«NOR NAIZEN BANEKI»

Iraganaren ondorio kolektiboen indusketa

Euskal Herriaren historiaren indusketa dramatiko, poetiko eta lirikoa proposatzen du Axut! eta Artedrama konpainien «Nor naizen baneki»-k. Euskaldunon identitatearen arkeologia marraztu nahian, 2.000 urteko denbora lerroan saltoka ageri diren zauri kolektibo eta indibidualak idatzi dituzte Harkaitz Canok eta Ximun Fuchsek, eta azkenaren zuzendaritzapean igo dira oholtzara Maialen Diaz, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga. Oholtzan bertan Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Aline Etxeberri eta Manex Fuchsekin batera daude eta atzean, obra posible egin duten izen-abizen asko daude.

Zazpi aktorek oholtzaratzen dute «Nor naizen baneki», Ximun Fuchsen zuzendaritzapean. Ekainaren 7an egingo dute azken emanaldia uda aurretik eta urriaren 3an berrekingo diote birari. Ainhoa Resano
Zazpi aktorek oholtzaratzen dute «Nor naizen baneki», Ximun Fuchsen zuzendaritzapean. Ekainaren 7an egingo dute azken emanaldia uda aurretik eta urriaren 3an berrekingo diote birari. Ainhoa Resano

Urte erdia baino gehiago darama “Nor naizen baneki” antzezlaneko lantaldeak Euskal Herri luze-zabaleko antzokiak bisitatzen. Aise diogu, baina egun euskal konpainia gutxi dira obra bakar bat hainbestetan oholtzara eramateko aukera duenik. Artedrama eta Axut!-en azken ekoizpenak bina emanaldi ditu aurreikusiak uda iritsi aurretik. Lehena, maiatzaren 22an Abadiñon; bigarrena Maulen, ekainaren 7an. Uda atsedenerako sasoia izango da eta urrian berriz itzuliko dira antzokietara.

2025eko urriaren 17an Luhuson estreinatu zuten eta Idoia Tapiarengatik (Iruñea, 1998) balitz, «bikoitza eta gehiago» egingo luke. Gaiarre antzokiko emanaldiaren biharamunean, adrenalina oraindik ere barrenak astintzen elkartu da Maialen Diaz (Beltzuntze, 1988), Oier Zuñiga (Iruñea, 1986) eta hirurekin 7K.

Zazpi aktorez osatutako zerrenda du obrak eta hiru horientzat lagun eta senide artean eskainitako lehen emanaldia izan zen Iruñekoa. Udaberri goiztiar giroko eguna probestuta Gaztelu plazako Laban egin dugu hitzordua. D bitamina falta nabaria da eta terrazan eseri gara tertulian. Ondoko mahaian lantaldeko beste kide batzuk daude kafea hartzen. Maiz entzuten da antzerki munduan familia paraleloak sortzen direla eta, bistan da, kasua dela. «Oso talde potentea dugu, oso konpaktua eta asko zaintzen dugula elkar», dio Diazek. «Emanaldiz emanaldi lotura hori ontzen doa eta hori oholtza gainean ere ikusten da. Opari bat izaten ari da». Irribarre egin dute hiru aktoreek, ondoko mahaikoei zeharka begira. Elkarrizketa amaitu ostean elkarrekin joango dira bazkaltzera, eta ondoren Zizurrera abiatuko dira iluntzeko emanaldia prestatzera.

Ezkerretik eskuinera, Oier Zuñiga, Idoia Tapia eta Maialen Diaz aktoreak, Iruñeko Gaztelu plazako arkupe batean. Iñigo Uriz | FOKU

Negu osteko lehen goiz eguzkitsuek sorrarazten duten patxada berarekin erantzun diete aktore nafarrek gure galderei. Eta bistan da, aurreko gauean izandako harrerarekin oso eskertuta daude. «Egia da etxean jokatzea beti dela berezia. Baina aitortu behar da, halaber, orain artean jende gehien bildu dugun emanaldia izan dela. Eta hori talde guztiarentzat, eta ez soilik iruindarrak garenontzat, oso berezia eta oso polita izan da», dio Tapiak. Eta aitortu du Zuñigak eta berak emanaldien aurretik publikoa «pixka bat espiatzen» ibiltzeko ohitura dutela. Iruñeko kasuan jendeak elkar ezagutzen zuela ikusteak limurtu zuen bereziki. «Oso lagunarteko giroa zegoen, familiartekoa, mundu guztiak elkar agurtzen zuen… Eta horrek badu zeresan berezia. Iruñea euskalduna hor zegoen». Gauak gertaera itxura zuela azaldu du Zuñigak. Lagun eta senide asko egoteaz gain, bertaratu zen beste jende batek ez zuen elkarren berri. Eta horri ere ikusi dio azpimarratzekorik: «Etengabe harritzen gaitu Iruñea honek; uste dugu euskaldun gutxi garela eta bat-batean hortxe ikusten duzu errealitatea, ezagutzen ez dugun jende askok kultur ekitaldietan parte hartzen duela, euskaraz antolatzen diren gauzetan, alegia».

Publikoaren aldarteak beti baldintzatzen du emanaldi baten arrakasta. Zalantzarik ez dago. Baina “Nor naizen baneki”-ren kasuan, obraren formak eta edukiak berak asko eskertu zuten Gaiarre bezalako antzoki bat. Diazek solaskideen artetik begirada altxatu eta plazarantz egin du keinu: «Obraren hasierako premisa da eraistear dagoen antzoki batean indusketa arkeologiko bat egingo dela eta hortaz gure Iruñeko antzoki maitatu honetan emateak badu bere xarma». Beltzuntzekoak gogora ekarri du Iruñean izan direla monumentalak edo hiriarentzako garrantzitsuak izan diren hainbat leku ostera eraitsiak izan direnak. Gaztelu plaza eta Gaiarre adibide onak dira. Hortaz, bertan antzeztean «erresonantzia batzuk ere egon daitezke ildo horretan, gertutasunagatik. Halako toki bat gure jolasgune bihurtzea polita izan zen».

Hiru elkarrizketatuak oholtza gainean. Jantziez gain, historian zeharreko jauziak irudikatzeko argiteriak berebiziko funtzioa du. Ainhoa Resano

Obra oholtzaratu egiten dela esatea motz gelditzea da. Dinamismo handiko antzezlana da, oholtzatik harago doan espazioa ere hartzen baitu. «Antzoki bakoitzak gauza ezberdinak eskaintzen dizkizu» azaldu du Zuñigak. «Polita da nola inbaditzen dugun ikuskizunarekin antzokia bera fisikoki. Egiazki Gaiarrek aukera asko eman zizkigun jokorako». 1931n Gaztelu plaza hegoalderantz zabaldu eta Karlos III.a hiribidea sortu zenean eraitsi eta mugitu zuten Gaiarre antzokia. Fatxada egungo kokalekura mugitu zuten eta antzoki berriak 1932ko maiatzaren 3an zabaldu zituen ateak. Eraiste eta berreraikitze baten istorioa ere bada beraz Gaiarre antzokiarena. Harrizko pareta potolo horien artean pilatutako edertasunak sortzen dion harrotasuna ezin izan du ezkutatu Zuñigak: «Euskal Herrian dugun antzoki hoberenetarikoa da. Akustika ederra duelako eta ikusteko ere oso-oso atsegina delako. Ez da sobera handia, baina handia da aldi berean. Horrek guztiak asko lagundu zigun eta gure energia guztia jarri genuen hor».

Euskaraz baino, euskaratik pentsatutako eta egindako obra da “Nor naizen baneki”. Gaiarre antzokiko kasuan gainidatziak erabiltzeko aukera izaten da euskara eta bestelako hizkuntzetako obren kasuan, eta horien aldeko hautua egin zuen konpainiak. «Uste dut beldurra diogula euskararekin beste eremu batzuetara heltzeari. Euskaldun oso ez diren horientzat, euskara ikasten ari diren horientzat edo euskararen gure unibertsora gerturatu nahi duten horientzat aukera bat dela iruditzen zait. Erakusteko euskaraz zer gertatzen ari den eta euskaratik zer ematen ari garen». Gure herriaren ajeak gogora ekarri ditu Zuñigak. «Mundu osoan zehar ikusten ditugu operak italieraz, gainidatziekin, ikusten ditugu baita pelikulak ere... Euskarak konkistatu dezakeen beste eremu bat da».

ERREPIKAREN GOZAMENA

50 emanaldi osatu dituzte orain arte; Iruñekoa 45.a izan zen. Baina Euskal Herriko hiri eta herriak bisitatzeko asmotan jarraitzen du lantaldeak. «Nekea erlatiboa da. Nik esango nuke zenbat eta emanaldi gehiago pilatu, orduan eta gehiago gozatzen dugula». Bere sentipena izan arren, Tapiak irudipena du lantalde osoak duela aldarte bera. «Denborarekin, bagoaz ulertzen gauza batzuk, bagoaz jolasten eta bagoaz lasaitzen ere bai. Lasaitzen, jokoaren zentzuan».

Argi diseinua David eta Dani Bernues anaia iruindarrena da. Ainhoa Resano

Lantalde handia dago “Nor naizen baneki”-ren atzean. Hogei pertsona baino gehiago egon dira ekoizpenean moduren batean edo bestean parte hartzen. Zuñigak gogora ekarri du zazpi antzezle dituela lanak, eta biran bi teknikari eta ekoizpeneko kideak ere haiekin batera doazela. «Jende asko ari gara proiektu hau bultzatzen eta ospatzekoa da hainbeste plazaz plaza hainbat euskaldun biltzea herri bakoitzean. Askotan mintzo gara euskal kulturgintzak behar duen bulkadaz eta behar duen erronkaz eta uste dut kasu honetan publikoa erantzuten ari dela. Eskertzekoa eta ospatzekoa iruditzen zait».

Antzerki baten biran, neke fisikoaz gain, neke mentalak pisu handia du. Baina badirudi lantaldea bidearen gozagarria dastatzen ari dela oraindik. «Polita da hainbestetan errepikatzeko aukera izatea, eta, hala ere, ederra da errepikatzeak ez duela erronka txikitzen» azaldu du Diazek. «Egunero dakargu erronka berriren bat: ez suertatzea mekanikoa, inpultsu berriak asmatzea aktore lanetik, espazio bakoitzak zer ematen digun ikustea...».

GALDERA BAT

Artedramak galdera bat planteatzen dio publikoari, eta galdera bera egin die 7K-k hiru aktoreei. Zehazki, hainbeste emanaldi bizkar gainean, nor diren jakitetik gertuago egotera iritsi ote diren. Galdera, bistan da, zaila da erantzuten, baina askotan helmuga baino garrantzitsuagoa da bidea. «Obra honekin niri gertatzen ari zait kontu berezi bat: nahiz eta jakin badakigun nonbaitetik gatozela, historia bat dugula eta euskaldun historia hau oso presente dugula, hala ere, halako enpatizatze ariketa handi bat egiten ari naizela. Niretzako antzerkia ere hori da, enpatizatzeko tresna bat». Emanaldietan zehar kontatzen diren hainbat gauzarekin asko hunkitzen ari dela dio Tapiak, eta azaldu du egia dela pertsonaiaren arabera enpatizatze hori ariketa sakonagoa edo azalekoagoa izan daitekeela. Kasu honetan erraietaraino iristen ari zaio. «Nahiz eta ez ditudan bizi pertsonaia horrek bizi izan dituen kalamitateak, tortura edo presondegian egotea adibidez, jokatzen nagoenean momentu batzuetan benetako arrangura sortzen zait. Eta nik uste dut hor zerbait dagoela. Zerbait iragan horrekin konektatzen nauena». Lotura horren alderdi kolektiboa eta historikoa azpimarratu du: «Ni ere iragan horren ondorioa naiz, iragan baten ondorio bat». Eta enpatizatzearen alderdi emozionalaz gain, fisikoa ere aipatu du. «Bat-batean antzezten nagoenean halako lotura bat sortzen zait iraganarekin, adibidez, Inkisizio garaian edo tortura eszenetan. Nik ez dut horrelako ezer bizi izan inoiz, baina zerbaitek oso modu fisikoan lotzen nau. Esango nuke horrek ere baduela lotura nor naizen eta nondik natorren ulertzearekin. Ni ez naizela bakarrik ni; baizik eta inguratzen nauen jende asko eta istorio asko».

Maialen Diaz. Iñigo Uriz | FOKU

Identitateen konplexutasunari erreparatu dio Diazek; egun, «deskubritu beharreko harribitxi trinko bat» balira bezala ulertzen ditugula azaldu du. Kontrakoa dela deritzo baina, gizakia aldakorra dela eta polifazetikoa. «Ez dakit jakingo nukeen esaten nor naizen, baina bai, ordea, zein materialez eginda nagoen». Indusketa bat du abiapuntu antzezlanak, eta geruzaz geruza agertzen diren elementuek hausnarketarako bidea zabaltzen diote publikoari. «Badira hari batzuk obra zeharkatu egiten dutenak eta niri erresonantzia egiten didatenak, Idoiak aipatu bezala, eta laguntzen dutenak ulertzen gertakari historikoek nolabaiteko aztarna utzi dutela. Gertakari historikoek, familiarrek...» Gaur egun identitatearen inguruan eraikitzen diren diskurtsoen izaera ere salatu du Diazek: «Iruditzen zait gaur egun oso diskurtso terapeutikoetan bizi garela, identitatea oso modu indibidualistan ulertzen dugula, norberak eraiki beharreko zerbait bezala, borondatean soilik oinarritzen dena». Inguruak egin egiten gaituela gogorarazi du aktoreak: «Egun sareetan halako mezu positiboak jasotzen dituzu, zuk zeure burua eraiki eta zure identitatea osatu dezakezulako ideiak indartzeko. Baina, esaterako, hainbat zapalkuntza jasan badituzu, akaso ez da horren erraza izango». Antzezlanak auzi hori modu finean jorratzen duela dio, eta kontraesanak agerian jarri.

Obran euskal historiaren errepaso bat egiten da, baina aldi berean gatazka pertsonalen edo familiarren traumen bitartez transmisioan egon daitezkeen etenak edo hutsuneak ere azaleratzen dira. Jakina da historia garaileek -kasu honetan, Markok- idazten dutela, baina egiten al dugu hutsik gure historia propioa kontatzerakoan? «Herri zapaldua izanik ere, zapaltzaileak ere izan gara. Garratza da, eta egia aldi berean. Gaur egun Euskal Herritik armak esportatzen dira. Adibide bat da». Halako paradoxetan murgiltzea eta «identitate kulturala modu monolitikoan ez ulertzea oso interesgarria dela» argudiatu du Diazek.

Baldintzazko galdera gisa dago formulatua obraren izenburua. Eta baldintzazko horretan dagoela gakoa deritzo Zuñigak. «Askotan uste dugu gure historia bakarra eta trinkoa izan dela. Eta ez da. Ez gara puruak, ez gara RH negatibo soilak, nahasketa bat gara, odolak nahasten dira, lurrak nahasten dira, zapaltzera etorri direnak bilakatzen dira zapalduak edo nahasten dira zapalduekin...». Historiazalea da Zuñiga eta Euskal Herriaren ingurukoa irakurtzea oso gustuko duela aitortu du. Baina, aldi berean, bere ustez ez dugu gure askatasun nahia arrazoitzeko aitzakiarik bilatu behar. Eta Joxe Azurmendi ekarri du gogora. «Hark esan zuen independentzia nahi dugula independentzia nahi dugulako. Ez dugu beste heldulekurik behar. Eta uste dut obrak hori ere mahai gainean jartzen duela. Hori guztia gertatu zaigu, hori guztia eragin dugu eta eragiten dugu, baina berdin-berdin dugu aske izateko eskubidea».

Oier Zuñiga. Iñigo Uriz | FOKU

HARROTASUNEZ ETA EZ HARROKERIAZ

Irulegiko eskuaren aurkikuntza obraren pizgarrietako bat zen. Aurkikuntzaren bueltan sortutako «mozkorraldia» edota «harrotasunak» sortutako hausnarketek ere blaitzen dute lana. «Egia da gure herriaren historian eta bereziki azken hamarkadetan harrotasun sentsazio edo mota bat eraiki behar izan dugula, ziurrenik, bizirik irauteko». Bizipen horien eragin sozialaz ere hausnartu du Zuñigak: «Horren seme-alabak bagara, gu ere bai, antzezten ari garenok». Erreminta oso positiboa izan dela onartu arren, aitortu du azken 10-15 urteetan harrotasunaren apaltze bat egon dela. «Eta ez dut uste harrokeria izan behar duenik, baina iruditzen zait nabarmendu behar dugula gure herriak, gure komunitateak eta gure hizkuntzaren bueltan daukagun unibertsoak zer ekartzen digun». Eta egin du ñabardura: «Harrokeriarik gabe eta harro. Berreskuratu behar dugu Laba bezalako leku txikietan, espazio ertainetan, antzokietan... euskaratik eta euskaraz egiten ari garen lan hori guztia. Bisitatu, komentatu, ados egon, ez egon, eztabaidatu... Badugu berriz ere aterkia itxi eta eguzkia hartzeko momentua». Diazek zera gehitu dio: «Harro egoteak ez du esan nahi dena ongi egin dugula, baizik eta esatea hor badagoela nolabaiteko saiakera kolektiboa, elkarrekin bizitzeko modu berriak asmatu nahian».

Kritikak bezainbesteko lekua du zalantzak. Eta, Tapiak nabarmendu duenez, galderak planteatu eta ikusleak erantzutearen dinamika da obraren dohaina. «Historia liburu batek ez du horrela egiten. Errelato bat kontatzen du. Baina antzerkiak ikusleari kritikoa izateko aukera eskaintzen dio, galderak egiteko edota ikusten duena zalantzan jartzeko». Ximun Fuchsen eta Harkaitz Canoren lana izan da hori; haiena da testua. «Pertsonaiek bizi dituzten paradoxak» dira bitartekoa Diazen ustetan: «Batzuetan gauza bat egin nahi dugu eta bestea egin behar dugu. Historia gorpuztuak bere berezitasun propioa du, grisak ikusteko aukera ematen baitigu».

TESTUA, DRAMATURGIA ETA LIRIKA

Gidoi luze eta mardula du “Nor naizen baneki”-k, baina testuaz gain, kantua ere badu. Eta funtzio ornamentala izatetik urrun, istorioa kontatzeko elementu bat gehiago bihurtzen da. «Gidoian kantuak idatziak zeuden, baina doinurik gabe. Hori guk egin beharreko lan bat zen. Eta beste batzuk euskal kantugintzako abestiak dira» azaldu du Tapiak. «Ximunek bazuen intuizioa, adibidez, sorginaren pertsonaiak, korifeo edo koruaren gidari lanak egiten dituenak, jotatik gertu egon behar zuela, erraietatik ateratzen den oihu antzeko zerbait izateko». Probak egin eta doinuak aukeratu zituztenean talde osoak kantatzeko «potentziala» zuela konturatu ziren. Eta une horretan jo zuten Garazi Navasengana. Hiru aktoreek nabarmendu dute haren lana, kantuei alderdi dramaturgikoa ekarri baitie. «Kantuek arnasgune emozional bat ematen diote antzezlanari. Gauza asko gertatzen dira eta kantuek elaboratzeko tarte bat ematen dute, ez hainbeste ideietatik, baizik eta emozio hutsetik», nabarmendu du Diazek. Navas taldeak berezkoa zuen birtuosismotik apur bat aldendu eta beste kolore bat, zaurgarriagoa, atera die aktoreen ahotsei. «Gure herriak kantugintzarekin duen loturan eta kantugintzak emozioekin ematen digun harreman horretan, askotan perfekzioa bilatzen da. Eta, aldiz, gero, kalean gure egunerokoan, kantari batek zaurgarritasun horretan emozionatzen gaitu. Edo sanferminetako izkina batean norbaitek ahots urratuarekin botatzen duen jotak» azaldu du Zuñigak.

Exijentzia handiko lana da obra. 130 minutuko iraupena du. Testu asko, abestiak, eta hori gutxi balitz, guztira 54 jantzi aldaketa. «Formula 1eko teknikariak garela dirudi. Bi torloju sartu eta aurrera! Koreografia bat da. Beste bat», dio Diazek. Ongi daki hori berak, hark egiten baititu jantzi aldaketa gehienak. Ikerne Gimenezena da jantzien proposamena eta diseinua. 2.000 urteko tartean atzera eta aurrera salto mordoa dago. Horren aurrean, Gimenezek proposamena garaia nabarmentzearen funtzioa pertsonaia bakarrak izatea izan zen. Beste aktoreek elementu txikiagoekin desberdintzen dituzte garai eta rolak. «Sinesten duzu, eta hori da antzerkiaren magia. Gutako batek akaso txapel bat besterik ez du jantzita, baina garai napoleonikoko jantziak soinean dituela dago ondoan Maialen. Pintura koadro batean bezala da eta ildo horretan oso inteligentea iruditzen zait». Aldaketak, baina, oso azkarrak dira, eta, beraz, lantaldearen sinbiosia eskatzen du. «Zuk badakizu nik mugimendu hau egin behar dudala zuk besoa atera ahal izateko eta orduan kentzen duzu peluka...», kontatu du Tapiak. Talde lanaren beste adibide bat.

Idoia Tapia. Iñigo Uriz | FOKU

SUPER EZ DA MAKRO

Argiek eta soinuak ere laguntzen dute sinesgarritasunean. Apustu berezia egin dute Artedrama eta Axut!-ekoek, kasu honetan ere, zaila baitzen garai desberdinak irudikatzea eszenografia bakarrean. Zuñigak azaldutako moduan, Fuchsek hasieratik zuen espazio huts bat sortu eta argiek eraikitzearen ideia. David eta Dani Bernues anaien lana da argiztapen diseinua, «iruindarrak hauek ere bai», azpimarratu du Zuñigak. Laser argi mugikorrekin eta oholtzaren gainazalean argiekin marraztutako karratuekin bilatu dute formula. Soila, baina eraginkorra. Antzokiaren dimentsio eta beharren arabera proposamena moldatu egiten dela azaldu du Zuñigak, baina balioa aldatu gabe: «Ederra da ikustea nola argiekin bakarrik muntatzen ahal ditugun espazio antzekoak Gaiarren edo Leitzako herri aretoan, eta istorioak kontatzen ahal ditugun modu oso berdintsuan». Acrónicako kideak ere presente egon ziren testuaren irakurketa garaian. Horrek akaso markatu du diferentzia. «Batzuetan jendeak ezin du sortze prozesuetan egon. Hasieratik egin zen apustua eta horrek ekarri du proposamena oso konpaktua izatea», azaldu du Diazek.

Soinu diseinuarekin norabide berean egin dute lan. Musika Xabier Erkiziarena da (nafarra bera ere) eta soinu diseinua Philou Barandiaranek sortu du. «Etengabe dago hor soinua. Une gutxi daude isiltasun absolutuarekin». Oso lagungarria dela deritzo Tapiak. Argien fokuak ere sonorizatu dituzte, bertako hotsa anplifikatu eta baliatzeko. «Antzokia entzuten dugu». Zuñigak argia eta soinua aktore bi gehiago direla nabarmendu du. «Indusketa batean bezala, geruza askoren gehikuntza da gure antzezlana».

Nafarrak ala ez, izen-abizen zerrenda luzea dago “Nor naizen baneki” antzezlanaren atzean. «Nire ustez super hitzak dirudi makro. Eta ez da makro. Benetan kondizio duinetan lan egiteko talde duin bat da duguna. Ez luke salbuespena izan behar, baina bada», dio Zuñigak. Antzerki munduan halako neurriko ekoizpen batek oraindik ere arreta ematen duela azaldu du, baina «ohikoa izatea nahiko genuke». Udako geldialdiaren ostean urriaren 3an itzuliko dira oholtzetara, Durangon. Abenduaren 13an Iruritan egingo dute momentuz azken emanaldia izango dena, baina badira oraindik konfirmatzeko diren datak. Luze jarraituko dute oraindik ere Euskal Herriaren eta euskal herritarron barrenak induskatzen.

Tapia eta Diaz «Nor naizen baneki» antzezlanaren une batean. Ainhoa Resano