IRITZIA

Balaztez

S. apurgarria,

Gau Beltzetik Black Fridayra al zoaz zu ere? Ikasgeletan kamerak jarriko dituztela entzun duzu irratian, bi bortxaketa gertatu dira egunero ibiltzen dituzun kaleetan, gero eta oihaletxe gehiago dago ibai ertzean, antifaxistak «faxista euskaldunak» direla dio Barne sailburuak, hurrengo zubiko planez mintzo dira parkean eta zuk, Durangoko azokarako nobedadeek nola, aski lan duzu zure existentziaren berri ematen. Badakizu Gabonetarainoko txanpan sartu zarela, ez dela ezezkorik onartzen, ez dagoela ezer hurrengo urterako uzterik, Rosaliaren azken bideoklipak eragindako lilura oasia dela desertuan. Ziur zaude autoengainuan jausiko zarela berriz, burua makurtu eta pedalei gogor eragitea ez pentsatzeko manera bat baizik ez dela, ezberdin kudeatuko duzula bizimodua 2026an, jakingo duzula maitasuna pazientziaz elikatzen, konprenituko duzula ez zaudela eusteko egina, izango zarela larrialdietako irteerak utzi eta sartu zinen atetik agurtzeko gai.

Ez dago autolaguntza merkea bezalakorik are errudunago sentitzeko. Ez duzu ezagutzen, halaber, deserosotasuna baino inguru ospelagorik. Arnasguneak defendatu eta periferia abolitzeaz mintzo dira adituak. Zure zenbait arnasgune zure periferietan topatu izan dituzu zuk eta, ezinbestean, dikotomietan aukeratu beharrak galtzaile sentiarazten zaitu. Eskerrak Haizea Barcenillaren zutabeek aldian behin zarena ulertzen laguntzen dizuten.

Erantzunak behar ditu galderarik nahi ez duenak. Ez dakizu biharko porru-patatak noiz jarri ahal izango dituzun egosten, baina, prezioak igo aurretik, Eguberri eguneko bazkarikoak erosi eta izozteko gomendatu dizute arrandegian. Ez dakizu gizonezkoen futbolak kapitalaren logikari iskin egin diezaiokeen baina gustura ikusiko zenituzke atzoko San Mamesekoa bezalako partidak sahararrekin zein kanakekin. Zelako autoa erosi ez dakizulako eramango duzu bihar zure ibilgailua tailerrera. Zutabea nola amaitu ez badakizu, erritmo elektrikoa exijitzen duen aro hibridoan diesela sentitzen zarela idatz dezakezu edo, besterik gabe, lorazepamak frenoen pastillak besterik ez direla.

Balaztarik gabe zoaz Gau Beltzetik Black Fridayra bidean, kontrako haizea alde duzula sinetsita, galderak ala erantzunak behar dituzun sumatu ezinik. Zure begiek kamerak ikusi dituzte ikasgeletan. Ikasgeletako kamerekin ikusiko dute laster.