Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
ZINEMA

Engainuaren anatomia

«La superviviente», Kike Maillok zuzendutako dokumental luzea da, eta irailaren hasieran estreinatuko da zinema aretoetan.
«La superviviente», Kike Maillok zuzendutako dokumental luzea da, eta irailaren hasieran estreinatuko da zinema aretoetan. (Carlos Alvarez | Getty Images)

Irailarekin batera iritsiko dira zinema-jaialdiak, sarien denboraldia eta urteko filmik entzutetsuenetako asko. Zoritxarrez, filmen eta telesailen etengabeko oldearen artean, dokumentalak sarritan oharkabean igarotzen dira. Ikasturte hasieran estreinatuko den lan batek, ordea, ikusmin handia piztu du: Kike Maillo zinemagilearen “La superviviente”. Markos Goikolea gidoilari euskaldunak idatzitako gidoian oinarrituta, irailaren 8an estreinatuko da 3CAT katean, eta irailaren 11tik aurrera Filminen ere ikusgai izango da.

Dokumentalak Tania Headen istorioa du ardatz. Urte luzez, 2001eko irailaren 11ko atentatuetan, New Yorkeko World Trade Centerreko Dorre Bikietatik bizirik atera zirenen ahotsik ezagunenetako bat izan zen.

Bere esanetan, bigarren hegazkinak jo zuen dorreko goiko solairuetatik bizirik ateratzea lortu zuen pertsona bakarra izan zen. Gainera, bere gainditze-istorioak World Trade Centerreko Bizirik Atera Zirenen Elkarteko presidente izatera eraman zuen. Bere biziraupenaren kontakizunak eta atentatu haietan bertan Dave senargaia galdu izanaren tragediak mundu osoko hedabideen arreta bereganatu zuten, eta milioika pertsona hunkitu zituzten.

Baina denborarekin, bere kontakizunaren inguruko lehen zalantzak agertzen hasi ziren. Ondorengo ikerketek agerian utzi zuten irailaren 11ko atentatuekin lotutako iruzurrik harrigarrienetako baten aurrean geundela: xehetasun handiz eraikitako gezur bat, urte luzez iritzi publikoaren zati handi batek egiazkotzat jo zuena.

“La superviviente” lanak ez du iruzurra bera bakarrik kontatuko; memoriaren, identitatearen eta kontakizunek -egiazkoak izan ala ez- gure errealitatea eraikitzeko duten boterearen inguruko gogoeta ere proposatzen du.

Gezurti eta iruzurgileei buruzko dokumental gogoangarri ugari egin dira azken hamarkadetan. Kike Maillok berak, esaterako, 2022an “Oswald: El falsificador” zuzendu zuen. Lan horretan Oswald Aulestia Bach margolari katalanaren bizitza jorratzen du; Estatu Batuetako Justiziak urte luzez jazarri zuen, “Artista Operazioa” izeneko ikerketaren ardatzetako bat izan baitzen.

Klasikoen artean, ezin aipatu gabe utzi Orson Wellesen “F for Fake“ (1973), akaso engainuari eta iruzurrari buruz inoiz egin den dokumentalik bikainena.

Hor daude, halaber, “The Imposter” (2012), Frederic Bourdin frantziarraren istorio sinestezina kontatzen duena; edo “Three Identical Strangers” (2018), jaiotzean banandutako hiru anaia bikiren istorio harrigarritik abiatuta XX. mendeko esperimentu eta engainu zientifiko ilunenetako bat azaleratzen duena.

Zerrenda osatzeko, guztiz gomendagarriak dira “Enron” (2005), “Tickled” (2016), “The Inventor: Out for Blood in Silicon Valley” (2019) eta “The Tinder Swindler” (2022) ere.

Nola bihurtzen da gezur bat egia? Galdera horri erantzuten saiatzen dira dokumental horiek guztiak.