Abanikoa
Nik ere abaniko bat daramat poltsan. Orain ia beti. Uda honetako objektua dela esatera ausartuko naiz, inguruan asko eta askotarikoak ikusi ditudalako. Eta dena hain superteknologikoa den garaiotan, poz txiki bat ematen dit hain gauza oinarrizkoak puntako erabilgarritasuna daukala ikusteak. Pilarik eta bateriarik gabe.
Gure haur memorian abanikoa baserrira etortzen zen urruneko senide bat da. Ilea gehiegi kardatutako andre bat, perfume usain sarkorra zeukana eta muxuak lapurtzen zizkiguna, masailetatik tira eginez. Hark beti abaniko bat erabiltzen zuen, elegantea, eta iruditzen zitzaigun bere klasea haizatzeko modua ere bazela. Izan ere, jatorrian, abanikoa klase aberatsekin lotuta dago, eta emakumeekin.
Historialariek antzinatik dokumentatu dituzte haizatzeko tresnak. Egiptoarrek, babiloniarrek, persiarrek, greziarrek eta erromatarrek horrelako objektuak erabiltzen omen zituzten luxuzko elementu gisa klase aberatsenentzat bakarrik. Haizemaile horietako batzuk oso handiak izan zitezkeen. Koloretako ostruken lumez eta makila luze batez eraikiak zeuden, eta zerbitzariek maneiatzen zituzten, bai udako egun beroetan ugazabei haizea emateko, baita eltxoak uxatzeko ere. Alegia, lehen abaniko horiek erregetza eta nobleziarako gordeak zeudela eta estatusa adierazteko modua zirela. Eta esklabotza.
Denborarekin txikitzen eta biltzeko modukoak egiten joan ziren, erabilgarriak izateko. Baina klase aberatsetako emakumeen eskuetan ikusi izan dira abanikoak mendeetan. Hori da historia ofizialak kontatzen duena. Beti bezala, hortik kanpoko istorioak ez zaizkigu garbi iritsi. Baina seguru naiz emakume pobreek ere izango zituztela beren asmakizunak beroa eta eltxoak uxatzeko.
Kontua da abanikoak, elitearen modako osagai izateaz gain, emakumeen eta gizonen arteko komunikazio tresna ere bazirela. XIX. eta XX. mendeko emakumeek disimuluan erabiltzen zuten begira zegoenari mezuak helarazteko; abanikoa nola mugitzen zen, gauza bat edo bestea esaten zen. Adibidez, mantso mugitzeak «utzi bakean, ez dut zugan interesik» esan nahi zuen. Azkar mugitzeak eta haizearekin ilea mugitzeak, «ezin zaitut burutik kendu». Garbi dagoena da uda honetan abanikoa gogoz astindu duten guztiek beroa ezin zutela gainetik kendu. Ez zegoen mezu ezkuturik.
Badaezpada diot. Izan ere, orain saiatzen gara baietz eta ezetz ahots goraz esaten, baina jaietako sexu erasoak ikusita, gizonezko batzuek itsu eta gor izaten segitzea erabaki dute nonbait.





