Amaia Uribe
IRITZIA

Jubilazioa

Hirurogeita hemeretzi egun geratzen zaizkit jubilatzeko». Azkenaldian, jubilazioa beste konturik ez daukat inguruan. Lankide asko oraintxe ari dira erretiroa hartzen eta etengabeko atzera kontaketa bat bihurtu dute euren lana. Nik, baina, urrun ikusten dut jubilazioa. Oso urrun. Alarmarik gabeko goiz bat, presarik gabeko gosari bat eta astelehen batek larunbat baten itxura bera izatea. Idealizatuta daukagu jubilazioa, baina beti pentsatu izan dut egoera berri horretara ohitu beharra dagoela. Lanaren erritmoak markatzen du gure bizitza eta, neurri batean, identitatea ere ematen digu lanak. Eta jubilazioak askatasuna ematen duen arren, hutsunea ere sortzen die batzuei. Jubilatzen ikasi egin behar dela esaten zuen lankide batek eta arrazoia dauka.

Gainera, gero eta beranduago iristen da une hori. Danimarkan, 2040tik aurrera 70 urtekoa izango da erretiro adina. Grezian eta Italian 67 urtera igo dute eta espainiar Estatuan ere 67 urterekin jubilatuko dira langileak 2027tik aurrera. Ameriketako Estatu Batuetan, sistema ezberdina dute. Langileek 70 urtera arte lanean jarraitzen badute, pentsio altuagoa kobratzen dute. Batzuentzat, baina, pentsio hori ez da nahikoa izaten eta ohikoa izaten da 75 eta 80 urteko pertsonak lanean ikustea supermerkatuetan, eraikinetako harreretan zein parke nazionaletan.

Beti esan dut, erretiroa hartzen dudanean autokarabana hartu eta bidaiatzeari ekingo diodala. Norabiderik gabe, prestaketarik gabe eta erlojuari begiratu gabe. Nire lana zenbat maite dudan jakinda, agian neuk ere ikasi egin beharko dut jubilatzen. Hori, jubilazioa baldin badaukat! Izan ere, etengabe entzuten dugu pentsioen itsulapikoa husten ari dela eta etorkizunean ez dela egongo jubilatuen pentsioa ordaintzeko dirurik. Beraz, agian ez dut autokarabanarik eta bidaiarik izango. Ezta jubilaziorik ere. Eta badakizue zer? Gutxienez 27 urte geratzen zaizkit jubilatzeko. Gehiegi da. Ez dut nire lankideen moduan, atzera kontaketa baten bizi nahi eta autokarabanen alokairuak begiratzen hasiko naiz uda honetan bidaia bat egiteko!