundu zuen.
Hementxe ere atzekoz aurrera hartu dugu, gizajoa, berak akabatu nahi zuen irakurketaren alde erabiliz haren artelana.

No mirar arriba

Mikel Zabalza, el conductor que nunca regresó a su autobús

Iraultza eta erresistentzia lekuak, memoria kolektiboaren gordailu

«Itxaropentsu nago herri honek borrokarako grina daukalako»

