Mina
Nola neurtzen da mina? Nork daki esaten min bat bestea baino handiagoa den? Batzuek minetan minena sentitzen dute beti. Beste batzuek badakite mina jasaten. Argi daukat, baina, mina ezin dela gutxietsi. Txikitan zauri bat egiten nuenean «hori ez da ezer» esaten zidaten eta amorrua ematen zidan nik sentitzen nuen hori aintzat ez hartzeak. Agian horregatik, nire semeak min hartzen duenean neuri ere egiten dit min.
Ikusten diren minak daude eta ikusten ez direnak ere bai. Hezur bat apurtzeak mina ematen du, depresioak ere bai. Egoeraren araberakoa ere izan daiteke mina. Jendearen aurrean eskaileretatik erori eta min hartzean, disimulatzen saiatzen gara. Etxean labanarekin ebaki txiki bat egiterakoan, ostera, garrasika hasten gara. Eta aldarteak ere eragiten du. Zoriontsu eta baikor gaudenean, mina hobeto eramaten dugu. Triste eta ezkor gaudenean, aldiz, mina biderkatu egiten da.
Sarritan pentsatu dut, minaren eskalaren goian dagoela minbizia. Hitzak berak esaten du, min bizia eragiten duela gaixotasun horrek. Dela min fisikoa, dela beldurraren eta antsietatearen mina. Denok izan dugu kasuren bat inguruan eta minbizi hitza entzute hutsak eragiten du mina. Lagun bat hil zitzaidan minbiziak jota. Gazteegi, irribarretsuegi, biziegi. Urteak joan dira, baina mina ez da baretu. Izan ere, min batzuk ez dira tirita batekin konpontzen.
Badaude minik sentitzen ez dutenak. Ezohiko sindromea da, baina ez dute ezer igartzen eskua suaren gainean jartzen dutenean. Ezta apendizitisa dutenean ere. Zortea dutela pentsatuko dute batzuek, baina argi daukat, bizitzaren parte dela mina. Azkenaldian min asko sentitu dut, nahiz eta ingurukoek ez duten igarri. Irribarre behartu baten eta aurpegi makillatu baten atzean ezkutatu dut, baina horrek ez du esan nahi min txikiagoa izan denik. Izan ere, mina mina da beti.




