Unai Jorge Fernandez / Salto training
KIROLA

Trail running-aren gorakada

(FOKU)

Azken urteotan, trail running-ak izan duen gorakada ikusita, fenomeno sozialtzat har daiteke. Modaz harago, mendi-korrikalariak naturarekin konektatzeko, bere erresistentzia neurtzeko eta esperientzia partekatzeko beharra du. Ez da kirol huts bat, bizimodu bat ere bada. Izan ere, mendiak eguneroko errutina eta estresetik urruntzen gaitu, askatasun sentsazioa emanez.

Kirol honen hazkundea nabarmena izan denez, federazioek esku hartu dute eta, kasu honetan, Espainiako Atletismo Federazioak (RFEA) diziplina hau integratu du, arautzeaz eta babesteaz gain. Horrela, ibilbide homologatuak, segurtasun irizpideak, zirkuitu ofizialak eta hautaketa-taldeak sortzen joan dira.

Modalitateei dagokienez, trailaren unibertsoa oso zabala da. Lasterketa motzak (21 km-rainokoak), maratoiak (42 km ingurukoak) eta ultrak (42 km-tik gorakoak, 100 km-ak gaindituz sarri) bereizten dira nagusiki. Gainera, mundu honen barruan, zenbait modalitatek indar handia hartu dute, skyrunning-ak esaterako. Proba hauek, altitude handian (+2.000-3.000 m) egiten diren lasterketa tekniko eta maldatsuak izaten dira. Beste lasterketa mota famatu bat kilometro bertikalak dira. Hauek, laburrak (3-5 km) baina izugarri gogorrak (1.000 m inguruko desnibela gainditu behar da), potentzia eta teknika eskatzen dute. Gainera, badaude etapaz etapako probak, gau-lasterketak, zakurrekin egiten diren lasterketak (canicross) eta esperientzia lehenesten duten proba herrikoiak, adibidez.

Lehiaketa ospetsuenek kirolaren izaera eraikitzen dute: mundu mailan, UTMB da ultratrailaren gailurra, eta Euskal Herrian zein Espainiako Estatuan, Zegama-Aizkorri, Transvulcania, Penyagolosa eta Ultra Pirineu dira ikonoak. Skyrunning eta kilometro bertikaleko zirkuituek ere profesionalizazioa bultzatu eta gero eta elite handiagoa erakartzen dute. Hala, interesa sortzen duen mundua da, profesionalizatzen ari dena, txapelketa berriak sortuz, babesleek arlo ekonomikoa bultzatuz eta, hortaz, gero eta gehiago ikertuz, hobeto entrenatuz eta markak birrinduz. Hori horrela izanik, izen propioak sortzen hasi dira, Kilian Jornet bezalakoekin. Gainera, badira beste zenbait aurpegi ezagun; esaterako, Manuel Merillas eta Sheila Aviles, estatu mailan, eta Aritz Egea, Maite Maiora, Sara Alonso... Euskal Herrian.